Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Gipuzkoa berdinago’ adierazpena sinatu dute 18 eragilek

‘Gipuzkoa berdinago’ adierazpena sinatu dute 18 eragilek

Gipuzkoako erakunde eta eragile nagusiek jendaurrean euskararen erabilera bultzatzeko jokabidea adostu dute

Gipuzkoa berdinago adierazpena sinatu dute 18 eragilek

Gipuzkoa berdinago egitasmoaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Gipuzkoako Foru Aldundian lurraldean erreferentzia diren 18 erakunde, elkarte eta enpresek, azken sei hilabeteetan elkarlanean egindako lanaren ondoren. Lankidetzan egindako bidearen ondoren, jendaurrean euskararen erabilera bultzatzeko jokabidea jasotzen duen adierazpena adostu dute, zeinetan hizkuntzen arteko “bizikidetza orekatuagoa” bilatzen den.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren gidaritzapean, bilera egin dute prozesu honetan parte hartu duten eragileetako lehen mailako ordezkariek –Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Foru Aldundia bera–. Batzarrean izenpetu dute Gipuzkoa berdinago: jendaurreko hizkuntza jokabide orekatuago baten aldeko adierazpena. Sinatzaileek, lurraldean duten “erreferentzialtasunetik”, euskararen aldeko “jokabide aktibo bat” mantentzeko konpromisoa berretsi eta horretarako neurri multzoa adostu dute.

Joan den apirilean abiatu zuten lurraldeko hainbat eragile eta enpresek, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Gipuzkoa berdinago egitasmoa, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik  jendaurrean komunikatzeko garaian eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostu asmoz. Hots, erakunde guztientzako erreferentziazkoa izango den hizkuntza erabilera portaera batzuk eraikitzea izan dute xede azken hilabeteotan garatutako lan saioetan.

 

Soziolinguistika Klusterrak bideratu du teknikoki gaur aurkeztu den adierazpena adosteko prozesua. Izan ere, Jendaurrean Erabili proiektuan eta Eralan ikerketan azken urteetan pilatutako ezagutza eta erreferentziak baliatu dira, erakunde parte-hartzaileek hizkuntzen kudeaketan dituzten erronka nagusiak identifikatu eta hauek elkarrekin gainditzeko urratsetara heldu arte. Gaurko adierazpenarekin, Gipuzkoak bere ekarpena egingo dio Soziolinguistika Klusterrak dinamizatzen duen Jendaurrean erabili proiektuari, zeinek helburutzat baitu erakunde eta enpresen jendaurreko euskarazko komunikazioan laguntzeko baliabideak eskaintzea.

 

Sinaduraren ondoren Foru Aldundiko ohorezko sarreran egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak adierazi du gizarte, genero eta hizkuntza ezberdintasunak ahalik eta gehien murrizteko ahaleginean buru-belarri lanean ari dela Gipuzkoako Foru Aldundia. “Bi hizkuntza ofizial ditugu lurraldean, baina bistakoa da bien erabilera ez dela orekatua. Esparru batzuetan euskararen presentzia oraindik txikia da, nahiz urratsak egiten ari garen. Herritarrari bermatu nahi diogu bi hizkuntza ofizialetatik nahi duenean jarduteko askatasuna, baina gaur gaurkoz errealitateak erakusten du aukera hobeak –eta errazagoak–  daudela gaztelaniaz”, gogoeta egin du Olanok.

 

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak azaldu duenez, aukera berdintasuna sustatzeko, “ezinbestekoak dira jarrera orekatzaileak, hau da, euskaraz gehiago edo bakarrik egingo duten iturri eta bide berriak zabaltzea”. Bere esanetan, gainera, “iturri horien eragina biderkatu egiten da gizartean prestigioa duten erakunde erreferente edo liderretan badute sorburua”.

 

Gogoeta hori abiapuntutzat hartuta, Gipuzkoa berdinago adierazpenak “euskarari lehentasuna ematen dion jokamolde orekatzailea” proposatzen du. Sinatzaileek, “orain arte hizkuntza jokabide ezberdinak” izan dituztela aitortzen badute ere, “hizkuntza berdintasunaren alde elkarrekin egiteko urratsak” gauzatuko dituzte. Jokabide partekatu horiek gidatzeko jokabidea adostu dute, bide horretan, hizkuntza irizpideak finkatu eta barneratzeko; hizkuntza trebakuntza bultzatzeko; hedabideekin harremanak bideratzeko, hizkuntzen arteko oreka indartzeko eta jendaurreko ekitaldiak antolatzeko garaian.

 

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, eremu horietako bakoitzean adostutako jokabideen jarraipena egiteko lankidetzari eutsiko diote eta, gainera, prozesu honekin bat egin nahi duen eragile, enpresa eta eragileei zabalik jarraituko dute.

 

Aurkezpenean, diputatu nagusiaz gain, Real Sociedad taldeko lehendakari Jokin Aperribayk eta Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñakobak hartu dute hitza. 

  

1455