Atzealdea

“Partaidetza Gipuzkoaren nortasunaren parte da, gure ekoizpen ehunaren indarguneetako bat”

Foto “Partaidetza Gipuzkoaren nortasunaren parte da, gure ekoizpen ehunaren indarguneetako bat”

“Partaidetza Gipuzkoaren nortasunaren parte da, gure ekoizpen ehunaren indarguneetako bat”

Langileen partaidetzaren arloan Erresuma Batuko Gobernuaren aholkulari izan zen Graeme Nuttallekin elkartu da gaur Markel Olano diputatu nagusia

“Partaidetza Gipuzkoaren nortasunaren parte da, gure ekoizpen ehunaren indarguneetako bat”

Langileen partaidetza bultzatzen jarraitzearen garrantzian jarri du gaur azpimarra Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok , lurraldearen “nortasunaren parte” eta “gure enpresa ehunaren indarguneetako bat baita”. Foru arduraduna gaur elkartu da Graeme Nuttallekin, arlo honetan Erresuma Batukoa Gobernuaren aholkulari ohia izan zena. Bileran, Aldundiak martxan dituen lan lerro ezberdinak aurkeztu dizkio: zerga pizgarriak, diru-laguntza lerroak, finantzaketa eta Etorkizuna Eraikiz bultzatzen ari den esperientzia pilotuak. “Langileen bizi baldintzak hobetu eta gure enpresen lehiakortasuna eta barnek kohesioa hobetzeko ari gara lanean, eta horretarako estrategia integrala jarri dugu martxan”, zehaztu du. 
Topaketa berean egon dira Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Garapeneko foru diputatu den Ainhoa Aizpuru; Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga; Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari den Gari Agote; Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Perona; eta Estrategia Kudeaketako zuzendari den Sebas Zurutuza. Bileran, parte hartzaileek esperientziak eta ikuspegiak trukatu dituzte Gipuzkoako eta Erresuma Batuko kasuen inguruan, bi lurraldeak erreferenteak baitira Europa mailan. 
Gobernu britainiarrak hala eskatuta, langileen partaidetzari buruzko txostena egin zuen 2012 urtean Nuttallek. Lan honek 28 gomendio jasotzen zituen, alor hau sektore pribatuan sustatzea xede. 2014an, Erresuma Batuko Gobernuak dokumentua onartu zuen eta, ordutik, adituak iradokitako proposamen gehienak martxan jartzeko ari da lanean. Hiru lan ildo jorratzen dituzte iradokizunek: enpresa eredu honi buruzko ezagutza eta jakintza hedatzea, eredu hau babesteko baliabideak areagotzea eta eredua bera sinplifikatzea. Gaur egun, Nuttallek arlo berean jarraitzen du lanean, kontsultore pribatu gisa, eta bileran kasu britainiarra azaldu eta bertako enpresetan martxan dauden partaidetza esperientziei buruzko azken ordua ekarri du.  
Diputatu nagusiak, bere aldetik, foru erakundea egiten ari den lana azaldu du, betiere Gipuzkoako enpresa eta elkarteekin elkarlanean. Estrategia emaitzak ematen ari dela ere nabarmendu du. Horrela, 2016an, 138 langilek eman zuten 36 enpresetako jabetzan sartzeko, Ogasunak berriki onartutako zerga pizgarriak erabiliz; Etorkizuna Eraikizen, Gipuzkoako 20 enpresetan beste hainbeste esperientzia pilotu jarri dira martxan, maila guztietan 1.500 langileri eraginez; eta, diru-laguntza lerroen bitartez, 187 proiektu sutatu dira lurraldeko 228 enpresetan (esperientziak garatzeko laguntzak, ikerketak, erremintak eta metodologia, praktika onak hedatzea…). 
“Partaidetzak enpresaren komunitatea osatzen duten pertsona guztiei egiten die mesede. Pertsonen ongizatea eta garapena bultzatzen ditu, eta alde guztien inplikazioa hobetzen”, azaldu du diputatu nagusiak. Gainera, adierazi du elementu honek garrantzia handia duela enpresaren lehiakortasun hobetu eta arrakasta bermatzeko eta, hedapenez, lurraldearen kohesioa eta lehiakortasuna indartzen laguntzen duela. “Hau guztiagatik, langileen partaidetza gure enpresetan hedatzen lagunduko duen estrategia integrala ari gara bultzatzen, lurraldeko gizarte antolatuarekin laguntzarekin. Gipuzkoa mundu mailako erreferenteetako bat da arlo honetan, eta horrela izaten nahi dugu jarraitu”, nabarmendu du foru arduradunak.