Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoaren garapen soziala eta ekonomikoa ezin da ulertu Andres Arizkorreta bezalako enpresari eta pertsonen ekarpenik gabe”

“Gipuzkoaren garapen soziala eta ekonomikoa ezin da ulertu Andres Arizkorreta bezalako enpresari eta pertsonen ekarpenik gabe”

Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzean, “jasangarritasuna, arrisku demografikoa eta adimen artifizialaren” erronkei “erabakimenez” ekitearen alde mintzatu da CAFeko presidentea

Urrezko Domina 2024

Andres Arizkorreta Garciaren bizitza eta ibilbide profesionala saritu dute Gipuzkoako Urrezko Dominarekin, gaur arratsaldean Foru Jauregian egindako ekitaldi solemne batean. Eider Mendoza diputatu nagusiak, gipuzkoar gizartearen izenean, Gipuzkoaren eta Euskadiren alde egindako ekarpen nekaezinagatik egindako lana aitortu eta eskertu dio CAFeko egungo presidenteari. Izan ere, bere hitzetan, gure lurraldearen "garapen sozial eta ekonomikoa" ezin da ulertu Arizkorreta bezalako enpresa gizon eta emakumeen “konpromiso eta ikuspegirik gabe”, azken hamarkadetan "gure sare ekonomikoa mundu globalizatu eta gero eta konektatuago batean gidatzen eta eraldatzen" jakin dutelako.

“Erakutsi duzu enpresa baten garapena eta giza garapena ez direla kontrajarriak. Eraiki daitekeela enpresa eredu lehiakorra, pertsonen ongizatea eta garapena kontuan hartuko duena. Eta ez hori bakarrik, pertsonen garapen pertsonala eta profesionala garatuz, ekipoak sortuz eta ardurak banatuz, enpresak are eta lehiakorragoak bilakatzen direla”, baieztatu du diputatu nagusiak, zeinek azpimarratu dituen Arizkorretaren “konpromisoa” eta “eskuzabaltasuna” gipuzkoar gizartearekin eta berau osatzen duten pertsonekin.

Gipuzkoako ordezkaritza sozial, ekonomiko eta instituzional zabala elkartu du ekitaldiak, baita omenduaren hainbat senitarteko eta lagun ere. Diputatu nagusiak Gipuzkoaren izaera industriala "atsedenik gabe" lantzen eta garatzen jarraitzeko beharra defendatu du bere hitzaldian. Horretarako, enpresen, enpresetako arduradunen eta lana "baloratzen eta babesten" duen gizarte baten alde egin du. "Eraldaketa teknologiko, klimatiko eta sozial betean", Mendozaren iritziz, beren "etapa guztietan" enpresei laguntzeko sistema "lehiakorra" indartzen jarraitzeko unea da, "gure enpresen errealitatera eta tamainara" egokituko dena.

“Gero eta mundu indibidualistago batean, eutsi egin behar diogu gure izaera komunitarioari, elkarlana oinarri duen izaera horri. Eusteaz gain, ordea, berritzaile izan behar dugu lankidetzan. Guztiok helburu dugun Gipuzkoa justu, orekatu eta lehiakorraren alde. Pertsona guztien ongizate integrala zaindu eta etorkizuneko proiektuei bidea emango dien Gipuzkoa baten alde. Gure enpresen funtsezko egitekoa aitortu eta indar guztiz sustatuko duen Gipuzkoa baten alde”, laburbildu du diputatu nagusiak.

Euskadiko ekonomiaren hiru erronka nagusi

Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzeagatik eskerrak eman ondoren, Joxe Mari Kortaz oroituz hasi ditu bere hitzak Andres Arizkorretak. Aldi berean, 1980ko hamarkadaren amaieran CAF Goierrin errotu eta “bere destinoen jabe” izan zedin aurrera pausoa eman zuten “40 zuzendari eta erdi-mailako arduradunez osatutako taldea” gogoratu du nahi izan du. “Arriskatu egin zuten, beren etxeak hipotekatu ere egin zituzten”, goraipatu du. "Lanik, ahaleginik eta sakrifiziorik gabe, ezin da gizarte aurreratu bat sortu. Ziurrenik ez da oso mezu popularra, gaur egun, baina behin eta berriz errepikatu behar da", adierazi du bere hitzaldian.

CAFeko presidenteak hasieratik bere enpresa-estrategian egon diren "oinarrizko bi ideia" nabarmendu ditu, bere ustez gure lurraldearentzat eta Euskadi osoarentzat "erreferente" gisa balio dutenak: teknologia eta nazioartekotzea. "Gure erakundeek 40 urte daramatzate horren aldeko apustua egiten. Baina ezin gara gelditu. Aitzitik, erritmoa igo behar da. Eta ditugun mekanismo guztiak erabili, Kontzertu Ekonomikoak ematen dituenak barne, gure etorkizunean are eta erritmo biziagoan inbertitzeko", gogoeta egin du, Gipuzkoan garatzen ari diren proiektu estrategikoei bere babesa erakutsi aurretik.

Arizkorretak defendatu du Euskadi ez dela egoera ekonomiko eta sozial txarretik abiatzen, baina euskal ekonomiak datozen urteetan izango dituen erronka nagusiei "erabakitasunez" aurre egitera dei egin du; hori horrela, iraunkortasuna, arrisku demografikoa eta adimen artifiziala azpimarratu ditu. Gainera, enpresa eredu jakin bat defendatu du: “gure enpresa eredua ez da azkar aberastu nahi duenarentzat, edota bizitzaren eta lanaren ikuspegi indibidualista duenarentzat, azken ikuspegi hori ez baita bateragarria bizitza pertsonal orekatu batekin".

