Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "Gure belaunaldiaren egitekoa da kontziliazio erantzunkidearen erronkari heltzea"

"Gure belaunaldiaren egitekoa da kontziliazio erantzunkidearen erronkari heltzea"

Diputatu nagusiak topaketan bat egin duten 150 enpresa baino gehiagori, Aldundia lagun dutela, kontziliazioan eta berdintasunean aurrera egiteko deia luzatu die

2018/09/19

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Berdintasuna eta Kontziliazioa topaketak gaur Tabakaleran lurralde osoko 150 enpresa eta erakunde baino gehiagotik etorritako 250 ordezkari inguru batu ditu. Enpresen arteko elkarrizketa irekia eragin du topaketak, kontziliazio erantzunkideak aurkezten dituen aldaketa eta aukerei buruzkoa.

            Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak ireki duen jardunaldiak bi adituren hitzaldiak izan ditu: Elin Kvande, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Institutuko soziologoa eta Alexis Serra, Kataluniako Generalitateko Ordutegien Aldaketarako Bultzada ekimenaren sustatzailea. Hainbat mahai-ingurutan Gipuzkoako enpresa ehunaren  ordezkaritza zabal batek ere hartu du parte, hala nola, Aspegi, Ikerlan, Matz Erreka, Askora edo Matia Fundazioa bezalako enpresak; berdintasuna sustatzerako orduan izan dituzten esperientziak eta pilatu duten ezagutza partekatu dutelarik.

            Diputatu nagusiak gaurko topaketan landutako gaien garrantzi estrategikoa azpimarratu du, haren hitzetan, "bete-betean egiten dutelako bat gure lurraldearen etorkizuneko ongizatearen eta garapenaren erronkarekin, hau da, Etorkizuna Eraikizen erronka bera". Olanok azaldu duenez, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazioa ezinbesteko faktoreak dira Gipuzkoa Europako desberdintasun gutxien duen lurraldeetako baten bihur dadin".

            "Gure belaunaldiaren egitekoa da erronka honi konbentzimendu osoz erantzutea, hau da, kontziliazio erantzunkidea gure gizartearen eraldaketarako palanketako bat dela ulertuz, pertsonen eta lehiakortasunaren garapenerako eredu baten bitartez, iraunkortasunean pentsatuz eta talentua sustatuz", adierazi du Markel Olanok. Hori dela eta, kontziliazio erantzunkidearen eta berdintasunaren erronkara batzeko deia egin die diputatu nagusiak enpresei", hain zuzen, "bizitza kalitatea eta lehiakortasuna hobetzen dituelako eta desberdintasunak suposatzen duen diskriminazioa indargabetzen duelako".

 

Desberdintasun iraunkorra

Olanok nabarmendu duenez alor ekonomikoko desberdintasuna "gure lurraldeak duen gainditu gabeko ikasgaia da oraindik". Gogora ekarri duenez, emakumeen bataz besteko soldata gizonezkoena baino %25 txikiagoa da eta enpresen zuzendaritzetan emakumeen presentzia neurtzen duen indizea 34 puntukoa da ­– 0tik 100erako eskalan –, 95ekoa delarik unibertsitate ikasketak egin dituzten emakumeen indizea. Datuei begira "oraindik egiteko asko" dagoela esan du diputatu nagusiak, nahiz eta Euskadiko Genero Berdintasunaren indizea 69,3 puntukoa izan. Puntuazio honek EAE, Europar Batasuneko lehen 10 herrialdeen artean kokatzen du.

 

"Amatasun eta aitatasun baimenetan eta jaiotze tasa handitzeko neurrietan hobekuntzak datoz eta honek bizitza familiarrarekin eta sozialarekin bateratzeko neurrien eskari handiagoa ekarriko duela aurreikusten da", Olanok azaldu duenez. "Gipuzkoan eraldaketa honek eredu propio baten lanean harrapatu gaitu" esan du diputatu nagusiak. Honela, 2018 urtean jada 30 izango dira, 2.500 langilerengan eraginez, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan kontziliazio erantzunkidea lantzen duten programa polituetan parte hartzen duten enpresen kopurua. Honi sortu berria den Erantzunkide Sarea gehitu dio Olanok, hau da, ezagutzak eta esperientziak enpresen artean partekatzeko Gipuzkoako lehen sarea, jadanik lanean dabilena.

            Dei batekin amaitu du bere interbentzioa diputatu nagusiak: "Enpresek eta hauek osatzen dituzuen pertsonak berdintasunaren eta kontziliazio erantzunkidearen aldeko erronkara batzeko deia egiten dizuet", dagoeneko badelako "sare bat, lanerako metodologia bat" eta erronka horretan bidelagun izango dutela Aldundia.

 

Kontziliazioa, malgutasuna eta produktibitatea

Legealdi hasieratik, kontziliazioaren esparruan lurraldeko enpresekin mantendu den lankidetza estua balioan jarri du Miren Elgarrestak, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak. Hala, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterkipean hainbat esperientzia abiarazi dituzten hogei bat enpresei eskerrak eman dizkie foru zuzendariak izan duten "anbizioarengatik", euren enpresetan berdintasunaren eta kontziliazioaren alde eginiko apustuarengatik. Aspirazio hau gainera, aretoan bildutako enpresetako ordezkariek ere partekatzen dutela nabarmendu nahi izan du Elgarrestak, eta esan du, hain zuzen, gaurko topaketak erakusten duela "gure lurraldeko enpresek berdintasuna ongizaterako eta berrikuntzarako faktore gisa" ikusten dutela.

         Elin Kvande, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Institutuko Soziologia eta Zientzia Politikoetako irakasleak, bere herrialdean kontziliazioa errazteko hartu diren nuerrien errepaso zabala egin du. Hainbat hamarkadetan zehar ezarritako politikei esker, aitatasun baimenen kopurua handitu egin da; 1993 urteko %4tik, gaur egungo %90era, hain zuzen.

 

            Alexis Serrak, aldiz Kataluniako Gobernutik ordutegien aldaketaren inguran egindako hausnarketaren berri eman du. Ordutegien erreforma batek onaurak ekarriko lituzke, Serraren arabera, kontziliazioan, eskola-errendimenduan, atsedean, produktibitatean eta energiaren aurrezpenean.

 

Ekintzetara urratsa

Arratsaldean, hala nahi duten enpresek, auto-ebaluaziorako saio praktiko baten parte hartzeko aukera izango dute eta euren erakundearen egoera antzeman ahal izango dute, aukerak ikusi eta euren beharrei egokitutako prozesu bati ekinez. Pertsonal hautapena, garapen profesionala, bizitza pertsonalaren kontziliazioa, konpentsazio sistemak, lan eta osasun segurtasuna ala erretiroa eta adinaren kudeaketa bezalako gaiak landu ahal izango dituzte partaideek.

  

1315