Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "GPSaren norabideari eutsiko diogu"

"GPSaren norabideari eutsiko diogu"

Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. 'Berria' egunkarian argitaratutako elkarrizketa.

Garbiñe Mendizabal

Lehen hilabetea egitear du karguan Garbiñe Mendizabalek (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961): Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria da. EAJko parlamentari izan da orain arte. Aitortu du «diferentea» dela erakunde bateko eta besteko jarduna. Ohitzen ari da postu berrian; Batzar Nagusietan, adibidez, atzo egin zuen lehen agerraldia, urte eta erdiko bidean zer asmo dituen iragartzeko. Mikel Irizarren dimisioaren ostean iritsi da, eta haren bidean segitu nahi du, aldaketa askorik gabe.

Kargua hartu berritan, epai bat: euskara planeko lau artikulu, bertan behera. Hurrengo planean kontuan hartuko duzue?

Egokitzapen teknikoak izango dira, hizkuntzari begira. Hori aldatuko dugu. Muinean ez dira sartu.

Noizko egongo da plana?

Ekainean onartuko da. Partaidetza prozesu bat egingo dugu aurretik: lehen aldiz, langileen lagin bati kontsultatuko diogu, ekarpenak jasotzeko. Espero dugu apiril bukaerarako bukatuta egotea.

Euskara lehenesteko neurriak zeuzkan planak. Eta berriak?

Bai. Jaurlaritzaren gidalerroen zain gaude. Esan digute euskarak lan hizkuntza izan behar duela. Zerbitzu hizkuntza da jada gurean; lan hizkuntza eta kudeaketa hizkuntza ere izatea nahi dugu. Hori da ardatza.

Bilduk egin zuen plana, eta EAJren eta PSE-EEren gobernuak eutsi egin dio. Plan horretako puntuetan egon daiteke, hortaz, adostasuna lortzeko oinarri bat?

Jarraitu egin da planarekin, eta indarrean dago. Arrazoirik ez dugu ikusten horri segida ez emateko.

Zubiak sortu beharra maiz aipatu du Irizarrek. Nolako sintonia ikusi duzu aldundiaren eta euskalgintzako eragileen artean?

Sintonia badago. Eragile guztiak etortzen ari zaizkit bilera eske; pentsatzen dut kezka izango zutela, baina zuzendaritzaren politika ez da aldatu. Abian doan autobus batera igo naiz: autobus horren norabidea orain bi urte jarri zuen ahaldun nagusiak, eta gidari on bat izan du Mikel Irizarrekin. Nire asmoa da norabide horri eustea ahal dudan gogo eta ilusio guztiarekin: ez dut aldatu nahi GPSan jarri zuten norabidea. Ikusi dut eragileekin badagoela sintonia, eta lanerako gogoz ari gara. Bidaiari asko goaz autobusean, eta euskarak denen lana behar du.

Badirudi denbora gutxian asko aldatu direla eragileen eta erakundeen arteko harremanak...

Bai. Iraultza txiki bat izan da hori. Gogoa jarri da bai erakundeen aldetik, bai eragileen aldetik. Bik ez dute hitz egiten batek nahi ez badu. Behar zen, eta ilusioa piztu du. Ez dago egiteko beste erarik.

Nondik etorri da aldaketa hori?

Pentsatzen dut bi aldeen jarrera aldaketa izan dela.

Nolako harreman eredua irudikatzen duzu erakundeen eta gizarte eragileen artean?

Erakundeek politika markatu behar dute: goitik beherako norabidea du horrek. Baina ez badaukazu behetik gorako eskaera, erdira iritsiko zara, baina ezin duzu ezer egin. Elkargune bat egon behar da bien arteko adostasuna lortzeko.

Osasuntsu ikusi dituzu eragileak? Prekaritatea, diru laguntzak...

Profesionalizazioaren bidean, baldintzak hobetu beharko dira, eta beste gauza asko aldatu. Ikusi dut gaitasun handiko eragileak direla. Horretan aberatsak gara.

Euskarazko hedabideen arloan, adibidez, lantalde bat martxan jarrita daukazue. Nola doa?

