Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gure helburua da Gipuzkoa erreferenteetako bat izatea Europa mailan errepide adimendunen eta mugikortasunaren arloan”

“Gure helburua da Gipuzkoa erreferenteetako bat izatea Europa mailan errepide adimendunen eta mugikortasunaren arloan”

Maria Ubarretxena diputatuak Living Lab Gipuzkoaren azken aurrerapenak aurkeztu dizkio Europako Batzordeari, mugikortasunari eta garraioari buruzko Europako topaketa batean, Lovainan

2023/12/01
Gipuzkoa

Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Isabelle Vandoorne, Europako Batzordeko DG Move erakundeko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari ondokoak bilera egin dute gaur goizean. Bertan, foru arduradunak Living Lab Gipuzkoa aurkeztu du, “Gipuzkoa Europako errepide adimendunen eta mugikortasunaren esparruan erreferentzia puntu bihurtzeko asmo handiko helburua”, hain zuzen. Horretarako, Ubarretxenak POLIS Cities and Regions for Transport Innovation topaketan parte hartu du aste honetan Lovainan (Belgika). Foro horretan eskualde eta hiri ezberdinetako arduradun politikoek mugikortasunaren eta garraioaren etorkizuneko erronka eta apustu nagusiak jorratu dituzte, eta berrikuntzari eta iraunkortasunari buruzko estrategiak bateratu dituzte. Horrela, Gipuzkoak bere aurrerapenak aurkeztu dizkio Europako Batzordeari, “Gipuzkoa bide-azpiegituren digitalizazioaren buru izan dadin”, diputatuaren beraren hitzetan.

Bi erakundeek, honenbestez, aurrerapauso bat egin dute antzeko ekimenak garatzen dituzten EBko eskualdeen eta hirien arteko Europa mailako bitartekaritzari begira, Gipuzkoan eta Europan proiektuak bultzatzeko eragile berrien lankidetza eta inplikazioa bilatuz. Izan ere, Ubarretxenak azaldu duenez, “Gipuzkoak baldintza ezin hobeak ditu mugaz gaindiko berrikuntza teknologikoko proiektuak hartzeko, Europa barneko garraio-korridore nagusietako batean aurkitzen delako eta bi estatu arteko kokapen estrategikoa duelako”. Era berean, “gure industriak eta enpresek, zentroek eta erakundeek apustu irmoa egiten dute berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde, eta, beraz, baldintzak bikainak dira”, topaketan egiaztatu ahal izan denez.

Gipuzkoa Garraioko Sare Trans-europarraren (TEN-T) parte da, ardatz atlantikoan, Bordel-Donostia nodoaren barruan. Horrek interes bereziko puntu bihurtzen du lurraldea, garraioan eta errepideetan elkarreragingarritasuna probatzeko eta teknologia berriak garatzeko eskualde gisa. Bide Azpiegituretako departamentua aurrera egiten ari da korridore horren digitalizazioan, eta, horri esker, “lurralde gisa funtsezko zeregina dugu Europan”, Ubarretxenak azpimarratu duenez.

Gipuzkoa Living Lab aurrera doa

Departamentua 2021 urtean hasi zen digitalizazio- eta berrikuntza-estrategia garatzen Living Lab Gipuzkoaren bidez, Gipuzkoako bide-sarea etorkizuneko errepide adimendun eta jasangarrietarako teknologia eta zerbitzu aurreratuez hornitzeko lehen urratsak emanez.

 

Garapen teknologiko horretarako oinarrizko azpiegituretako bat AP-1/AP-8 korridore osoan hogeita hamar komunikazio-baliza inguru hedatzea izan da, eta horien instalazioa

osatzear dago. Datuak komunikatzeko eta biltzeko gailu horiek funtsezkoak dira sistema adimendunak dituzten azpiegituretan, errepideak ibilgailuekin eta bide-kudeaketako sistemekin lotzen baitituzte, denbora errealean eta geolokalizazio zehatzarekin.

 

Gipuzkoa Living Lab, hain zuzen, Bide Azpiegituretako departamentua CEIT zentroarekin, Bidegirekin eta IZFErekin batera garatzen ari den apustu teknologikoa da, eta Basque CCAMekin edo Tecnaliarekin, besteak beste, lankidetzan ari da proiektu eta ekimen berrietan. “Berrikuntza eta apustu teknologikoko sare oso bat hedatuko da gure errepideetara, eta Aldundiak Europa mailan ere garatu nahi du, beste eragile batzuekin parte hartuz eta eragile horiek gure lurraldean laguntzeko gonbidatuz”, Maria Ubarretxenak adierazi duenez: "Lovainako POLIS topaketa ingurune ezin hobea izan da Gipuzkoa mugikortasun-berrikuntzaren, garraioaren eta errepide adimendunen mapan ere kokatzeko”.

 

Arlo honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideei aplikatutako teknologia berrien eta adimen artifizialaren testak eta proba pilotuak ere egiten ditu. Adibidez, aurten ibilgailuen emisioak denbora errealean detektatzeko gai den sistema adimendun baten proba pilotua egin da, edo txirrindularientzako bide-segurtasuneko sistema berritzaile bat, errepideetako puntu arriskutsuetarako diseinatua, ikusmen artifizialeko kamerak eta komunikazio-sistema bat erabiliz gidariei eta txirrindulariei denbora errealean alerta ematen diena. Proba fasea gaindituta, teknologia horiek 2024an zehar instalatuko dira lurraldeko errepideetan.

  

1016