Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea «Iruzur fiskalak ez du lekurik eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan»

«Iruzur fiskalak ez du lekurik eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan»

Ficoban hasi den Foru Ogasuneko langileen EPEa «legealdiko mugarririk garrantzitsuena» da iruzur fiskalari aurre egiteko bidean.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok iruzur fiskalaren aurka hartua duen konpromiso publikoa berretsi du gaur Ficoban, Enplegu Publikoaren Eskaintzako (EPE) azterketak abiatu diren egunean. Lehen azterketa hauek Foru Ogasuna indartuko dute, «guztion aurkakoak diren iruzurrezko jarrerei aurre egiteko». «Iruzur fiskalak ez du izan eta orain ere ez du lekurik gure lurraldean, are gutxiago eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoa horretan», adierazi du gaur goizean Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasarekin azoka eremura egin duen bisitan.

Diputatu nagusiak gogorarazi du iruzurrari lotutako jarrerei aurre egitea «lehentasunezko konpromisoa» izan dela bera buru duen foru gobernuarentzat, «Gipuzkoako gizarteak bere egiten duen konpromiso bat» baita, Aldundiak «determinazio eta irmotasun osoz» bere gain hartzen duena. Ildo horretan Olanok baieztatu duenez, gaur abiarazi den EPEa «legealdi honetako mugarri garrantzitsuena da iruzur fiskalari aurre egiteko bidean».

2018ari dagokion kanpainak utziko dituen datuak iritsi zain gaudelarik, 2017ko datuek diote Foru Ogasunak iruzur fiskalari lotutako 253,4 milioi euro azaleratu zituela 2017an; aurreko ekitaldian baino % 18,2 gehiago. «Legealdiaren hasieran eman genuen hitza betetzen ari gara, eta EPE honek konpromiso hori gauzatzen du beste behin. Gipuzkoar gehienek beren ardurak eta zerga betebeharrak betetzen dituzte, baina iruzur egiten dutenek gizarte osoari egiten diote eraso, aurka egiten baitiete gizarte politikei, politika ekonomikoei eta ingurumenekoei, eta, azken batean, lurraldearen etorkizunari eta Gipuzkoako herritarrei», laburbildu du.

Horregatik guztiagatik, EPE honen bidez beteko diren teknikarien 35 lanpostuek iruzur fiskalaren aurkako «lehen lerro» hori indartzen dute; izan ere, azken urteotan geroz eta iruzur mota sofistikatuagoei egin behar izan zaie aurre, hala nola nazioarte mailako azpijokoei.

Gaur hasi den hautapen prozesuan, guztira 638 izangaik eman dute izena. Parte hartzeko ezinbesteko betekizuna da Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura, doktoretza edo unibertsitate graduko titulu ofiziala izatea. Deitzen diren plazetako lanpostuek derrigorrezko 3. hizkuntza eskakizuna dute, eta, ondorioz, parte hartzeko baldintza da maila horri dagokion euskararen ezagutza maila egiaztatu behar dute. Merituei dagokienez, balioestekoak izango dira administrazio publikoan izandako lan esperientzia, prestakuntza akademiko osagarria –baldin eta eskatutako lanpostuaren zereginak betetzeko eragin zuzena eta berariazkoa badute–, eta ingelesaren eta frantsesaren ezagutza maila egiaztatzea.

Oposizio aldiak hiru ariketa izango ditu, derrigorrezkoak eta baztertzaileak guztiak: ezagutza teorikoen proba bat, kasu praktikoen eta teoriko-praktikoen proba bat, eta gaitasunak ebaluatzeko probak. EPEan parte hartzen dutenek lehen proba egin dute gaur, ezagutza teorikoari buruzkoa, hain zuen.

Enplegu publikoaren aldeko apustua

EPE honek bat egiten du Aldundiak legealdi honetan enplegu publikoa berreskuratzeko egin duen apustuarekin. Aurreko legealdian bost plaza baino ez ziren deitu; oraingoan, ordea, gaur hasi berri den EPEari suhiltzaileen 25 plaza gehitu behar zaizkio (azken horien azterketak 2017an egin ziren). Bestalde, Gobernu Kontseiluak aspaldi ez dela onetsi du 2018ko lan eskaintza publikoa, 317 plaza guztira, eta horiei iazko EPEan onetsitako 21 plaza gehitu behar zaizkie. Hauxe da, beraz, Foru Aldundiak historia osoan egin duen lan eskaintza publikorik handiena.

EPEak eta lan poltsak kontuan hartuz, legealdi honetan, 6.000 lagunek baino gehiagok erantzun diote azterketetan parte hartzeko deiari.

Iruzur fiskalaren aurkako neurriak

Iruzur fiskalari aurre egiteko teknikarien EPEak bat egiten du Aldundiaren helburu estrategikoetako batekin: iruzur fiskalari aurre egitearekin. Euskarri informatikoei dagokienez, Gipuzkoako Foru Ogasuna lanean ari da Zerga, Big Data eta Kontua izeneko proiektuetan. Hiru plataforma horiei esker, prozesuak automatizatu, eta foru erakundearen eraginkortasuna hobetuko da, urtean batez beste lau milioi euroren inbertsioa eginez. Bestalde, legealdi honetan abiarazi da informazioa berehala emateko SII proiektua ere. Haren bidez, lurraldeko enpresa handiak –1.300 guztira– Foru Ogasunarekin konektatu dira.

Arlo kualitatiboan, Gipuzkoa aitzindari izan da hainbat gaietan, esaterako, ikastetxeetan gaiari buruzko unitate didaktiko bat ezartzen –ikasturte honetan 57 ikastetxek eta 2.000 ikaslek parte hartu dute–; unibertsitateetan zerga arloko lantegiak eskaintzen (ikasturte honetan UPV-EHUn, Deustun, Tecnumen eta Mondragonen); lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin informazioa trukatzeko akordio bat lortzen; eta Gipuzkoako talentua iruzur fiskalaren aurka egitera bultzatzeko ideia lehiaketa bat martxan jartzen.

  

1698