Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Mozal Legea’ arbuiatu, eta bertan behera uzteko eskatu du Imanol Lasak

‘Mozal Legea’ arbuiatu, eta bertan behera uzteko eskatu du Imanol Lasak

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak bere elkartasuna adierazi die ‘Argia’ astekariari eta legea aplikatuz isuna jaso duen kazetariari

2016/04/19

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak “irmoki” arbuiatu du ‘Mozal Legea’ deritzona, eta bertan behera uzteko exijitu du. “Lege honek zuzenean egiten dio eraso informatzeko, eta informazioa jasotzeko oinarrizko eskubideari, eta denboran atzera eramaten gaitu, aspaldi gaindituta egon beharko luketen garai eta gobernu moldeetara, alegia. Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoaren aurka doa, eta lurralde zein estatu mailako kazetari elkarteek, eta ospe handiko hainbat profesionalek ozen salatu dute. Horregatik, berresten dugu lege honen aurka gaudela, eta bertan behera gelditzeko eskatzen dugu”, adierazi du.

Diputatuak “elkarlasuna” erakutsi die ‘Argia’ astekariari, eta lehen aldiz legearen aplikaziopean zigorra jaso duen kazetariari, Axier Lopezi.  “Babesa” adierazi die ere, “legearen aplikazio hau salatu eta bertan behera geldi dadin exijitzeko garatutako ekimen eta dinamikei ere, bai gizartetik sortutakoei, eta baita komunikazioaren sektoreko eragileek bultzatutakoei ere”.

Lasak gogorarazi duenez, Gipuzkoa eta Euskadiko gizartea “beti” mobilizatu izan dira “adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen defentsan”. “Hala egin dute gure herrian kazetariak mehatxatuak eta erahilak izan direnean, egunkariak itxi direnean, informazioak zentsuratu direnean, eta gertatu diren tankerako beste eskubide urraketa guztien aurrean ere”.

“Hori dela eta –ondorioztatu du-, Komunikazio diputatu gisa, nire erantzukizuna da berrestea lege hau bateraezina dela gizarte aurreratu batekin, demokrazia, gardentasuna eta botere publikoen kontrolaren aldeko apustuarekin, eta oinarrizko askatasun eta eskubideekiko errespetuarekin. Soilik aniztasunean sinesten ez duenak, iritzi, sentsibilitate eta ikuspuntu desberdinak daudela onartzen ez duenak, defenditu dezake tamaina honetako lege eragozpenak jartzea, gure gizartean hain inportantea den komunikazioko profesionalen lanari, eta informazioa jaso eta zabaltzeko ariketari”.

 

 

  

1507