Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Itziarko enpresa-parkerako sarbidea hobetzeak egungo enpresei bultzada ematea eta jarduera berria erakartzea du helburu”

“Itziarko enpresa-parkerako sarbidea hobetzeak egungo enpresei bultzada ematea eta jarduera berria erakartzea du helburu”

Aldundiak milioi bat euro baino gehiago inbertituko ditu Kanala Hotelaren inguruko bihurgunean, errepidearen segurtasuna eta industrialderako garraio astunaren irisgarritasuna bermatu ahal izateko

2023/10/18
Itziar kurba

Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3210 errepidean, Kanala Hotela inguratuz, aurkitzen den bihurgune estua hobetzeko proiektua aurkeztu du gaur. Jarduketa berri honekin, hala, azken urteotan Itziarren (Deba) dagoen enpresa-parkerako sarbidea hobetzeko lanak osatuko ditu Aldundiak. Lurraldeko industri-gune nagusietako bat da parke hau eta, hobekuntza lanei esker, kamioiei eta garraio astunari, ibilgailu bereziei bereziki, segurtasun- eta erosotasun-baldintzetan zirkulatzea erraztuko zaie. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin batera, lanen xehetasunak partekatu ditu gaur Parkeko enpresa nagusietako arduradunekin, Alazne Txurruka Debako alkatearekin eta Arantza Egaña Itziarko auzo-alkatearekin. Obrak datorren udaberrian hasiko direla aurreikusten da eta milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa izango du.

Itziar-Deba enpresa-parkea lurralde osoko industrialde nagusietako bat da, eta bere ia 730.000 m2-etan hainbat sektoretako 100 enpresa baino gehiago hartzen ditu. Horregatik, Eider Mendozak erakundeen eta enpresen arteko ahalegin kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko aurkezpenean, "gure industria-ehunaren garapena bultzatzeko, eskuz esku eta egunez egun, elkarlanean jardutea ezinbestekoa baita". Ildo horretan, gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustua "irmoa" dela, eta, horretarako, lurralde gisa funtsezkoa dela garraio korridoreak eta lurraldeko parke eta industria eremuetarako sarbideak hobetzen jarraitzea, lehiakortasunerako faktore gisa.

Itziar-Deba enpresa-parkearen kasuan, azaldu duenez, irisgarritasuna hobetzeak berebiziko garrantzia du; izan ere, sektore eolikoko edo makina-erramintarekin lotutako lantegiak kokatzen dira bertan, hala nola, pieza handiak ekoitzi edo horiekin hornitzen diren eta bolumen handiak garraiatzen dituzten enpresak. Gainera, obra horri esker, etorkizunean enpresa berriak ezartzea erraztuko da, behin sarbidea hobetuta, lanetarako baldintzapen edo mugarik gabe. Lanok, halaber, azken urteetan egiten ari diren berrikuntza-lanei amaiera emango diete, bultzada emanez egungo enpresei eta jarduera berria erakartzeko bidea irekiz.

"Enpresak eta enplegua babestea da Aldundiaren lehentasun nagusietako bat, eta konpromiso hori berresten dugu. Industria-lurraldea gara, industria-sare indartsua dugu, erronka handiei aurre egiten diena; eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu gure enpresek lehiakortasunean, berrikuntzan, merkatu berrietara irekitzean eta jarduera fisiko berrien garapenean aurrera egiten jarrai dezaten", osatu du Mendozak.

Testuinguru horretan, Debako alkate Alazne Txurrukak azpimarratu du funtsezkoa dela Debak enpresa-parke sendo eta lehiakorra izatearen garrantzia nabarmentzea: "Debako Udalak konpromisoa hartu du Itziarko Auzo Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan aritzeko, Itziarko industrialdeak bere funtzionamendu osorako eta garapen egokirako beharrezko azpiegiturak izan ditzan. Ahalegin horren helburu nagusietako bat da industria-eremua erreferente izatea". Horrela, enpresa-parkea hobetzeak Debako udalerriarentzat eta eskualdearen garapenarentzat onurak izango dituela adierazi du Txurrukak: "enpresa-parke indartsu batek tokiko hazkunde ekonomikoa sustatzen du, enplegua sortuz eta eskualdean inbertsioa sustatuz".

 

Kanala Hotelaren kurba hobetzea

Gaur aurkeztutako jarduketak 2020an egindako hobekuntzei jarraipena ematen die, Itziarreko eta Itsaspeko errepideetara igotzeko zuzeneko adarra duen biribilguneari, hain zuzen. Esku-hartze horri esker, sarrerako igoeran maldan zeuden bihurgune itxiek eragiten zituzten arazoak ezabatu ziren. Orduko horretan, 350.000 euroko inbertsioa egin baitzen. Orain, obra berriak konpontzeke zegoen errepidearen azken puntu problematikoari helduko dio: Kanala Hotelaren inguruko bihurgunea, biraketa-erradio oso txikiak eta malda handia uztartzen dituena, eta peralte nabarmenak dituena, ibilgailu handienen kargen egonkortasuna kolokan jarriz.

Proposatutako soluzioari esker, hotela inguratzen duen bihurgunearen aldean dagoen maldarik altuena, malda ertaineko eremu batean hartuko da, % 5 kanpoan eta % 7 barruan. Horretarako, 108 metroko luzerako eta zortzi metroko gehieneko altuerako euste-harri-lubeta bat diseinatu da. Gainera, Debako Udalak eskatuta, galtzadaren plataforma zabaldu egingo da eskuineko aldean, espaloi bat hartzeko. Etorkizunean espaloi horri jarraipena emango zaio eta Itziarko jatetxearen zabalgunera iritsiko da, N-634 errepidean. Bertan garraio publikoko lineak gelditzen dira eta, horrela, oinezkoentzako konexio segurua lortuko da Itziarko herrigunearekin.

 

Proiektua azaroaren erdialdera arte egongo da jendaurrean, eta aurreikusten da 2024ko bigarren hiruhilekoan hasiko dela gauzatzen. Aurrekontua 1.264.526,71 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 6 hilabetekoa.

  

1801