Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gizarte kontzientziazioa da zerga iruzurrari aurre egiteko daukagun modurik eraginkorrena”

“Gizarte kontzientziazioa da zerga iruzurrari aurre egiteko daukagun modurik eraginkorrena”

Gipuzkoa Foru Aldundiak ‘Ekonomia eta zergak’ zerga-sistemari buruzko unitate didaktikoan hasieratik parte hartzen ari diren ikastetxeak omendu ditu

2016/10/03

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gizarte kontzientziazioan jarri du azpimarra, zerga iruzurrari aurre egiteko erarik eraginkorrena dela defendatuz. “Iruzur egiten duenak zerbitzu publikoen finantzaketa higatzen du, eta honek guztioi egiten digu kalte”, adierazi du diputatu nagusiak, esparru hau Aldundiarentzako “estrategikoa” dela gogoratuz. Zentzu honetan, hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du, foru erakundeak ikastetxeekin egiten duen lankidetza balioan jarriz: “Biharko herritarrak kontu honen garrantziaz jabetzen badira, guztion laguntzarekin eta guztion mesedetan Gipuzkoa askoz eraginkorragoa izango da etorkizunean zerga iruzurraren aurkako jarduketan”.    

Olanok ikastetxeekin eginiko topaketan egin ditu adierazpen hauek. Ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko hamar ikastetxe omendu ditu, foru erakundearen Ogasun eta Finantza departamentuak bultzatzen duen Ekonomia eta Zergak proiektuan lehen egunetik parte hartzen ari direnak. 20 orduko unitate didaktikoan datza ekimena, eta zerga sistema eta sektore publikoaren oinarrizko ezagutza 4. DBHko eta Batxilergoko ikasgeletara eramatea du jomuga. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, ireki du ekitaldia, eta ikastetxe elkartetako ordezkariek ere hartu dute hitza: Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Igone Azpiroz, Lizardi Institutuko lehendakaria eta BIHEko ordezkaria; eta Arantxi Urretavizcaya, Kristau Eskolako Pedagogia arduraduna. Alde guztiek adierazi dute elkarlanarekin jarraitzeko asmoa.

Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, legealdi hasieratik errepikatu duen ideia mahai gaineratu du: Gipuzkoa Europa mailan gizarte ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean kokatzea nahia. “Zerga sistemak sostengatzen duen gizarte antolakuntza ereduak bermatzen du helburu honetarako pausuak ematen jarraitu ahal izatea”, gogoratu du Olanok. Hori dela eta, azpimarratu du “herrialde aurreratua izan nahi badugu, zerga ihesaren inguruan ere kontzientzia aurrerakoia garatu behar dugu”, iruzurrarekin lotutako jarrera eta jokabideen gizarte gaitzespena barneratuz.

 

Gipuzkoa osoa helburu

Larrañaga diputatuak, bere aldetik, proiektutik 1.000 ikasletik gora pasa direla balioztatu du eta, balio kuantitatiboa baino, balio kualitatiboa nabarmendu nahi izan du. Aurrera begira, Foru Aldundiak eta Ogasunak “anbizioz” jokatuko dutela adierazi du, helburua unitate didaktikoa Gipuzkoako ikastetxe guztietara hedatzea delarik. “12 ikastetxek hartu zuten parte aurreko ikasturtean, eta aurten 30 izatea espero dugu. Datorren urtean 60, eta legealdi bukaerarako, 90 ikastetxetara iristen saiatuko gara”, azaldu du. Zentzu honetan, gonbita luzatu die interesatuta egon litezkeen ikastetxeei: “Ateak zabalik dituzue”.

Omenduak Zarauzko Lizardi Institutua; Arrasate Institutua; Beasain Institutua; Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxea; Bergarako Mariaren Lagundia Ikastola; Azpeitiko Iraurgi Ikastetxea; Oñatiko Txantxiku Ikastola; Oiartzungo Haurtzaro Ikastola; Bergarako Aranzadi Ikastola; eta Lazkaoko San Benito Ikastola izan dira, eta foru arduradunek diploma bana eman eta euren esker ona adierazi diete egun arte erakutsi duten inplikazioagatik. “Zuek gabe hau ez litzateke posible izango”, esan dute.

  

1617