Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Langileen parte hartzea bultzatzea enpresak lurraldean errotu eta talentuari eustearen aldeko pausua da”

“Langileen parte hartzea bultzatzea enpresak lurraldean errotu eta talentuari eustearen aldeko pausua da”

Gipuzkoako Batzar Nagusiek langileen parte hartzea sustatzeko Foru Araua onartu dute gaur goizeko Osoko Bilkuran, kontrako botorik gabe

2016/12/13

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatua, Jabier Larrañagak, pozik agertu da gaur Batzar Nagusiek langileen parte hartzea bultzatzeko Foru Araua onartu izanagatik. “Berri ona da, ekimenak gure enpresa ehuna indartzen baitu, enpresak errotu eta talentua eustearen alde eginez”, adierazi du. Ekimenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan langileen partaidetza sustatzeko hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu. Osoko Bilkuran EAJ/PNV, PSE eta Alderdi Popularraren batzarkide taldeen babesa jaso du neurriak, eta EH Bildu eta Ahal Dugu abstenitu egin dira.

Diputatuak erabakiaren garrantzian jarri du azpimarra. “Aurrerapauso bat da”, adierazi du, aurreikusten diren eragin positiboetan erreparatuz. “Alde batetik, erabaki guneak lurraldean sustraitzea, deslokalizazioei aurre hartzeko eragile gisa”, esan du. “Eta honi lotuta, langileak enpresaren kudeaketa eta erabaki estrategikoen partaide egitea, konpainiaren lehiakortasuna hobetuz”, gehitu du. Larrañagaren ustetan, norabide honetan lortzen dena enpresarekiko konpromisoa berretsi eta talentuari eustea da. “Gipuzkoan tradizioa luzea dugu parte hartzeari dagokionez, kooperatibismoa eta lan sozietateak esaterako, eta ekimen honekin esparru hau indartu eta zabaltzea nahi dugu”, esan du.

Batzar Nagusietan jasotako babesaren inguruan, diputatuak esker oneko hitzak izan ditu beste batzarkide taldeekiko. “Akordio eremuak sortzeko esfortzua egin da alde guztietatik, elkarrizketa ardatz, eta nahiz eta erabateko akordioa ezin izen den erdietsi saiakera eskertu behar da”, azaldu du Larrañagak. Gogoratu duenez, neurriak eragin zuzena du ekonomia sustapenean, eta hau da Foru Aldundiak legealdi honetan ezarri duen helburu estrategiko nagusia. “Enpresa ehunaren indartzearen eskutik sortuko dira kalitatezko enplegua eta aberastasuna, hau da, gure ongizate mailari eusteko baliabideak hain zuzen”, esan du.

Proiektuak enpresari saltzaile zein enpresako langileentzat erakargarri egin nahi du eskualdatzearen bidea, PFEZean zentzu honetako aldaketak txertatuz. Transmititzen duenaren ikuspuntutik, adin muga jaisten da 65 urtetik 60ra, eta salmentatik eratorritako irabaziak salbuetsita egoten jarraituko da PFEZaren ondare irabazian (kanpoko erosle bati saltzean ez bezala). Enpresako langile guztiei aurretiazko eskaintza egiteko beharkizuna ere ezabatu egiten da, orain arte mota honetako eskualdatzeentzat oztopo baitzen, eta langileek osatutako enpresa bati saltzea ere posible izango da.

Langileentzat, bere aldetik, %15eko kenkaria ezartzen da kuotan gizonezkoen kasuan eta %20koa emakumezkoenean, eta urteko muga 1.500 eurokoa izango da gizonen kasuan eta 2.000 eurokoa emakumeenean. Muga gainditu izanagatik edota kuota osoa txikiegia delako kendu ez diren kantitateak hurrengo lau ekitaldietan erabili ahal izango dira, 6.000 euroko muga arte gizonezkoen kasuan eta 8.000 arte emakumeenean. Epeei dagokionez, langileek salmentaren aurreko bost urtetatik gutxienez hirutan jardunda izan beharko dute enpresan lanean, eskualdatzearen ostean, akzio edo partaidetzak hurrengo bost urtetan mantendu beharko dituzte. “Ezberdintasun errealitate bat oinarri dugularik, neurri hauen helburua da langileek enpresetan parte hartzeko prozesuan genero berdintasuna sustatzea, eta horrekin emakumeen enpresetako zuzendaritza organoetako partaidetzan aurrera egitea”, adierazi du Larrañagak.

  

2295