Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoar herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen eta askatasunaren aurkako jarrerarik onartzen”

“Gipuzkoar herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen eta askatasunaren aurkako jarrerarik onartzen”

Gijonen bi emakumek jasandako sexu erasoa gaitzetsi du Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista geldiarazteko politika publikoetan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du

2021/07/26

Aldundi osoaren izenean, joan den ostiralean Gijonen lau gizonezkok bi emakumeren aurka egindako sexu erasoa gaitzetsi du Miren Elgarrestak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak. Elgarrestak bere “sumindura” adierazi du gertaera horien aurrean eta "elkartasuna eta babes osoa" helarazi die sexu erasoa jasan duten emakumeei, horietako bat bergararra izaki, nahiz haien senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

“Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Gipuzkoar herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen eta askatasunaren aurkako jarrerarik onartzen”, adierazi du. Horregatik, gehitu duenez, “beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian” jarri behar da azpimarra, indarkeria sexistaren jatorria "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta" delako, “emakumeak kontrolpean mantendu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", alegia.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, Aldundiak bat egin du Bergarako Udalak kaleratu duen adierazpenekin. Foru Aldundiak, aldi berean, emakumeen aurkako indarkeria matxista geldiarazteko politika publikoetan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Gaur 19:00etan Bergarako San Martin Plazan erasoa salatzeko egingo den elkarretaratzean parte hartuko du Miren Elgarrestak berak, Foru Aldundiaren izenean.

Eraso sexistarik gabeko uda

Elgarrestaren esanetan, “pixkanaka aisialdirako eta harreman sozialetarako aukerak berreskuratzen” ari garen honetan, “bereziki garrantzitsua” da indarkeria matxistaren aurkako mezua “indartzea eta zabaltzea”. "Testuinguru honetan berriro ere irmoki adierazten dugu jarrera eta eraso matxistek ez dutela kabidarik gure gizartean. Eraso sexistarik gabeko uda nahi dugu, emakumeek askatasunez gozatzeko aukera izango dutena, eta hala adierazten dugu indar guztiz”, azaldu du, eta dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean “adi eta konprometituta, inoiz baino gehiago erne” jarraitzeko.

 

  

1462