Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Gure helburua da etorkizuneko sektoreak Gipuzkoako ekonomiaren oinarri bilakatzea”

Foto “Gure helburua da etorkizuneko sektoreak Gipuzkoako ekonomiaren oinarri bilakatzea”

“Gure helburua da etorkizuneko sektoreak Gipuzkoako ekonomiaren oinarri bilakatzea”

Proiektu Estrategikoetako foru diputatu Ainhoa Aizpuruk zehaztu du departamentu berriak kudeatuko dituela Ziur, Mubil, Adinberri, 2deo eta LABe

“Gure helburua da etorkizuneko sektoreak Gipuzkoako ekonomiaren oinarri bilakatzea”

«Proiektu Estrategikoetako Departamentuarekin indartu egin nahi ditugu lurraldearen etorkizunerako estrategikoak izango diren sektoreak.  Aukera esparru hauek Gipuzkoako ekonomiaren oinarri izan daitezen bilatzen dugu, kalitatezko enplegua sortzen eta Gipuzkoako ongizate sistema bermatzen jarraitu ahal izateko». Horrela definitu du Proiektu Estrategikoetako foru diputatu den Ainhoa Aizpuruk bere departamentuaren funtsezko helburua. «Gipuzkoa lehiakorra, adimenduna, orekatua eta sortzailea nahi dugu, aberastasunaren sorkuntza iraunkorra eta kohesio soziala bermatuko dituena, espezializazio adimendunaren eta aukera berdintasunaren bidez», aldarrikatu du. Hori guztia Etorkizuna Eraikizen ereduan oinarrituta, eta ardatz gisa hartuta gobernantza irekia eta lankidetzazkoa, batetik, eta esperimentazioa, bestetik. 
Aizpuru Gipuzkoako Batzar Nagusietako Proiektu Estrategikoetako Batzordearen aurrean agertu da gaur, eta berak zuzentzen duen departamentuak landuko dituen gai nagusien berri eman du. Foru diputatuak gogorarazi duenez, Aldundia legealdi honetarako Kudeaketako Plan Estrategikoa prestatzen ari da orain; beraz, orduan izango du aukera aipatu departamentuak landuko duen agendaren inguruko xehetasun gehiago emateko. Hala ere, aurreratu du Etorkizuna Eraikizen (Ziur, Adinberri, Mubil, 2deo eta LABe) proiektu estrategikoak kudeatuko dituela, eta estrategikoak diren beste hainbat esparru sozial eta ekonomiko aztertuko dituela.  

Adinberri
Lehenengo proiektu estrategikoa Adinberri da, zahartze osasungarrirako estrategia. Aizpuruk gogorarazi duenez, 2031rako gure lurraldeko biztanleriaren % 42k 55 urte baino gehiago izango dituzte; horregatik, zahartzearena «lehen mailako arazoa da» Gipuzkoan. «Adinberrik zahartze osasungarriaren esanetara jarriko du gure lurraldeak berrikuntzarako duen gaitasuna, eta ikuspegi bikoitzetik lan egingo du: batetik, ikuspegi sozialetik, pertsona erdigunean jarriko duen arreta eredu bat garatuko du; bestetik, arlo ekonomikoan, zahartzeak dakartzan aukerak aprobetxatuko ditu. 
Horretarako, Adinberrik erreferentziazko zentro aurreratu bat izango du Pasaian. «Azpiegitura honen helburua da bikaintasuna lortzea adineko pertsonen arretan, arreta jasotzen duen pertsona bere etxean bezala sentitu dadin. Aldi berean, Adinberri zentroak ikerketarako eta proiektu berriak testatzeko espazioak izango ditu; horrela, sektore biosanitarioari lotutako eragileen ekosistema egonkor bat eraikiko da. «Aurreko legealdian Adinberri fundazioa sortu genuen. Giza lan taldea sortu genuen, lehenengo laguntza deialdiak egin genituen, eta eragileen ekosistema hori sortzen hasi ginen. Orain, lau urte hauetan, helburua da Pasaiako zentroa amaitzea, eta arlo honetan berrikuntzako agenda estrategikoa sustatzea», azaldu du Aizpuruk. 

Ziur
Ziur Gipuzkoako zibersegurtasun industrialerako zentroa da Ainhoa Aizpuruk zuzentzen duen departamentuak kudeatuko dituen proiektu garrantzitsuetatik bigarrena. Foru diputatuak gogorarazi du industriak berebiziko garrantzia duela Gipuzkoako ekonomian, eta, laugarren iraultza industrialaren ondoren, sektore hau bizkor ari dela digitalizatzen bere ekoizpen eta kudeaketa sistemak. «Konektibitatearen paradigma berri honek abantaila handiak ditu, baina baita zenbait mehatxu ere. Mehatxuen artean, nabarmenena zibersegurtasunarena da», azpimarratu du foru arduradunak. 
Aizpuruk azaldu duenez, Ziurrek berrikuntzarako laborategi bat izango du, eta handik zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazioa eta ezagutza gure lurraldeko enpresetara hedatzeko lan egingo da. «Zibersegurtasunaren esparruan talentua sortuko duen eragile bat izango da, enpresetan jardunbide egokiak sustatuko ditu, prebentzio eta esku-hartze tresnak eskainiko ditu, eta sektorearen ekintzailetasuna eta indartzea sustatuko ditu», adierazi du foru diputatuak, gogoraraziz zentroan behatoki teknologiko bat ere egongo dela. Aizpuruk zehaztu du zentro fisikoak urtea amaitu baino lehen zabalduko dituela ateak, baina lantaldea jada martxan dagoela. 

