Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Makina-erremintak erakusten digu etorkizuneko industria nolakoa izango den”

“Makina-erremintak erakusten digu etorkizuneko industria nolakoa izango den”

Elgoibarrera egindako bisitan diputatu nagusiak aitortu du sektore industrial honen aitzindaritza, 4.0 industria eta pertsonen talentuaren aldeko apustuan

Elgoibarrek etorkizunera begira dituen egitasmo eta desafioak ezagutzeko parada izan du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, herrira egindako erakunde bisitan. Ane Beitia alkatearekin bilera egin ondoren, Berkoa Machine Tools kooperatiba berrikuntza eta fabrikazio aurreratuan egiten ari den apustuak ezagutu ditu bertatik bertara. “Makina-erremintaren ibilbidea arrakastatsua izaten ari da 4.0 industriaren iraultzara egokitzeko garaian. Gure enpresak eraldatze hau probesten ari dira lehiakortasunean aurrera pausoa emateko. Lurraldeko eta eskualde honetako sektore enblematiko honek etorkizuneko industriaren bidea erakusten digu”, adierazi du diputatu nagusiak, bisitaren ondoren.
Diputatu nagusiak aitortu duenez, makina-erremintaren sektoreak “industria aurreratu eta lurralde lehiakor gisa” zabaltzen du Gipuzkoaren izena mundu osoan eta, beraz, administrazioaren errekonozimendu eta babes osoa merezi du. Gainera, Olanoren esanetan, euskal industriak izan duen “desafiorik handienetako bati” aurre egin behar izan dio, digitalizazioa eta 4.0 industriaren iritsierari, alegia, eta “pixkanaka kudeaketa eta produkzio sistemak, nahiz produktuak, testuinguru berri horietara egokitzen ari dira”. Hala ere, aipatu du “oraindik asko dagoela egiteko”, eta “bereziki enpresa txiki eta ertainei” laguntzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi du, eskualdeetako garapen agentziekin elkarlanean, ahalegin hori mantendu eta zabaltzen joan dadin.
“Gurea bezalako lurralde industrial batean, egokitzapen teknologiko honetan ezin da ez enpresarik ezta pertsonarik ere atzean geratu. Horretarako, guztiok elkarlanean jarraitu behar dugu”, azaldu du.
Olanok, baita ere, azpimarratu nahi izan du makina-erreminta “berrikuntzaren eta pertsonen talentuaren alde egiten ari den etengabeko ahalegin aitzindaria”. Horren lekuko da Berkoa enpresa elgoibartarra. 2016an sortu zuten kooperatiba hau garai bateko Kondia enpresako langile ohiek eta gaur egun batez ere automozioa, aeronautika eta ekipo ondasunetarako makina-erreminta fabrikatzen du. Berrikuntzan eta 4.0 industrian egindako ahaleginari esker, nazioarteko merkatuetan gero eta sendoago dihardu lanean, bere produkzioaren erdia baino gehiago kanpoan saltzen baitu.
Berkoako bisitaren ondoren, Makina Erremintaren Museoan izan dira Olano eta Beitia, Ainhoa Aizpuru eta Imanol Lasa foru diputatuak lagun zituztela. Berriki 20 urte bete dituen museo honetan, hobeto uler daiteke Elgoibarko eta lurraldeko industriaren bilakaera eta etorkizunera begirako potentziala. Hogei urte betetzearekin batera etapa berria hasi nahi dute arduradunek eta museoa gizarteratzea izango da helburu nagusia, hau da, orain arte egindako lana bistaratzea eta ezagutzera ematea, bai Elgoibarren eta baita herritik kanpora ere.
Erakunde bisita amaitzeko, diputatu nagusiak Aita Agirre Kulturgunea berritzeko obrak bisitatu ditu. Behin eraikin hau berrituta, Elgoibarrek kultur etxe moderno eta funtzionala izango du XX. mendearen hasieran eraikitako eraikin historiko honetan. Eraikinak lau solairu ditu eta 1.900 m2-ko azalera erabilgarria eta herriko kultur eragile eta kultur bizitzarako gune berria bilakatuko da maiatzetik aurrera.

  

1789