Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoaren etorkizuneko proiektu estrategikoen aitortza da Euskadi Next”

“Gipuzkoaren etorkizuneko proiektu estrategikoen aitortza da Euskadi Next”

Jabier Larrañaga diputatuak azpimarratu du gaur aurkeztutako programak "lurraldearen apustu eraldatzaile nagusiak" indartzen dituela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "oso positibotzat" jo du Euskadi Next errekuperaziorako, eraldatzerako eta erresilientziarako inbertsio-programaren onarpena. Programa horrek lurraldeko 66 proiektu espezifiko biltzen ditu, eta horiekin 1.001,1 milioi euro jaso nahi ditu Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik. Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen diputatuak azpimarratu duenez, "Gipuzkoan duela urte batzuetatik hona garatzen ari garen etorkizuneko apustu estrategikoak aitortzen ditu programak, eta bultzada handia ematen digu horiek gauzatzeko bidean. Proiektu hauek Gipuzkoa jasangarri, digital eta inklusibo baterako mugarri dira, eta gure eredu sozio-ekonomikoa modernizatzeko gakoa ere bai, lehiakortasunaren eta gizarte-kohesioaren ikuspegitik".

Gipuzkoaren hiru ekimen sartu dira Euskadi Next erakundeak proposatutako Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (PERTE) barruan:  MUBIL Poloa – elektromugikortasuna eta energia biltegiratzea–, Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT) –Terapia aurreratuak–, eta Gipuzkoa Quantum –Teknologia kuantikoak–. Hirurak ere Aldundiak koordinatutakoak dira, eta punta-puntako hainbat enpresa, agente eta ikerketa-zentro biltzen dituzte. "Proiektu publiko-pribatuak dira PERTEak, trakzio-gaitasunagatik, balio erantsi handiagatik eta ekonomiaren epe luzerako hazkundea indartzeko gaitasunagatik nabarmentzen direnak; beraz, bultzada argia da ekimen horientzat", adierazi du Larrañagak.

Halaber, Diputatuak gaineratu du programak barne hartzen dituela etorkizuneko erronkei aurre egiteko Aldundiak planteatutako erreferentziazko zentro eta proiektu estrategiko guztiak, hala nola klima-aldaketa –Naturklimaren lau proiektu daude sartuta –, zahartze osasuntsua –Adinberri–, zibersegurtasuna –Ziur–, edo enplegagarritasuna – Elkar-EKIN Lanean-. "Euskadi Next-ek agerian uzten du Gipuzkoako etorkizuneko proiektuen aniztasuna, irismena eta lerrokatzea Europak ezarritako lehentasunekin eta NBEk ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin. Argi dago bide garrantzitsua egina genuela, eta mugarri honek etxeko lanak eginda harrapatzen gaituela, nahiz eta ildo beretik jarraitu behar dugun lanean ".

Lurraldearen kokapen on hori, haren ustez, programaren hainbat osagaietan islatzen da, hala nola "Osasuna eta Pertsonen Zaintzan, Mugikortasun Jasangarrian edo Ekonomia Zirkularran, zeinetan lidergo garrantzitsua dugun. Horrek ere erakusten du Etorkizuna Eraikizen bidez egiten ari ginen apustu eraldatzaileak, lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutakoak, berme eta babes nabarmena jasotzen dutela".

Era berean, Larrañagak balio handia eman dio "Euskadiko maila instituzional, ekonomiko eta sozial guztietan egindako kontzertazio ariketari, herrialde-ikuspegiarekin; horri esker, ibilbide-orri argi bat islatu ahal izan dugu, lurralde bakoitzaren indarguneetan oinarritua, eta bakoitzaren berezitasunei erreparatzen diena, espezializazio adimendunetik abiatuta". Azkenik, Euskadi Next "pandemiaren aurrean susperraldi ekonomiko eta soziala bizkortzeko, ekoizpen-jarduera sendotzeko, gure ongizate-sistema indartzeko eta, batez ere, eraldatzeko gaitasun handia duten proiektuen eskutik aukera eta garapen hobi berriak irekitzeko abiapuntu egokia" dela azpimarratu du.

  

2522