“Esfortzua, lana, zintzotasuna, gertutasuna, elkarlana”

Karlos Arancegui baterian eta Fernando Neira baxuan lagun zituztela, Mikel Azpiroz piano-jotzaile donostiarraren musikak eta Maitena Salinas kazetari eta aktorearen hitzek eta ahotsak gidatu du ekitaldia. Bertan izan dira foru gobernuko kideak, tartean Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua eta Ane Insausti Sustapen Ekonomikoko diputatua. Era berean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburua, Leire Artola Beasaingo eta Cristina Laborda Irungo alkateak, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia eta lurraldeko ehun ekonomikoaren ordezkari ugari, hala nola Javier Martínez Ojinaga (CAF), Eduardo Junquera (ADEGI), Zenón Vázquez (Elkargi), Nerea Ibáñez (Aspegi), Adolfo Plaza (Laboral Kutxa) eta Eduardo Ruiz de Gordejuela (Kutxabank), bai eta unibertsitateetako eta I+G+Bko hainbat zentrotako ordezkariak ere. Bertaratu direnen artean izan dira, baita ere, gizarte eta kultura arloko hainbat izen ezagun, Jose Ignacio Perez Iglesias (Jakiunde) eta Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza), besteak beste, nahiz Gipuzkoako Urrezko Domina jaso izan duten  zenbait herritar ospetsu ere, Paulo Agirrebalzategi (Jakin taldea), Pedro Luis Uriarte ekonomialaria, edota Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, kasu.

Gipuzkoa plazan egindako ohorezko ezpata dantzaren ondoren, behin Aldundiaren ohorezko solairuan, Juan Jose Arrietak eskainitako laudatio hitzaldiarekin hasi da ekitaldia. CAFeko presidentearen "esfortzu, lan, zintzotasun, hurbiltasun eta lankidetza balioak" eta gipuzkoar gizartearen mesedetan "aberastasuna eta ongizatea sortzeko konpromisoa" azpimarratu ditu Arizkorretaren lagun eta Deusto Business Schooleko irakasleak. Gaineratu duenez, haren kudeaketa eta lidergoa funtsezkoak izan dira nazioarterantz zuzendu duen enpresaren proiekzioan. Zeregin horretan, Arizkorretaren "arrakastaren sekretua" izan da, bere ustez, "koiunturak koiuntura, ildo estrategiko bat" etenik gabe mantentzea, "mundu osoan proiektu konplexuei heltzeko gai diren pertsonen harrobia" sortzea eta "berrikuntza teknologikoaren" aldeko apustua egitea.

Andres Arizkorretaren biografia

Andres Arizkorreta Garcia, 1956an Donostian jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da eta, 1980an CAFen lanean hasi zenetik, bere ibilbide profesional osoa Beasainen egoitza duen enpresan egin du, non ardura handiko hainbat kargu bete dituen. 1992an, Administrazio Kontseiluko kide bilakatu zen eta konpainiako zuzendari nagusi izendatu zuten. 2006an, berriz, CAF taldeko kontseilari delegatu izendatu zuten, eta, 2015etik 2021era, presidente exekutibo. Gaur egun, konpainiako presidente ez-exekutibo ardura du bere gain.

Urte hauetan zehar, modu aktiboan parte hartu du lurraldeko elkarte ekonomiko nagusietako zuzendaritza organoetako kide gisa. Besteak beste, Adegin eta Confebasken parte hartu du, batzorde exekutiboetako kide gisa, bai eta ezagutza-klusterraren lehendakaritzan ere, eta CEITeko Kontseilu Estrategikoko kide ere izan da. Gaur egun, Euskal Enpresarien Zirkuluko lehendakaria da; Donostia International Physics Center-eko patronatuko kidea; Lehiakortasunaren Euskal Institutuko eta Deusto Business School-eko kontseilaria; eta Jakiundeko kidea, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoa, alegia.

Urrezko Domina Foru Aldundiak eskaintzen duen aitortza gorena da eta 1982an eman zen lehen aldiz. Hauek dira orain arte saritutako pertsonak eta kolektiboak: Jose Miguel Barandiaran (1982), Manuel Lekuona (1983), Donostiako Orfeoia (1985), Eibarko Armeria Eskola (1987), Carlos Santamaria (1991), Euskaltzaindia (1994), Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak (1998), Iñaki Gabilondo, Juan Celaya eta Jose Maria Setien (2003), Menchu Gal, Xabier Arzalluz eta Arrasateko kooperatiba-mugimendua (2005), Pedro Luis Uriarte, Carlos Garaikoetxea eta Jaime Garcia Añoveros (2005), Pedro Miguel Etxenike, Itziar Astiazaran eta Andoni Egaña (2006), Mikel Laboa (2008), lehen ikastoletako andereñoak (2009), Angel Olaran (2010), Nestor Basterretxea, Egunkaria eta Egin (2013), Benito Lertxundi (2014), Gipuzkoako harrera-familiak eta Ordena Publikoko Auzitegiak kondenatutako emakume gipuzkoarrak (2014), XX. mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiako Estatutik Gipuzkoara etorritako pertsonak (2015), Juan Antonio Urbeltz (2015), Ramon Saizarbitoria (2016), frankismoaren biktimak (2017), Jakin taldea (2018), Aspegi (2019), Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa (2021) eta Elkar Taldea (2022).

  

1867