Atzealdea

“Foru arau berria ardura politikoaren ondorioa da”

Foto “Foru arau berria ardura politikoaren ondorioa da”

“Foru arau berria ardura politikoaren ondorioa da”

Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio astunari kobratzeko sistema bermatu nahi du N-I/A-15 ardatzean

“Foru arau berria ardura politikoaren ondorioa da”

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean aurkeztu du Foru Arauaren proiektua, zeinaren bidez arautzen baita salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunentzako kanona, Gipuzkoan gaitasun handiko A-15 eta N-I errepideetako zati jakin batzuk erabiltzeagatik. Berak eskatuta egindako agerraldian, diputatuak azpimarratu nahi izan du ezen, foru arau berri hau baino beste tresnarik ez dutela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek, AT sistemaren jarraitutasuna bermatzeko. “Foru arau berria ardura politikoaren ondorioa da, zeren eta, ez dakigu errekurtsoaren erresoluzioa noiz aterako den eta nolakoa izango den, eta horregatik kanona kobratuko dela ziurtatuko duen Foru Arau berri bat legealdi honetan onartzearen beharra ikusten dugu”. Badago plangintza bat, aurrera eraman behar duguna; Batzar Nagusietan erabaki zen bidesarien bitartez, N-I eta A-15 errepideetako zati batzuk mantendu eta hobetuko direla, justiziak esaten duen erabileragatik ordaintzea aplikatuz. Ordainsari sistema hau martxan jarri zenetik ez gara gipuzkoarrak soilik errepide hauek mantentzen ditugunak, lehendabiziko aldiz erabiltzaile guztiek ordaintzen dute. Aldundi bezala gure erantzukizuna da agindu hori beteko dela bermatuko duen eta gure eskuetan dugun erraminta bakarra proposatzea: Foru Arau berri bat”.

Oraingo sistema deuseztatzen duen epaiak ondorioztatzen zuenez, eta sistema hori indarrean dago epaia irmoa ez den bitartean, AT sistemak lurraldetik kanpoko garraiolariak zigortzen ditu, horiek egiten baitute ibilbiderik luzeena, eta gipuzkoarren alde egiten du, gehienbat lurraldearen barruan mugitzen baitira eta Andoaingo tarifa bakarrik ordaintzen baitute. 

Aintzane Oiarbidek azpimarratu du ezen, nahiz eta epaiarekin “bat ez etorri, ezin da saihestu“, eta horregatik prestatu da foru arau berri hau, Batzar Nagusietan izapidetzen hasten dena eta urte amaieran onartzea aurreikusten dena. “Gure ustez, AT sistema, ez da diskriminatzailea. Orain, gainera, baditugu datu errealak, hori baieztatzen dutenak.   Andoaingo arkupetik bakarrik igarotzen diren garraiolarien % 72 ez dira Gipuzkoakoak, sententziak esaten duena ezeztatuz”, esan du diputatuak, eta gehitu du kamioi horiek iristen direla batez ere Nafarroako A-15 autobiatik edo Beasain-Bergara autobiatik edo AP-8 autobidetik, Zarauztik.  Trafiko mistoari dagokionez, hau da, Gipuzkoan sartzen edo Gipuzkoatik ateratzen denari dagokionez, % 18 gipuzkoarra da. “Datu erreal horiek gezurtatu egiten dituzte Epaian egiazkotzat jotako suposizioak“, azpimarratu du Bide Azpiegituretako diputatuak.

Foru arau berriaren berrikuntzarik handiena da luzatu egiten dela Andoaingo arkupeak kobratzen duen tarteko zatia, 5,37 kilometrora luzatu ere. Beste aldaketa bat da Irungo arkupearen kokalekua, baliogabetu egingo baita, eta arkupe berri bat altxatuko baita Astigarragan, 3,19 kilometrora murrizten den zati berri bat kobratzeko. 

Foru arau berriak kanona kobratuko den zatiak aldatzen ditu, eta ahaleginak egiten ditu egon daitekeen diskriminazioari buruzko edozein interpretazio saihesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 119/2018 Epaiari jaramon eginda. “Kamioientzako AT sistema, gelditzeko iritsi da. Europako direktibari jarraitzen diogu, agintzen baitu ordaindu egin behar dela Europaz gaindiko ardatzak erabiltzeagatik. Arduraz jokatzen ari gara, eta legealdi honetan garbituta utzi nahi dugu” adierazi du bukaeran Bide Azpiegituretako diputatuak.