Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Itsasotik mahaira” plastikoak gure itsasoetara eta mahaira iristea ekidin nahi duen kanpaina berria

“Itsasotik mahaira” plastikoak gure itsasoetara eta mahaira iristea ekidin nahi duen kanpaina berria

Asensio: «2050. urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo da».

2018/11/18

José Ignacio Asensio: «Ezin dugu ahaztu plastikoaren arazoa lurrean hasten dela eta dagoeneko ezin dugula beste aldera begiratu; izan ere, eragina izango du ozeanoetan, planetan eta baita gure osasunean ere. Adituek diote, 2050. urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo dela».


Etxeko berezitasunak: plastikoa pil-pilean, lastotxoak eta kotoi-zotzak saltsa berdean,  erabilera bateko edalontzi txikiak gatzatuta, bidoia menier eran, naylon-sare zopa estilo tradizionalean, plastiko burbuila arrautzaztua, botila txikiak saltsa berdea, garbigarri potea labean, poltsa arinak amerikar-saltsan… Hau izan daiteke gure mahaira iritsi daitekeen menua plastikoak gure itsasoetara iristea ekiditen ez badugu.

Hondakinen Prebentzioaren Europar Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak itsas-zaborren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina abiarazi du Gipuzkoako 33 udalerritan eta Donostiako hainbat auzotan. Ekimena Emaús Gizarte Fundazioarekin, Eko-REC eta Sindesperdicio-rekin elkarlanean gauzatzen da. Proiektuaren helburua da herritarrei helaraztea gaikako bilketa egitearen eta plastikoa birziklatzearen garrantzia. Azaleratu egin nahi da baztertzen dugun plastikoaren arazoa: plastiko hori planktonaren oso antzeko mikroplastiko bihurtzen da itsasoan, eta ondoren, gure mahaietara iristen diren arrainek irensten dute.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu du plastikoaren arazoa lurrean hasten dela eta «dagoeneko ezin dugula beste aldera begiratu; izan ere, eragina izango du ozeanoetan, planetan eta baita gure osasunean ere. Adituek diote, 2050. urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo dela».

 

Kanpaina honetan, arte instalazioak egingo dira arrantza sareekin Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako 33 udalerritan (Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga), eta Donostiako Altza, Amara, Erdialdea eta Antiguo auzoetan. Baztertutako plastikozko poltsak eta botilak bildu nahi dira ondoren birziklatzeko, poliesterrezko tela bilakatzeko eta, material horrekin, berriz erabiltzeko moduko poltsak fabrikatzeko.

Horretarako, udalerri guztietan arrantza sarez egindako nasak jarriko dira. Herritarrek botatzeko diren plastikozko poltsak eta botilak eman ditzakete ontzia osatzeko. Sarezko egiturak poltsak sartzeko aukera ematen du, eta, aldi berea, kanpora erori ez daitezen saihesten du. Gainera, poltsen bolumena nola hazten den ikusteko aukera ere eskaintzen du, eta horrek ekarpenak egitera animatuko ditu herritarrak. Bestalde, sarezko egituran bertan egunerokoan aplikatzeko modukoak diren prebentzio adibideei buruzko aholku mezuak eta datuak zintzilikatuko dira.

Prebentzio Astea amaitutakoan, plastiko berreskuratuak prozesatu eta birziklatu egingo dira Eko-RECen, eta, horri esker, lantzeko moduko ehunak lortuko dira. Prozesu horretatik ateratako ehuna poltsa eta erosketa orga berrerabilgarriak egiteko baliatuko da; Emaús Fundazioak diseinatu, eta Sindesperdicio markak landuko ditu.

Kanpaina honetan sortutako poltsak eta orga birziklatuak sare sozialetan zozkatuko dira gero. Zozketan parte hartu nahi dutenek argazki bat egin beharko dute plastikozko hondakin bat puntu horietako batean uzten ari direla, eta Twitter, Facebook edo Instagram bidez sareratu beharko dute, #PlásticoAlPilPil traola gehituta.

  

1481