Hausnarketa da orain arteko diru laguntzen bidezko esparrua izan behar duen ala ez. Iruditzen zait bide hori agortuta dagoela. Jende askok pentsatzen du horrela. Ari gara lantalde bat lanean, horri zer bilakaera edo irtenbide eman diezaiokegun ikusteko. Ilusio handiarekin ari gara, eta zerbait polita aterako da hortik. Hedabideak, Jaurlaritza eta aldundia ari gara.

Beste esparru batzuetara eraman ahalko da?

Gerora ikusi beharko da. Posible izan daiteke, formula egokia aurkitzen baldin badugu.

Euskaraldia egitasmoa ari da zabaltzen: aurten hiztunak aktibatu nahi dituzte, eta datorren urtean, eragileak. Aldundian zer neurri hartu pentsatu duzue?

Ilusioa piztu du Euskaraldiak, aspaldi ez bezala. Ez dago 2019ra zain egon beharrik eragileak bultzatzeko; ari dira batzuk. Lasarte-Orian ikusi zen %70ek segitzen zutela aldaketarekin. Horri eutsi behar diogu. Eta ez bakarrik euskaldun kopuru gutxi dagoen lekuetan, baizik eta baita herri euskaldunetan ere. Adibidez, hor badaukagu proba pilotu bat Tolosaldean, Galtzaundi euskara taldearekin; herri txikietan ere behar dugu atentzio deitze bat.

Herri horietako bilakaerarekin baduzue kezka?

Bai. Bilera egin dugu Uemarekin. Herri txikietan ere sumatzen ari da erdararen kutsadura. Toki guztietatik sartzen da. Badugu kezka. Orain arte pentsatzen genuen salbatuta zeudela, baina geroz eta interakzio gehiago dute herri txiki horiek. Faktoreak aldatu egin dira, eta hor eragin beharra dago.

Hirigintzak badu eragina. Lurralde antolaketako gidalerroen neurrietatik kendu egin dituzte euskarari buruzkoak...

Harremanetan jarri gara, ea zer gertatu den, eta alda daitekeen.

Hizkuntza eskakizunak aztertzen ari da Jaurlaritza. Aldundian aldaketa handia espero duzue edo gainditua dago gai hori?

Ez dut mahai gainean eduki. Bat edo beste izan daiteke, baina ez zait iruditzen zeharoko aldaketa izango denik. Hizkuntza eskakizunak oso aberasgarriak izan dira. Datu bat: ni 1991n egon nintzen hemen, eta inongo euskara mailarik ez zuten langileen %82k. Gaur egun ez dira %12ra ailegatzen. Hirugarren edo laugarren eskakizunak dituzte langileen erdiek baino gehiagok. Gure lurraldeari erantzuteko moduko erakundea eduki behar dugu, eta boleto guztiak dauzkagu lortzeko.

Arduradun politikoei jarri behar zaie gutxieneko eskari bat? Langileek euskaraz jakin bai, baina arduraduna erdalduna bada...

Debate hori ere mahai gainean dago. Alderdi politiko batzuek horri ere begiratzen diogu.

Euskara batuak 50 urte aurten. Nola ikusi duzu Iñigo Martinez futbolariak ondarroarrez idatzitako mezuak ekarritako soka?

Eskertu behar zaio euskaraz ere egin duela, hasteko. Baina erdaraz zergatik ez du egin gauza bera? Hori anekdota gisa utzita, euskara batua mugarri sendoenetakoa izan da euskararentzat; hori gabe ez dakit non egongo ginatekeen gaur. 50 urte pasatuta hori dudan jartzea hanka-sartze galanta da. Ez nago euskalkien aurka, oso aberasgarriak dira, baina batua ere hor dago: zaindu beharra daukagu. Espainolak, frantsesak eta ingelesak beren hizkuntza estandarra daukaten bezala, funtsezko tresna da. Gazteek ez dute bizi izan borroka hura: euskara batua lortzeko borroka egin behar izan zen, eta gazteek egin zuten horren alde. 50 urte pasatuta, ematen du gazteek euskalkiaren aldeko borroka egiten dutela. Ez dago kontraesanean bata eta bestea defenditzea.

Transmisioan egon da arazoa?

Hori gauza askotan gertatu da: bizikidetzan, memoria historikoan... Transmisioa ez dugu egin, eta buelta bat eman behar zaio horri. Ez da nahikoa euskaraz jakitea: kontzientziatu egin behar dugu.

  

2849