Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 'Gure Lurra' aldizkaria plazaratu du Aldundiak

'Gure Lurra' aldizkaria plazaratu du Aldundiak

14.000 baserritar eta eragilek etxean jasoko dute argitalpena aste honetan zehar.

Lehen sektoreari zuzendutako Gure Lurra aldizkiariaren lehen alea kalean da dagoeneko.  Gipuzkoan jarduera honetan diharduten guztiak informatzeko, eta haiekiko komunikazioa sendotzeko bokazioarekin jarri du martxan Foru Aldundiak argitalpena. Hori horrela, aste honetan zehar 14.000 baserritarrek etxean jasoko dute aldizkaria, eta gipuzkoar ororentzat ere eskuragarri dago gipuzkoa.eus webgunean:  https://labur.eus/B6BB4 

Aldundiaren eta lehen sektorean lanean ari direnen arteko harremana eta elkarlana estutzen jarraitzea da helburua, komunikaziorako tresna eraginkorra abiaraziz. Horretarako, foru erakundearen plangintzak, egitasmoak eta dirulaguntzak komunikatuko dira, alde batetik, eta lehen sektoreko eragileen kezkak, proposamenak eta ekimenak bistaratuko dira, jardueraren garrantzia gizarteratuz, eta interakzioa sustatuz. Izan ere, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak adierazitakoaren arabera, Aldundiak ezin die bakarrik aurre egin sektoreak eta landa inguruneak dituzten erronkei. “Gure paisaia zaintzeko eta jarduera ekonomikoa mantentzeko, erakundeok eta eragileok elkarlanean aritzea besterik ez dugu. Horretan gabiltza azken urteotan; gobernantza eredu berri baten sakontzeko pausoak ematen. Aldizkari hau hartutako bide horren erakusleetako bat da”. 

Lehen ale honetan Landa Inguruneko zuzendaritzek finkatu dituzten lan ildo nagusien eta erronken berri ematen da; guztiak ere Foru Gobernuaren 2020-2023 Kudeaketa Plan Estrategikoarekin bat datozenak. Erronka nagusiak zerrendatzeaz gain landa inguruneko zuzendari bakoitzak iritzi artikulu bana idatzi du. Xabier Arrutik, Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendariak, nekazarien eta abeltzainen errentagarritasuna areagotzea du helburu nagusitzat. Arantxa Ariztimuño, Mendia eta Natura Inguruneko zuzendariak, bere ardurapeko zuzendaritzaren lehentasuna natur ingurunea zaintzen duten baserritarrei babesa ematea dela adierazten du. Eta Jon Ander Azpiroz, Landa Udalerrien Garapenerako zuzendariak, herri txikien despopulatzea ekiditeko akziora pasatu beharra dagoela azpimarratu du.

Horrez gain, baserritarrei egunerokoan eragiten dieten gaien inguruko albisteak ere topatu daitezke, hala nola banda zabal ultraazkarraren barreiaketa Gipuzkoako baserri guztietara, Fraisoro Gipuzkoako nekazal berrikuntzarako laborategiko proiektuak, aplikatibo elektronikoetako berrikuntzak, azoken inguruko informazioa, dirulaguntzen eta hitzarmenen inguruko albisteak eta ikerketak edo izurriteen aurkako neurriak, besteak beste.

Aipatu bezala, Gipuzkoako baserritarrek etxean jasoko dute aldizkaria. Imanol Lasaren hitzetan, “ezinbestekoa da gure lurra zaintzen dihardutenengandik gertu egotea, elkarlanean soilik eutsi ahal izango baitiegu zaintza horren atzean dauden balioei: paisaiari, ingurumenari, kalitatezko produktuei, edo lurralde orekari”. Azken lau urteotan bezala, Aldundiak lehen sektorearen aldeko apustu garbia egiten jarraituko duela azpimarratu du, eta aurreratu du “sektorearen plaza irekia” eta “etorkizuneko erronken erakusgarri” izateko nahiarekin jaio dela aldizkaria.

  

2472