Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Iruzurraren aurkako borrokan jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugu Ticket BAIrekin”

Foto “Iruzurraren aurkako borrokan jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugu Ticket BAIrekin”

“Iruzurraren aurkako borrokan jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugu Ticket BAIrekin”

Ogasuneko diputatu den Jabier Larrañagak Batzar Nagusietan aurkeztu du proiektuaren Foru Arau proiektua, egitasmoaren araudia ezartzen dutena

“Iruzurraren aurkako borrokan jauzi kualitatibo garrantzitsua emango dugu Ticket BAIrekin”

Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak Gipuzkoako Batzar nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur, Ticket BAI proiektuaren araudia ezartzen duen Foru Arau proiektua aurkezteko. Ekimen hau jarduera ekonomikoak egiten dituzten eta euskal zerga ikuskaritzaren eskumenpean dauden zergadun guztiei aplikatuko zaien zerga betebehar berria da. 54.000 subjektu ingururi eragingo diona Gipuzkoan. “Anbizio handiko ekimena da, enpresa handi eta txikietara iritsiko dena, mota guztietako saltokietara, autonomoetara… eta honi esker Euskal Autonomi Erkidegoan egiten den jarduera ekonomiko guztia monitorizatu ahalko du zerga administrazioak”, azaldu du Larrañagak, azpimarratuz honi esker jauzi kualitatibo nabarmena emango dela zerga iruzurraren aurkako borrokan.

            Mundu mailan eragina izaten ari den COVID-19 gaixotasunaren pandemiak proiektuaren ezartze egutegia eraldatu du, baina Larrañagak argi utzi nahi izan du apustuak aurrera jarraitzen duela. Hasiera batean, espero zen proiektua 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen hastea derrigorrean baina, egungo krisia dela eta, Aldundiak Ticket BAIren hasiera urtebete atzeratzea erabaki zuen: 2022ko urtarrilak 1. Hortik aurrea, modu mailakatuan joango da hedatzen, sektoreka, 2023ko udazkenera arte. Hala ere, Aurretik, 2021eko urtarrilaren 1etik eta zergadun bakoitzaren derrigorrezko ezarpen dataren arteko epean, zergadun bakoitzak borondatez ezarri eta erabili ahal izango du Ticket BAI sistema, zehapen araudiaren eraginpean egon gabe.

            Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru Ogasunak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egiten ari diren proiektua da Ticket BAI. Gaur Ogasun eta Finantzetako batzordean aurkeztu den Foru Arau proiektu honen bitartez, indarrean sartu aurretik Osoko Bilkurak berretsi beharko dutena, Gipuzkoak TicketBAI sistema informatiko berriak ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fitxategien osotasuna, kontserbazioa, trazabilitatea, bortxaezintasuna eta igorpena bermatzen ditu.

Aldi berean, araudian jasotzen da zer baldintza bete behar dituen sistema informatikoak ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak erregistratzean, fakturak edo eragiketak justifikatzen dituzten  bestelako frogagiriak jaulkitzean, eta informazio hori Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzean. Gainera, Foru Arau proiektuak Ticket BAI ekimenera ekipoak egokitzeko beharrezko diren inbertsioei laguntzeko zerga pizgarriak ere ezartzen ditu. Kenkari hauek 5/2020 Foru Dekretu-Arauen jasotako merkataritza txikiaren eraldaketara digitalerako ezarri diren berdinak dira, eta ez dira bateragarriak hauekin.

            Azkenik, zerga betebehar berriaren zehapen araudia ere ere zehazten du Foru Arau proiektuak. Orokorrean, Ticket BAI ez erabiltzeak aurreko urteko negozio zifraren %20ko isuna izango du, 20.000 euroko gutxienekoarekin. Kasu konkretuez ari garenean, hau da, sistema ez erabiltzea ondasun edota zerbitzu emate zehatz bati dagokionean, 2.000 euroko isun finkoa ezarriko zaio arau hauste bakoitzari. Ticket BAI sistemaren softwarea deuseztatu, ezabatu edota eraldatu egiten den kasuetarako, isuna aurreko urteko %20ko negozio zifrarena izango da baita ere, baina 40.000 euroko gutxiengoarekin. Gainera, zehapen araudiak zigor gogorragoak aurreikusten dute arau haustekoak behin baino gehiagotan ematen diren kasuentzako.

Ticket BAIren etorrerak zergaduna bere fakturazio sistema egokitzera behartuko du. Horretarako, sistema hauen hornitzaileekin jarri beharko du harremanetan zergadunak, Ticket BAI ezartzeko zer behar duen ezagutzeko. Foru Ogasunak hilabeteak daramatza eragile hauekin lanean. Ticket BAI sistemaren baldintzak Gipuzkoako foru Ogasunaren web orrian kontsultatu daitezke, eta internetera konexioa eta Ticket BAI sistema martxan jarri ahal izateko euskarria izatera behartuko du (ordenagailua, saltokietako terminala, ordenagailu pertsonala…).  

 

Nola funtzionatzen du?

Orain arte egiten den bezala, erosleak dagokiona egiaztagiri edota dokumentua jasotzen jarraituko du. Ticket BAIrekin, berritasun bezala, salerosketari lotutako zerga informazio guztia, fakturan jasota datorrena, ia bat-batean igorriko zaio Gipuzkoako foru Ogasunari. Zehazki, establezimenduetan egiten diren erosketen kasuan, adibidez, Ticket BAIren baldintzak betetzen dituen fakturazio programak fitxategi bat sortuko du, erosketaren zerga informazio guztia jasoko duena, eta foru erakundeari igorriko dio salerosketari dagokiona faktura edo tiketa igorri aurretik. Honela, bidalketaren ostean, QR kode bat sortuko da, fakturan txertatuko dena, eta honi esker bezeroak beronen ibilbidea egiaztatu ahal izango du.

            Ticket BAIk fakturak kateatzeko sistema bat darabil eta, gainera, elektronikoki sinatzen ditu fakturak, honela hauek eraldatu edo ezabatzea galaraziz. “Honi esker, erregistro informatikoen egiazkotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta aldatu ez izatea bermatzen dugu. Hau da, behin igorri ostean, fakturak ezingo direla aldatu edo borratu ziurtatuko dugu”, azaldu du Larrañagak. “Ticket BAI martxan jartzerako orduan, inguruko herrialdeetako esperientziak izan ditugu kontutan, bai eta ELGAk egindako gomendioak ere. Alemania, Kanada, Suedia, Austria, Portugal… antzeko sistemekin dabiltza, eta esperientzia oso positiboa izaten ari da”, gaineratu du.