Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gizarte batek lehiakorra izateko kohesio maila handia eta ezberdintasun txikia behar ditu”

“Gizarte batek lehiakorra izateko kohesio maila handia eta ezberdintasun txikia behar ditu”

Ekonomia suspertzeko planaren baitan Aldundiak 8 milioi euro inbertituko ditu gizarte politiken arloan.

Gipuzkoako ekonomia sustatzeko planaren barruan, gizarte politiken arloari dagozkion neurriak aurkeztu dituzte Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako Diputatuak. Urtero, lurraldeko ekonomia suspertzeko bideratuko diren  50 milioi eurotatik 8 milioi euro inbertituko ditu Foru Aldundiak gizarte politiken arloan. Markel Olanok azpimarratu du “gizarte batek lehiakorra izateko ekonomia indartsu bat ez ezik, oinarrizkoak ditu ezberdintasun maila txikia eta kohesio maila handia” eta gehitu du “gizarte babes sistema zabal batek ongizatearekin batera, baliabideen eraginkortasuna, enplegua eta aberastasuna” dakartzala. Diputatu Nagusiak argi defendatu du gizarte zerbitzuetan egiten den inbertsioa handiagoa izan behar duela. “Ongizatea ez ezik, desberdintasunak gutxitu eta enplegua sortzen dituelako”, azaldu du Olanok.

Helburu orokor hori finkatuta, lan ardatzak bideratuko dituzten sei lan ildo aurkeztu ditu Diputatu Nagusiak. Agente ezberdinekin elkarlanean ariko den eredua lortu nahi du Olanok, sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlana are eta gehiago sendotuko duena. Fokalizazioa aipatu du beste lan ildo bat bezala, “Foru Aldundiak baliabideak modu eraginkorrean erabili ahal izateko esfortzu eta ahaleginak zuzen eta egoki bideratu behar ditu, eta behar gehien dauden tokiak ase”. Pertsonen parte hartzea bultzatzen duen eredua defendatu du Markel Olanok eta politikak zatikatzearen alde ere egin du, “behar konkretuei modu egokian erantzungo dieten neurriko politikak egin behar ditugu”, gehitu du. Eta guzti hau ikuspegi transbertsala eta zeharkakoarekin egitea lortu nahi du, aldundiko sektore ezberdinek aberastasunaren edo enpleguaren inguruan ikuspegi bateratua izan dezaten.

Gizarte politiketako ekonomia suspertzeko planak lau helburu nagusi ditu eta 11 neurri zehatz: Gipuzkoa kohesionatu eta lehiakorragoa, parte hartzaile eta konprometituagoa, berritzaile eta adimentsuagoa eta sortzaile eta ekintzaileagoa lortzea du helburu plan honek.

Gipuzkoa sortzaile eta ekintzaileago bat egiteko helburuaren barnean, Diputatu Nagusiak Aukerability proiektua azpimarratu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gureak eta KateaLegaiarekin batera garatuko duen proiektua izango da, Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzeko egitasmoa. 2.020. urte arteko epean, desgaitasuna duten pertsonentzako 550 lanpostu berri sortuko ditu ekimenak eta lan merkatura gerturatzeko erraztasunak emango dizkie 955 emakume eta 1.427 gizonei. Europar Gizarte Funtsaren barruan dagoen proiektu hau finantzatzeko,  urtero 125.000 euro bideratuko Gipuzkoako Foru Aldundiak.

 

Maite Peña Gizarte Politikako Diputatuak ere proiektu honen garrantzia azpimarratu du eta Aldundiak sustatuko dituen “proiektu berritzaile eta bideragarrien artean” kokatu du Aukerability. Diputatuak argi du “bazterkerian edo bazterkeria arriskuan egon daitezkeen pertsonen gizarteratzea lortzeko ezinbestekoa dela hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea” eta bazterkerian dauden pertsonak kontratatzen dituzten enpresentzat hobari fiskalak jartzea aztertzen ari dela ere aurreratu du Peñak.

Gipuzkoa kohesionatu eta lehiakorragoa egiteko, Diputatuak berretsi du gizarte zerbitzuen mapan aurreikusten diren plazak eskaini egingo direla; 2.016. urtean, egoitzetan, 234 plaza berri zabaltzea dakar honek eta bide batez, baita enplegua sortzea ere; aurten 100 lanpostu berri sortuko dira. Zaintzailearen zaintzari ere arreta berezia jarri dio Peñak eta alor hori ere indartuko duela iragarri du; zaintzaileen profesionalizazioa bultzatuko du eta aldi baterako egonaldien bidez, zaintzaileei atsedena bermatuko die.

Gipuzkoa parte hartzaile eta konprometituago bat lortzeko helburuarekin, Aldundiarekin lan egiten duten  enpresetan gizarteratze klausulak txertatu nahi ditu Peña diputatuak eta baita ezberdintasunak neurtuko dituen bazterkeriaren ebaluazio sistema propioa ere, gizartean dauden ezberdintasunak  antzeman eta horiek gutxitzea ahalbidetuko duten baliabideak zein diren jakin eta jarri ahal izateko.

Gipuzkoa berritzaile eta adimentsuago bat egitea da planak jasotzen duen azken helburua. “Inguruko agente zientifiko-teknologikoekin elkarlanean arituko da Aldundia, gizarte zerbitzuen alorrean proiektu eta egitasmo berritzaileak garatzeko” azaldu du Peñak. Egitasmo berritzaileen artean Smart Home Living  aurkeztu du: ”premian dauden pertsonentzako laguntza teknikoak garatuko dituen proiektu pilotua da eta gizarteratzea eta euren etxeetan denbora luzeagoan egotea ahalbidetu die”, azaldu du Diputatuak.

Peña Diputatuak harro esan du “gizarte zerbitzuena oso alor garrantzitsua dela ekonomia sustatzeko eta gainera, horren izen ona duen europar gizarte eredura gerturatzen gaituela honek”.

  

1563