Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Hariak Kantuz’ itzuliko da nahi ez diren bakardadeen aurrean abesteko

‘Hariak Kantuz’ itzuliko da nahi ez diren bakardadeen aurrean abesteko

Topaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik antolatu dute, Gipuzkoako Abesbatza Federazioarekin batera, abenduaren 16an, Kursaalen.

Hariak

‘Hariak Kantuz’ ekitaldiaren bigarren edizioa, nahi ez diren bakardadeei aurre egitea helburu duena, abenduaren 16an egingo da, larunbatean, Kursaal Biltzar Jauregian, Donostian. “Bakardadeen aurrean… Gipuzkoa, harremanen lurraldea” lelopean, ekitaldi artistiko-musikal hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak antolatzen dute, Gipuzkoako Abesbatza Federazioarekin lankidetzan, eta helburu du Gipuzkoako adineko pertsonen hirutik bati eragiten dion fenomeno honen inguruan sentsibilizatzea.

Ekimen honek Hariak Estrategia zabaldu eta sustatu nahi du, eta estrategia honen erronka nagusia da lurraldeko pertsona guztiek eskura izatea bakardade-egoeretan prebenitzeko, ekiteko edo laguntzeko egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak. Hariak estrategia errealitate bihurtu da, azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatu osoarekin lankidetzan egindako “partaidetza-prozesu sendo” bati esker; prozesu horretan 77 udalek, 98 toki-erakundek, Osakidetzak 6 ESIren bidez, berrikuntzako 20 enpresa eta zentrok eta 1.500 herritar baino gehiagok parte hartu dute. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu duenez, estrategia horrek, lotura sozialak eta komunitarioak indartuz, ibilbide-orri bat ezartzen dio Gipuzkoa osoari bakardadearen fenomenoari heltzeko.

“Gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen %30 inguru (88.500 pertsona) bakarrik sentitzen dira, baina % 55ek soilik (15.000 pertsona) onartzen dute modu irekian”, azaldu du diputatu nagusiak, eta gaineratu duenez, “lehen mailako erronka bat da, baina aukera-testuinguru batean gaude”. Horregatik, Aldundiak eta Adinberrik herritarrak Hariak mugimenduarekin bat egitera bultzatzen dituzte.

‘Hariak Kantuz’ Hariak estrategiaren I. Jarduketa Planaren barruan gauzatzen ari den proiektuetako bat da. Zehazki, proiektu artistiko-musikal honen abiapuntua da Gipuzkoako abesbatzak izaera sozialeko praktika bat direla, eta, bertan, laguntza eta zaintza sareak garatzen direla; beraz, "jarduera hau aliatu egokia da nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko", adierazi du Mendozak.

Programazioa eta elkarteen topaketa

‘Hariak Kantuz’ programa lurraldeko 20 elkarte eta eragileren parte-hartze aktiboari esker eratu da, eta hainbat jarduera proposatzen ditu helburu komun batekin: bakardadea prebenitzea, batez ere adinekoen artean, eta are gehiago Gabonetan, egun horietan areagotu egiten baita sentimendu hau. Hala, abesbatza eta antzerki emanaldiak aurreikusten ditu, eta, oraingoan, hirugarren sektoreko elkarteen topaketa bat ere bai.

Zehazki, ekitaldi artistiko-musikala 18:00etan hasiko da, eta Kursaaleko agertokira igoko dira: Eibarko Udal Musika Eskola, Legazpiko Santikutz Abesbatza, Beasaingo Loinaz

Musika Eskola, Sara Mansilla, Larraitz Otameni eta Antonio Ibarzabal koristak eta Garikoitz Mendizabal, Javier del Pozo, Iraide Ansorena eta Josu Elberdin musikariak. Gainera, Adinberriren Gabonetako II. Abesbatza Kontzertu honetan, bertaratuek ‘Hariak’ mikro-antzerkiaz gozatu ahal izango dute. Proiektu honetarako berariaz sortutako obra original bat da, eta Helduen Hitza elkarteko antzerki-taldeak interpretatutako du Cristina Torresen zuzendaritzapean.

Aurten, berrikuntza gisa, hirugarren sektoreko elkarteen topaketa bat egingo da, 17: 00etan hasiko dena, eta, horren bidez, Adinberrik agerian utzi nahi du hainbat gizarte-kolektibok egiten duten lan handia nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko, eta, aldi berean, boluntario eta laguntzaile kopurua handitzen lagundu nahi die.

Ekitaldia doakoa da, baina bertaratuek esteka honetan eskuratu ahal izango dute sarrera: Hariak.eus

  

742