Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Jendearen konfiantza berreskuratu eta gure etorkizuneko erronkei erantzutea dira Etorkizuna Eraikizen esentzia”

“Jendearen konfiantza berreskuratu eta gure etorkizuneko erronkei erantzutea dira Etorkizuna Eraikizen esentzia”

Etorkizuna Eraikiz Kongresua

Gizarteek erakundeekiko duten konfiantza berreskuratu eta biharko Gipuzkoak dituen erronka nagusiei erantzutea. Hauexek dira Foru Aldundiak legealdi honetan abian jarri duen Etorkizuna Eraikiz programaren xede nagusiak, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok gaur nabarmendu duenez. Helburu hauek gauzatzeko, ordea, elkarlanak duen garrantzian jarri du azpimarra eta lankidetzarako gonbita luzatu dio lurraldeko gizarte antolatuari: “Gurea oso lurralde txikia da, baina sekulako gizarte kapitala dauka. 709.000 biztanle ditu, azken zentsuaren arabera, eta 4.500 elkarte, gehienak boluntarioak. Guretzat ezinbestekoa da elkarte ehun horrekin elkarlanean aritzea, horregatik ari gara gobernantza eredu berria lantzen, horregatik jarri genuen abian Etorkizuna Eraikiz”, azaldu du.    
Donostiako Tabakalera zentroan egiten ari diren Etorkizuna Eraikiz Kongresuaren irekieran egin ditu hitz hauek Olanok. Foru programaren ibilbidea mugarri garrantzitsua da topaketa, orain arte egindako ibilbideari errepaso egin eta aurrera begira hartu beharreko norabideak definitzen ari baitira bertan. Kongresuan nazioarte mailan entzute handiko adituak ari dira parte hartzen, hala nola, Mickey McManus estatubatuarra, elkarlaneko berrikuntzan aitzindaria; Henrik D. Finsrud, Norvegiako Udalerrien eta Eskualdeen Elkartzeko berrikuntzako zuzendaria; edota Pauline Carnet, Policy Lab UK-ko ikerketa eta etnografiako zuzendaria. “Topaketak mundu osoko esperientziak ezagutu eta ikasteko balioko digu”, azaldu du diputatu nagusiak. 
Bere hitzaldiaren abiapuntua Aldundiak legealdi hasieran egin zuen inkesta izan da. Ikerketaren ondorio nagusiak, gogoratu duenez, bi ziren: alde batetik, gizartea oso kezkatuta dago norberaren eta bere familiaren etorkizunari buruz. Beste aldetik, konfiantza krisi handia dago klase politiko eta erakundeekiko. “Etorkizunari buruzko kezka eta konfiantza falta horrek jarri zuen abian Etorkizuna Eraikiz, bi elementu hauei erantzuna ematea jomuga”, adierazi du foru arduradunak. 
Olanok adierazi duenez, Aldundiak etorkizuneko Gipuzkoa irudikatuz hasi zuen bide hori, eta diseinuak bi alderdi nagusi zituen: alde batetik, nazioartean ekonomikoki lehiakorra den lurraldea; bestaldetik, mundu mailan ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean kokatzea, gizarte, genero eta hizkuntza ikuspegietatik. “Ezberdintasunaren auzia oso garrantzitsua da, zeren eta krisi ostean aberats eta txiroenen arteko arraila handitu egin du eta, honek, prozesu sozial oso konplexuak sortu ditu”, esan du diputatu nagusiak, Brexita, Trump edota Le Pen bezalako fenomeno populistak aipatuz. “Lehiakortasuna eta ezberdintasuna murriztea eskutik doaz, eta horregatik jarri dugu azpimarra puntu honetan”, gehitu du.
Lurraldearen egungo egoerari erreparatuta, diputatu nagusiak gogoratu du Gipuzkoa herrialde aurreratuenekin kokatzen dela gizarte ezberdintasuna neurtzen duten adierazle gehienetan baina, bere iritziz, “dena ez dago eginda”. “Gizarte orekatu egiten gaituen horretan sakondu behar dugu, gizarte orekatua izaten jarraitu nahi badugu”, esan du. Gainera, zailtasun eta mehatxuak badirela ohartarazi du, gizartearen zahartzearen erronka esaterako: 2031 bitarte, Gipuzkoan %30 haziko da 65 urte baino gehiago dituen jendea. “Egun, ziurrenik, ez ditugu finkatu ditugun helburuak gauzatu eta aipatutako erronkei aurre egiteko behar ditugun tresnak. Horregatik jarri dugu martxan Etorkizuna Eraikiz”, azaldu du.

