‘Hizkuntzen Irabazia’ foroak 15 hizkuntza gutxitu bilduko ditu Donostian
‘Hizkuntzen Irabazia’ foroak 15 hizkuntza gutxitu bilduko ditu Donostian
Azaroaren 26 eta 27an Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egingo den ‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua aurkeztu dute gaur Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea; Lohitzune Txarolak, LANGUNE, Euskal Herriko hizkuntza industria elkarteko zuzendariak; eta Gösta Toftek, Union of European Nationalities (FUEN) elkarteko lehendakariordeak. Kongresua, LANGUNEk FUEN erakundearekin batera antolatu du.
‘Hizkuntzen Irabazia’k euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du. Era berean, hizkuntza gutxituentzat teknologia berrietan eta ingurune digitalean presentzia izateak duen garrantzia azpimarratu nahi du, arreta jarriz ahalegin horrek, suposatzen duen erronkan eta aukeran.
Irune Berasaluzek azaldu duenez, euskararen biziberritzean egin beharreko lanei buruz hitz egitean, “sarritan gure baitara begiratzeko joera dago, bizi ditugun erronkak, arazoak eta egindako urratsak geure artean aztertuz, konparatuz eta eztabaidatuz”. Hala ere, gogorarazi du askotan ahazten dela “gure inguruan, Europan eta munduan, badirela hizkuntza komunitateak antzeko desafioak eta egoerak bizi dituztenak. Horregatik, Donostian 'Hizkuntzen Irabazia' bezalako kongresu bat egiteak aukera paregabea eskaintzen duela azpimarratu du, gainontzeko hizkuntza komunitateetatik ikasteko eta Euskal Herriko eragile, elkarte eta erakundeek egiten ari diren berrikuntza ahalegina partekatzeko”.
30 hizlaritik gora
Bi egunez, Euskal Herriko zein Europako 30 hizlaritik gora bilduko dira Kursaalen eta 15 hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. “Foroak euskarak hizkuntza teknologia berrietan atzean gera ez dadin egin dituen aurrerapausoak erakutsiko ditu eta Europako beste hizkuntza gutxituek, zer eta nola egiten duten ezagutzeko aukera egongo da: zein puntutan daude? Zein ekarpen egin dio bere hizkuntzaren garapenak bere herriko ekonomiaren garapenari? Zer iritzi du gaur egun Europar Batasunak hizkuntzen garapenari dagokionez?” komentatu du Lohitzune Txarolak (LANGUNE) kongresuaren egitarauaren inguruan.
‘Hizkuntzen Irabazia’, urtero FUENek antolatzen duen ‘Forum of the Minority Regions’ markoan kokatuta dago. 2016tik, foroa Hego Tirolean, Bruselan, Postdamen, Helsinkin eta Galwayn egin da gutxiengoen eskubideen defentsan eta sustapenean dauden desberdintasunak elkartrukatzeko eta eztabaidatzeko leku gisa. Gösta Toftek (FUEN) hizkuntza gutxituak tokiko ekonomiaren garapenarekin lotu du zuzenean: “Gutxiengoek eskualde horien garapen ekonomiko eta sozialean laguntzen dute. Beraz, ez da kasualitatea eskualde horietako batzuk Europako aberatsenen artean egotea: Hego Tirol, Italiako per capita errenta altuena duena, edo Euskadi eta Nafarroa, Espainiako eskualde aberatsenen artean, horren adibide onak dira”.
Kongresua Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, Euroeskualdea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bethlen Gábor funtsa eta Badalab babesleen laguntzaz egingo da. Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea www.hizkuntzenirabazia.eus webgunearen bidez.
3382