Mubil
Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren hirugarren zutabea da Mubil, Gipuzkoako elektromugikortasunaren zentroa. Aizpuruk azpimarratu du elektromugikortasuna «etorkizuneko Gipuzkoaren industriaren eta ekonomiaren motorra» izan daitekeela; izan ere, sektore honek eraldatu egingo du gaur egun ezagutzen dugun mugikortasuna, eta, gainera, kalitatezko enplegua, ekintzailetasuna eta garapen teknologikoa sustatuko ditu. «Mubilekin, gure helburua da Gipuzkoa 2025erako erreferentzia sendoa izatea elektromugikortasunaren eta energia metatzearen arloetan», aldarrikatu du. 
Zentroa, gainerako proiektuak bezalaxe, lankidetza publiko-pribatuaren ondorio da, eta Zubietako Eskuaitzeta poligonoan egongo da, Donostian. Aizpuruk adierazi du ekimena hasierako fasean dagoela oraindik, baina lanean ari direla legealdi honetan abian jartzeko. «Sektoreko eragileei produktuak testatzen lagunduko die, esperimentaziorako espazioa eskainiko du, eta entitate publiko eta pribatuen sare bat kudeatuko du, haien ezagutzaz baliatzeko», zehaztu du Aizpuruk.  Horrela, zentroak elektromugikortasuneko soluzioak garatzen eta baliozkotzen lagunduko du, bai merkatuari begira, bai lurraldeari berari begira. «Eskuaitzeta elektromugikortasunaren arloko berrikuntza eta ezagutza gune izan dadin bilatzen dugu», azpimarratu du. 

LABe
LABe proiektuak, bestalde, gastronomia du xede. Jakin badakigu Gipuzkoa «nazioarteko erreferentzia» dela arlo honetan. «Baina bermatu nahi badugu etorkizunean ere erreferentzia izaten jarraitzea, sektoreko eragile guztiek inplikazioa behar dugu: jatetxeak, lehen mailako sukaldariak, prestakuntza zentroak, osagaien industria,… Ekosistema gastronomiko honetan, LABek sustatuko du teknologia berriak erabiltzea elikagai kate osoan zehar», azaldu du Proiektu Estrategikoetako diputatuak. 
Aipzuruk gogorarazi du zentro fisikoa, zeina Tabakaleran kokatzen baita, abian dela jada, eta 4.0 jatetxe bat eta gastronomiako negozioen bizkortzaile digital bat dituela. Bigarren espazio horretan esperimentaziorako laborategi bat egongo da, lurraldean sortzen diren gastronomia digitalaren arloko proposamen lehiakorrenak garatu ahal izateko. «Gastronomia sektore oso garrantzitsua da Gipuzkoan, eta LABe zentroaren bidez, ikerketaren eta berrikuntzaren bidez, hala izaten jarrai dezan beharrezkoak diren baldintzak sortuko ditugu», adierazi du Aizpuruk. 

2deo
Erreferentziazko bosgarren zentroa, 2deo, euskaraz egindako kalitatezko ikus-entzunezkoen sorkuntzan jartzen du fokua, kontsumo ohitura garaikideetara egokituta, eta berrikuntza, kooperazioa, sorkuntza eta talentua sustatuz. Tabakaleran kokatzen da, eta hilabeteak dira abian jarri zela. Denbora honetan guztian hainbat proiektu pilotu jarri dira martxan, hala nola Go!azen telesailaren transmedia proiektua, Next Station euskarazko web telesailerako lehiaketa, edo JarriON chromecast aplikazioa. «Hiru proiektuek oso harrera ona izan dute, eta, beraz, jarraitu beharreko bidea zein den erakutsi digute», azaldu du Aizpuruk. 
«Euskara, komunikatzeko tresna bat izateaz gain, gure nortasunaren eta kulturaren elementu nagusia da. 2deo proiektuaren bidez, kontsumo ohitura berriekin konektatu nahi dugu, belaunaldi berriekin, euskararen transmisioa eta etorkizuna bermatzeko. Foru Aldunditik estrategia integral bat sustatuko dugu, Gipuzkoa izan dadin euskararen lurraldea, eta 2deo bezalako ekimenek norabide horretan aurrera egiten laguntzen digute», azaldu du foru diputatuak. Aizpuruk gogorarazi duenez, foru erakundeak ahalik eta desberdintasun gutxien dituen lurralde bat defendatzen du, baita hizkuntzari dagokionez ere, eta 2deok norabide horretan aurrera egiten laguntzen du.