Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Langile publiko bati bi hizkuntza ofizialak jakiteko eskatzea ez da diskriminazioa, hizkuntza berdintasuna bermatzea da”

“Langile publiko bati bi hizkuntza ofizialak jakiteko eskatzea ez da diskriminazioa, hizkuntza berdintasuna bermatzea da”

Gipuzkoako Foru Aldundiak “desadostasun irmoa” adierazi du, EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaiaren aurrean.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko berriki argitaratu duen epaiaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramaileak, Eider Mendozak, “harridura eta desadostasun irmoa” adierazi du, bere esanetan epaileak “orain arteko arauen eta sententzien interpretazio berri eta murriztaile bat” egin duelako. “Hizkuntza gaietan aditu eta teknikari espezializatuek urtetan metatutako jakindurian eta eskarmentuan oinarrituta idatzitako plan baten edukiari errotik aurre egiten dio sententziak”, kritikatu du.

Epaitegiei zor zaien errespetua kontuan izanda ere, Mendozak gogorarazi duenez, “Administrazioko langile bati Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez da, inola ere, diskriminatzailea”. “Izan ere, langile publikoak herritarren zerbitzura daude eta herritarrei arreta eskaintzea dagokie, besteak beste, herritarrek aukeratutako hizkuntzan. Gisa horretan bakarrik bermatzen baitira hizkuntza berdintasuna eta herritar guztien hizkuntza eskubideak. Euskaldunek eskubide osoa dute zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egin hala izateko”, gehitu du.

Horregatik, foru bozeramailearen iritziz, “ezinbestekoa” da euskal erakundeek “urte hauetan guztietan” landu duten “politika eta norabideiari eustea”. “Ahalegin horri esker, hizkuntza berdintasuna gauzatzeko bidean aurrerapen handiak egin ditugu eta euskararen berreskuratze lanean aurrera egin dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak bide horretan jarraitzeko determinazioa adierazi nahi du, baita enplegu publikoaz ari garenean ere”, azpimarratu du.

Amaitzeko, Mendozak bere babesa adierazi dio Irungo Udalari eta epaiaren aurrean hartu beharreko neurrien aurrean laguntza eskaini dio, beti ere hizkuntza berdintasunaren alde elkarlanean jarraitzea helburu.

  

1601