Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”

“Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”

Diputatu nagusiak eta Hondarribiko alkateak bilera egin dute herriko egitasmo nagusiak partekatzea helburu; Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez herrian jasotako ekarpenak aztertu dituzte.

Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten dihardu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Gaurkoan Txomin Sagarzazu alkatearekin elkartu da Hondarribian, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.

“Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Horretarako lanean dihardugu buru-belarri, pandemiaren krisialditik atera eta gerora begirako politikak martxan jarriz. Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Hondarribiko alkatearekin bilera egin ostean.

Hain zuzen ere, joan den urteko azaroaren 24an Hondarribian kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 21 herri eta lau unibertsitate campusetan egon da, gipuzkoarrengandik 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, diputatu nagusiak jakinarazi duenez.

Gazteei, herriko azpiegiturei eta mugikortasunari lotutako proposamenak

Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.

Hain zuzen ere, pasaitarren 92tik gora ekarpen jaso zituen kapsulak. Horien artean, gazteei, herriko azpiegiturei eta mugikortasunari lotutako proposamenak eta kezkak izan ziren nagusi.

Etorkizuneko Hondarribia

Bestalde, diputatu nagusiak bertatik bertara ezagutu ahal izan du, etorkizuneko Hondarribia diseinatzeko eta lantzeko helburuarekin, Udala egiten ari den lan sakona. Horren lekuko da Hirigintza Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria osatzeko ematen ari den urratsak.

“2020ko uztailaren 23an egitasmoari ekin genionetik, Hondarribiko Udala etengabe lanean ari da. Udalean oso konplexua den tramitazio batean pausuak ematen ari gara, herriko talde politiko eta eragile guztiekin hartu-emanean” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Esan bezala, prozesu honek herriaren etorkizuna landu eta gauzatzeko tresna bat  eskaintzen dio Udalari eta, oro har, herritarrei, etxebizitza guneak, lantegiak edo nekazaritza lurzoruak, herritarrentzako zerbitzu guneak etab. non kokatuko diren antolatzeko gaitasuna baitu. Ez gaude geldirik, prozesua luzea da eta buru-belarri ari gara, hondarribiarren onurarako izango den Plan honetan lanean”, gehitu du.

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak goraipatu egin du Hondarribiko Udala “ekonomia aktibitatearen alde” egiten ari den apustu irmoa. Izan ere, joan den irailean onartutako HAPOaren lehen zirriborroan Zubietako lursailak jarduera ekonomikora bideratzea aurreikusten da eta gainontzeko euskal erakundeen onespenarekin, Parke Teknologikoen sarea azterlan sakon bat egiten ari da proiektuaren inguruan. “Lurralde osoa etorkizuneko ekonomia sektoreen eta lanpostuen aldeko apustua egiten ari da eta Hondarribiak ere, bide horretan, bere ekarpena egiteko egitasmo sendo bat proposatzen du. Gizarte kohesionatu bat izateko, ezinbestekoa dugu bailara guztietan, herri guztietan, industria berritzaile eta lehiakor bat”, adierazi du diputatu nagusiak.

  

1853