Esperimentazioa eta elkarlana
Foru programak dituen dinamikei buruz, diputatu nagusiak nabarmendu du bi inspirazio nagusi dituela: esperimentazioa eta elkarlana. Esperimentazioa, “zeren eta orain arte asko hausnartu dugu, baina orain egiteko garaia da”. Olanok gai honen garrantzia azpimarratu du, zeren eta arrakasta izan edo porrot egin, “denetik ikasten da”. Adibide bezala, Etorkizuna Eraikizek kontziliazioa arloan martxan jarri dituen 20 esperientzia pilotuak aipatu ditu. “Batzuek ondo irtengo dute, besteek ez, baina ziur nago guztietatik ikasiko dugula” esan du.
Elkarlana litzateke foru programaren bigarren inspirazioa, eta puntu honetan sakontzean jarri du azpimarra foru arduradunak. “Orain arte, erakunde klasikoen jarrera oso bertikala izan ohi da, agindu eta obeditu, baina hori iragana da. Eskema askoz horizontalagoak behar ditugu orain, auzolan estrategiak indartu jendearekin eta gizarte antolatuarekin elkarlan dinamikak sendotzeko”, nabarmendu du Olanok. “Gizarte ehun horrekin sinergiak bilatzeko bultzatu dugu gobernantza eredu berria, horregatik jaio zen Etorkizuna Eraikiz”, azaldu du.
Kongresuak 300 pertsona inguru elkartu ditu, tartean lurraldeko herri ordezkari eta enpresa eta elkarte ezberdinetako hainbat arduradun. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Imanol Lasa, Foru Aldundiko bozeramailea, beste hainbat diputatuarekin batera; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Gipuzkoako gizarte antolatuko hainbat ordezkari, hala nola, Pedro Esnaola, Gipuzkoako Bazkundeko presidentea; Iñigo Ucin, MCCko presidentea; Txomin Garcia, Laboral Kutxako presidentea; Jose Miguel Erdozain, IK4 Research Allianceko zuzendari nagusia; edota Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako errektoreordea.

Nazioarteko hizlariak
Diputatu nagusiaren ostean Mickey McManusek hartu du hitza. Estatubatuarrak pertsonengan jarri du azpimarra, “pertsonen beharrak eta nahiak baitira garrantzitsuena”, eta honek izan beharko luke baita ere politika publikoen ardatza. McManusek nabarmendu du gaur egungo mundua gero eta konektatuago dagoela eta, zentzu honetan, sormena eta berrikuntza ere testuinguru berrira egokitzen ari direla, esaterako, lankidetzan eginiko sorkuntzaren bidez. “Elkarlanerako, ordea, funtsezkoa da lehenik eta behin konfiantza sortzea, babestuta sentituko garen eremuak sortzea”, esan du.
Henrik Fisrundek, bere aldetik, bere lan eremu den Norvegiako kasua mahaigaineratu du, esparru ezberdinetan erreferente den Europako iparraldearen adierazlea. Adituak Norvegiaren eta Euskal Herriaren artean antzekotasunak egon badirela azaldu du eta, nabarmendu duenez, Iparraldeko herrialdeen arrakasta dituzten gizarte orekatuetan datza: “ongi banatutako aberastasunak demokrazia indartzen. Ezberdintasuna handitzeak konfiantza falta eta demokraziaren higadura dakar”. Honen harira, adierazi du erakundeekiko “konfiantza” hori dela hain zuzen Europa iparraldeko herrialdeen ereduaren iraunkortasunaren giltzarria.
Azkenik, Pauline Carnet frantziarrak esperimentazioaren balioaz jardun du, Etorkizuna Eraikiz programaren ezaugarri nagusietako bat. Policy Lab UK erakundearen ordezkaria izaki, azaldu du “erabiltzaileetan zentratutako zerbitzuak” egiten dituztela eta, horretarako, probetan oinarritzen direla. “Hainbat eta hainbat bertsio probatu behar dira, onenarekin geratzeko. Probatzea eta esperimentatzea, behin eta berriz, ezinbestekoa da”, azaldu du, adieraziz lan egiteko dinamika hau gizarte arloko berrikuntzara ere esportatzea posible dela, Etorkziuna Eraikiz programa egiten ari den bezala. 

Arratsaldeko saioa
Arratsaldeko saioan, berriz, Etorkizuna Eraikiz programa egun lantzen ari den proiektuak igo dira agertokira, Imanol Lasa foru bozeramailea eta Denis Itxaso foru diputatuaren eskutik. Lasak, bere hitzaldian, gizarte zerbitzuetan lantzen ari diren zenbait proiektu izan ditu mintzagai, bereziki nabarmenduz Pasaiako zentro aurreratuaren ekimena. “Gizartearen zahartzea ziur aski Gipuzkoak duen etorkizuneko erronka nagusia da eta guk, Aldundian, ez dugu nahi kontu hau arazo gisa ikusi, baizik eta erronka edo aukera bezala”, adierazi du, ekintzailetasunaren aldetik sortu daitezkeen abaguneei erreparatuz. “Gizarte politika aurreratuak nahi ditugu eta, Pasaian, hauek elikatuko dituen berrikuntza ekosistema sortzera goaz”, azaldu du. Honekin batera, zibersegurtasun zentroaren garrantzia ere izan du hizpide Lasak.
Itxasok, bere aldetik, mundu mailan gertatzen ari diren “iraultza” ezberdinak aipatu ditu, esaterako, klima, migrazioak edota teknologia. Bere esanetan, sakoneko aldaketa guzti hauek “gizarte oreka” mehatxupean jartzen dute eta “lantzen ez baditugu nahi ez ditugun ondorioak izan ditzakete”. Horrela, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan lantzen ari diren edo landuko diren klima aldaketa, elektromugikortasuna, turismoa edota burdinbidea bezalako gaiak aipatu ditu. “Tokiko ekimenetatik abiatu behar dugu mundu mailako arazoei erantzuna emateko”, nabarmendu du.

  

2570