“GIPUZKOA, KLIMAREN ALDE” JARDUNALDIAK KLIMA ALDAKETAREN INPAKTUA AZTERTUKO DU
“GIPUZKOA, KLIMAREN ALDE” JARDUNALDIAK KLIMA ALDAKETAREN INPAKTUA AZTERTUKO DU
José Ignacio Asensio: “Klima aldaketari egokitzeko dugun gaitasunak erabakiko du, neurri handi batean, Gipuzkoako ekonomiaren etorkizuna”.
Urriaren 24an Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Naturklima–Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak, lankide duela Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua, elkarrengana bilduko ditu ekonomiako zenbait aditu, meteorologo eta zientzialari, «Gipuzkoa, klimaren alde» izeneko jardunaldian.
Naturklimak, helburutzat baitauka laguntzea Gipuzkoa Klima 2050 (GK 2050) Klima Aldaketaren Aurkako Gipuzkoako Estrategia garatzen eta betetzen, Gipuzkoako gizarteari helarazi nahi dizkio fenomeno horren gakoak, hobeto uker ditzan, eta baterako ekintza bat egin dezaten fenomenoari aurre egiteko eta berari egokitzeko. Alde horretatik, Fundazioko zuzendari Itziar Eizagirrek adierazi duenez, “informazioa eta kontzientziazioa giltzarri dira Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko estrategiak ezartzeko”.
Bestalde, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu du zer garrantzitsua den klimaren fenomenoa, eta ekonomian duen inpaktua. “Klima aldaketari egokitzeko dugun gaitasunak erabakiko du, neurri handi batean, Gipuzkoako ekonomiaren etorkizuna”. “Gipuzkoako gizarteak erronka handi bati aurre egin beharko dio, eta irtenbideak antolatzerakoan badago aukerarik aberastasuna eta enplegua sortzeko. Gipuzkoak baditu ezagutza, enpresak eta ekintzailetzarako gaitasuna, eta badugu aukera bat ekonomia berde bat garatzeko, 10.000 enpleguraino iritsiko dena, sektore horretan, 2030. urterako.
Topaketa, Donostiako Aquariumean izango baita, asteazkenean hasiko da, urriak 23, arratseko 19:00etan, “Klima aldaketaren gakoak” izeneko hitzaldiarekin. zeinaren helburua izango baita gehixeago partekatzea eta ulertzea zein momentutan gauden eta zein diren klima prozesuak bizkortzen dituzten faktore nagusiak; zer egin dezakegun klima aldaketak izan ditzakeen inpaktuei aurre egiteko eta egokitzeko. Orobat, hausnarketa bat egingo da kontzientziazioaren garrantziaz, oinarrizkoa baita prebentzioko eta egokitzapeneko estrategiak abiarazteko. Lehen saio horretan, goi mailako hiru adituk parte hartuko dute: alde batetik, Jesús Linares, zientzialaria, Al Gorek klima aldaketaren aurkako enbaxadore global izendatu zuena; bestetik, Jesús Balairon, metereologoa, klima-agertokietan aditua; eta azkenik, Jacob Petrus, metereologoa eta telebistako aurkezlea, Aquí la tierra saioa zuzentzen duena.
Jesús Linaresek, bere mintzaldian, zehatz-mehatz deskribatuko du zer-nolako informazioa eta ezagutza dauzkagun, gaur egun, berotze globalaren gainean, eta zein diren zientzialarien aurreikuspenak, eskura dauden azken datuak emanda. Jesús Balairónek, klima-agertokietan aditua bera, aipagai izango ditu berotze globalak gure ingurunearen gainean duen inpaktua, azken urteotan egiaztatu diren aldaketak, eta epe laburrean eta erdian aurreikustekoak diren ondorioak. Jacob Petrusek, komunikatzaile gisa duen esperientzian oinarrituta, bere mintzaldiaren ardatz hartuko du zein diren biderik eraginkorrenak eta egokienak klima aldaketa komunikatzeko eta gizartea kontzientziatzeko. Lehen hitzaldi horren asmo nagusia dibulgaziozkoa izango da, eta entzule guztiei irekita egongo da.
Ostegunean, berriz, urriak 24, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eginez, “Gipuzkoa, klimaren alde” jardunaldiak kutsu profesionalago bat hartuko du, eta goian aipatutako hizlarietako bi bilduko ditu, Linares eta Balairón, baita ekonomia munduko adituak eta enpresako profesionalak ere. Helburua izango da aztertzea zer eragin daukan klimak enpresetan, eta zer behar dagoen zirkunstantzia berriei egokitzeko, eta ekoizpen prozesu garbiago eta jasangarriagoetarantz aurrera egiteko. Klimaren fenomeno globalak hainbat ondorio dakarzkio herrialde guztietako ekonomiari; beraz, klima aldaketa, dagoeneko, segurtasun eta errentagarritasun faktoretzat jotzen da inbertsioak planteatzeko orduan, baita enpresa pizgarritzat ere karbono maila apalagoko negozio ereduetarantz jotzeko, zeintzuk, aldi berean, aukera bat izan baitaitezke ekintzailetzarako eta garapen profesionalerako.
Bigarren jardunaldi horretan, Linares eta Balairón hizlariek beren ikuspegia eskainiko dute enpresek kontuan hartu behar duten informazioari buruz, agertoki berrira egokituko badira, eta hori egiteko biderik eraginkorrenei buruz. Argo Capital Partners kudeaketa-erakundeko María Garayok azalduko du proiektu jasangarrietan espezializatutako inbertsio funts baten kudeatzaile gisa duen esperientzia. Kutxabankeko Iker Arteagabeitiak azalduko du zer jarrera duen finantza sektoreak klima aldaketatik datozen arrisku berrien aurrean, eta zer joera duen sektore jasangarrietan posizionatzeko, baterago baitatoz berotzetik eta horrek klimaren gainean dituen ondorioetatik datozen araugintza, kultura eta gizarte eskakizunekin. Ondoren, Schaeffer Iberia enpresaren arduradunak parte hartuko dute jardunbide egokien adierazgarria baita, eta aipagai izango dute beren esperientzia eta zer faktorek erabaki zuten posizionatzea jasangarritasuna beren negozio ereduaren erdigune bihur dadin. Jardunaldia amaitzeko, mahai inguru bat egongo da, hizlari guztiekin, non aukera izango duten elkarrekin hitz egiteko eta beren ikuspuntuak azaltzeko.
IZEN EMATEA: info@naturklima.eus / 943 00 50 85
1692