Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Hizkuntza komunitate gisa oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu”

“Hizkuntza komunitate gisa oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu”

Kilometroak Gipuzkoako ikastolen festako ordezkariak hartu ditu Aldundian Markel Olano diputatu nagusiak, urriaren 4ko erakunde ekitaldiaren aitzinean.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Kilometroak ikastolen jaialdiaren ordezkariekin bilera egin du gaur arratsaldean Foru Aldundian eta dei egin die gipuzkoarrei bizi dugun egoera “zail eta ezohiko” honetan euskararen aldeko “konpromisoa eta jarrera aktiboari eustera. “COVID-19ak eragindako krisialdiak gogorarazi digu zeinen garrantzitsua den komunitate gisa jokatzea aurrean ditugun desafio eta arazoen aurrean. Kilometroak egitasmoak, aurten amaierako jairik izango ez badu ere, balio horretan jartzen du azpimarra. Hizkuntza komunitate gisa ere oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu”, adierazi du diputatu nagusiak.

 

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Zubimusu ikastolako ordezkariekin egindako bileran parte hartu du, diputatu nagusiaz gain, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek.

 

Aro berri bat hasi du 2020an Kilometroak ikastolen festak, azken 42 urtetan garatutako eredua gainditu asmoz. Hori dela eta, pandemiaren ondorioen eraginez modu mugatuan izan bada ere, ziklo gisa garatu da aurten, Korri, punpa, ttak. lelopean eta Amasa-Villabona eta Zizurkileko ikastolak antolatuta. Kilometroak eguneko festarik ez da izango aurten, beraz, baina horren ordez Kilometroak Astea antolatu dute, hainbat ekimenen bitartez egitarau bat osatzeko. Urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilgo komunitateari zuzendutako ekitaldi instituzionala ospatuko da hala ere.

 

Aurtengo edizioak azpimarra jartzen du parekidetasunean eta aniztasunaren errespetuan, nahiz gizarte euskalduna, sortzailea eta parte-hartzailea, herritarra eta herrikoia, auzolana eta kooperatibismoa sustatzen dituena eta ingurumenarekiko jasangarria sustatzeko garaian. “Gipuzkoak bat egiten du bete-betean balio horiekin; COVID-19ari aurre egiteko garaian ahaztu ezin ditugun elementuak dira”, aipatu du diputatu nagusiak eta herritarrak animatu ditu Kilometroak astearen testuinguruan antolatuko diren egitasmoak jarraitu eta “ahal den neurrian” proposatutako ekintzekin gozatzeko.          

  

1325