Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Lan hau Gipuzkoak bere buruari egin diezaiokeen oparirik onenetako bat da”

“Lan hau Gipuzkoak bere buruari egin diezaiokeen oparirik onenetako bat da”

Xibarit argitaletxe gipuzkoarrak 500 biztanletik beherako Gipuzkoako herriguneen inguruko liburu bilduma aurkeztu du Foru Aldundiaren eta zenbait udal, enpresa eta kolektiboren babesarekin.

2025. urtean Gipuzkoa hitza idatzita agertzen den lehen erreferentzia dokumentala egin zenetik mila urte beteko dira. Hori dela eta, Foru Aldundiaren, zenbait udalen, enpresen eta kolekltiboren babesarekin, Xibarit argitaletxeak herri gisa Gipuzkoak duen memoriaren iraunkortasuna bermatuko duen aztarna bat eman nahi izan dio lurraldeari “Gipuzkoa Bilduma” liburu-bilduma plazaratuz. 
 
Gipuzkoako 500 biztanle baino gutxiago daukaten 23 herrik osatzen dute liburu-bilduma eta lehen liburua Altzo herriari eskainia da, 1025. urtean herri horretan agertzen delako 2025ean Gipuzkoak urteurrena ospatu ahal izatearen arrazoia. “Altzo: mila urte mila oroimen” izenburua izango du bildumako lehen liburuak eta gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Fernando Hualde historialari eta idazleak, Joseba Urretabizkaia editore eta argazkilariak, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako foru zuzendariak, eta Arantxa Olaizola Laboral Kutxako Gizarte Ekintza eta Babeserako buruak. 
 
2021eko bigarren seihilekoan egin zuen apustu Xibarit argitaletxe gipuzkoarrak 500 biztanletik beherako Gipuzkoako herriguneetako ahozko memoria jaso, babestu eta balioestea helburu duen liburu-eredu baten alde. Urtemuga ospatzeko “lan hau, erakundeen funtsen laguntzarekin, Gipuzkoak bere buruari egin diezaiokeen oparirik onenetako bat izatera bideratuta dago” adierazi du Xibarit argitaletxeak. 
 
Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu du “Gipuzkoaren historia eta gipuzkoarren jakinduria” batzen direla dokumentazio lan honetan: “Amaitzear dagoen belaunaldi oso baten testigantzak, bizimodua, pentsaera, kultura… guzti hori jasoko da bilduma honetan, ezer egin ezean galtzear gauden altxor bat hain zuzen”. Gaineratu du herri txikiak, kultura, euskara edo ohiturei dagokienez, Gipuzkoaren “arnasgune” izan direla eta direla, eta bizimodu horren historia eta istorioak dokumentatzea ezinbesteko zaigula. “Horren harira, Aldundiaren erronka nagusienetakoa da lurralde oreka sustatzea eta herri txikietako biztanleen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea. Horretan lanean dihardugu landa eremuaren etorkizuna elkarrekin eraikitzea helburu duen ‘Landagipuzkoa’ programaren bidez”.
 
Xibarit argitaletxeak azaldu bezala, liburu bakoitzak bi zati izango ditu. Lehenengoak, bigarrena baino laburragoa eta sinpleagoa, herri bakoitzaren historiaren laburpena izango du, baita haren ondare eta historia mugarri garrantzitsuenen laburpena ere. Bigarren zatian, herri horretako bizitzari buruz bildutako oroitzapenak eta testigantzak jasoko dira, gaika eta testuinguruari buruzko aurretiko testu batekin. 
 
 
Urretabizkaiak eta Hualdek elkarlanean proposatutako liburu-bildumakoak, ondare-balio handia izateaz gain, “kalitate handiko obrak” izango direla ziurtatu du argitaletxe gipuzkoarrak. Hala nola, formatu handia, azal gogorrak, larruazal kurbatuko enkoadernazioa, eskuz eta banaka egindakoa, argazkigintza artistikoa, ebali tindatuak dituen kalitate goreneko papera, testua elebitan (gaztelaniaz eta euskaraz), eta edizio zenbakituak izango dituzte bildumako liburuek. 
 
Xibarit argitaletxearen edizio guztiak mugatuak izaten dira, bereziak, eta kasu honetan ere bilduma hau zenbakitua izango da, zehazki 473 ale argitaratuko dira. “Liburuak berak artelanak dira, eskuz eginiko tapekin, paper bereziarekin eginak eta ari gorriz josiak, erabilitako material bakoitza zaindu baita. Euskaraz zein gaztelaniaz argitaratuko dira”,   azaldu du Urretabizkaiak. Gaineratu du “lan zaila” izan dela, baina “emaitza oso aberatsa” izan dela: “Etxez-etxe 80tik gora aiton-amonen elkarrizketak eta argazkiak jaso ditugu, herritarren parte-hartzea izugarria izan da. Altzorekin hasi gara, eta hurrengo herria Beizama izango da, Gipuzkoako erdigunea delako. Dagoeneko hasiak gara lanak aurreratzen”.
 
Gipuzkoaren memoriaren alde elkarlanean
Joseba Urretabizkaia eta Fernando Hualde dira urteurrenari merezi duen liburu-bilduma eskaintzeko elkarlanean aritu direnak. 
Joseba Urretabizkaia argazkilaria izateaz gain, editorea eta Xibarit argitaletxearen arduraduna da. Argitaletxe horrekin hainbat liburu-bilduma egiten ari da 2018tik, eta argazki artistikoekin ilustratuz herri-kirolei, gastronomiari eta historia-, industria- eta kultura-ondareari buruzko liburuak. 
 
Fernando Hualde kultura-ondarea ikertu, berreskuratu, babestu eta zabaltzen duen idazle, historialari, ikerlari, etnografo, eta hizlaria da. Bere ibilbidean zehar, etnografia-gai desberdinei buruzko berrogei liburu inguru argitaratu ditu.
 
Horrez gain, gai horiei buruz argitaratutako milaka erreportajeren egilea izan da, ehunka hitzalditako, hamar bat ikus-entzunezko eta ehunka irrati- eta telebista-saioko parte hartzailea. Nafarroako Ahozko Ondarearen Artxiboko kolaboratzaile estua, Labriteko lan-taldeko kidea, Iruñeko Udaleko Kultura Ondare Inmaterialaren udal batzordeko kidea, eta urtero egiten diren hainbat kultur ekitaldiren sustatzailea ere bada Hualde. 
  

2519