Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. jardunaldiak egingo dira Donostian

Foto “Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. jardunaldiak egingo dira Donostian

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. jardunaldiak egingo dira Donostian

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta UEUk antolatu dute elkarlanean.

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” V. jardunaldiak egingo dira Donostian

Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak parte hartu dute.
Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru diputatuak hartu du lehendabizi hitza: “Babestu ez ezik, hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak garatzeko eta zabaltzeko beharra” azpimarratu du eta “ahalegin partekatu horretan” Gipuzkoak lurralde gisa duen konpromisoa berretsi du. “Horretarako, alor guztietan politika publikoak ezartzeko garaian, hizkuntza berdintasunaren aldagaia kontuan izan beharreko elementua da. Gipuzkoa eta Euskal Herri orekatu bat nahi badugu lurralde, ekonomia eta gizarte ikuspegitik, hizkuntza berdintasuna ere ezinbestean jorratu beharreko gaia da. Arnasguneen garapena jasangarria izan dadin nahitaezkoa da gune horietan euskararen erabilera sendotzea eta arnasgune funtzional berriak sortzen ahalegintzea”, gogoeta egin du”.
Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak jardunaldi honek orain arte egin duen ibilbidea laburbildu du: “2014ean hasi genuen Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ibilbidea.

Lehen edizio horretan, oinarri batetik eta hipotesi batetik abiatzen ginen. Gure oinarria zen arnasguneek garrantzia berezia dutela hizkuntza normalizazio prozesuan eta ez zitzaiela merezi zuten zentralitatea eskaintzen. Hipotesia, berriz, hizkuntza normalizazio prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dutela”. Bilbaoren esanetan, bidea hasi zutenetik bide oparoa, egin dute, hizkuntza normalizazio prozesuan arnasguneen zeregina eta garrantzia gero eta gehiagok ematen dutelako ontzat. Kontseiluko Idazkari Nagusiak aipatu du Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien aurreko edizioek erakusten dutela hizkuntza-politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan: “Esan dezakegu, beraz, hizkuntza-politiken zeharkakotasuna azaleratu dela. Eta gainera, eragin hori aztertzeko eta beharrezko denean neurri zuzentzaileak ezartzeko Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko betebeharra jasota geratu da EAEko udal legean. Orain, lurralde-antolaketaz hitz egiteko garaian, arnasguneen garapena erdigunean jartzeko eta horren araberako politikak garatzeko proposamenak lantzea dagokigu”. LUHI4 jardunaldietan arnasguneen prebentzioaren ikuspegia gainditu eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatu zituztela gogora arazi du Bilbaok eta aurtengo edizioan horietan sakontzeko, horiek garatzeko zein zehazteko ariketa egin nahi dutela adierazi du.


Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak, udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du: “Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen. Horretarako, aitzindarien esperientziak ezagutzea garrantzitsua iruditu zaigu, eta nazioartean arlo honetan egin diren urratsak ezagutuko ditugu lehenik, haietatik gurera zer ekar dezakegun edo guretzat baliagarria zer izan daitekeen aztertuz. Bestetik, udalerri euskaldunen ezaugarriak kontuan hartuta, horietan garapen sozioekonomikoa modu iraunkorrean nola sustatu zehaztuko dugu, erdigunean bertakoa jarrita. Adibide praktikoetako bat izan daiteke udaren atarian UEMAk, 61 udalek eta hainbat garapen agentziak elkarrekin abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina, gure hizkuntza, herriak eta produktuak sustatzeko. Horrelako ereduen inguruko marko teorikoa lantzeko egitasmoak irabazi zuen Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdia, eta ikerketa hori aurkeztuko du egileak jardunaldi honetan. Bestetik, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien aurreko edizioek agerian jarri duten arlo batean ere sakonduko dugu: hirigintzak eta proiektu zehatzek hizkuntzan duten eragina. Hori aztertzeko, zuzentzeko eta neurri zuzentzaileak hartzeko egiten diren lanak gero eta gehiago dira, eta horiek izango ditugu hizpide aurten, arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik aztertuta. Horiek guztiak nola uztartu, abiarazi eta koordinatu asmatzea ez da erronka makala, eta horri ere heldu nahi diogu, hainbat herritako alkateen arteko mahai-ingurua horretarako baliatuta. Azken batean, zergatik eta zer egin behar dugun zehaztuta utzi ondoren, nola egingo dugun erabakitzeko jardunaldia da aurtengoa. 


Amaitzeko, Kepa Sarasolak, jardunaldi hauek egiten ari diren ibilbide oparoa eta eragile desberdinen arteko elkarlana azpimarratu du: “UEUren zeregina da gizartean dauden beharrak aztertu eta esparru akademikora ekartzea hausnartu eta balizko irtenbideak emateko helburuarekin, eta Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak egiteko horren adibide garbia dira, kezka batetik abiatuta erantzunak emateko gai izaten ari garelako. Horretaz gain, gure leloa den ElkarEkin esamoldeak bere zentzu guztia hartzen du egitasmo honetan, argi geratzen baita indarrak batuz emaitzak lortzen direla”.  Jarraian UEUko zuzendariak jardunaldiaren egitaraua aurkeztu du:

 

  • 08:30-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa.
  • 09:00-09:15 Agurra eta jardunaldiaren hasiera.
  • 09:15-10:45 Gaeltacht-en garapen politika. Bilakaera eta ikasgaiak. • Conchúr Ó Giollagáin (University of the Highlands and Islands).  Elkarrizketatzailea: Paul Bilbao (Kontseilua)
  • 10:45-11:30 Lurgune euskaldunen garapena eskualde eskalan. Joseba Garmendia. (Iñaki Arregi bekaren irabazlea).  Eztabaida gidatua: Imanol Esnaola (Gaindegia)
  • 11:30-12:00 Atsedena
  • 12:00-12:45 Arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik. Nora Erdozia (arkitektoa) eta Arritxu Zelaia (hizkuntza aholkularia)
  • 12:45-14:15 Mahai ingurua: Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak. Gonbidatuak: Iratxe Arriola (Ea), Olatz Peon (Tolosa), Oier Oiarbide (Gabiria), Joseba Otondo (Baztan). Moderatzailea: Iker Salaberria (Kontseilua)
  • 14:15-14:30 Ondorioak.