Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "Prebentzioa da COVID-19ari aurre egiten jarraitzeko gakoa"

"Prebentzioa da COVID-19ari aurre egiten jarraitzeko gakoa"

Maite Peña diputatuak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan, eta Foru Aldundiak lurraldeko gizarte zerbitzu eta baliabideetan abiarazitako jarduera eta neurri garrantzitsuenak errepasatu ditu.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bere hitzaldian, Gipuzkoako lurraldeko gizarte zerbitzu eta baliabideetan COVID-19ak sortutako osasun-krisiari aurre egiteko Aldunditik hartutako neurri garrantzitsuenak errepasatu ditu. Diputatuak azpimarratu duenez, "prebentzioa da COVID-19ari aurre egiten jarraitzeko gakoa, eta horregatik, birusaren eragina murrizteko prebentzio neurriak indartzen eta egokitzen jarraituko dugu".

Diputatuak gogorarazi duenez, Gizarte Politikako departamentuak COVID-19ak Gipuzkoako gizarte-baliabideetan duen eraginaren azterketa bat egiteko eskatu du, eta bertan jasoko dira osasun-krisiaren balantzea, sortutako egoeren ebaluazio osoa, eta hobetzeko hainbat ekintza ere proposatuko dira. Diputatuak adierazi duenez, "dokumentuak erakundeen, erabiltzaileen eta senideen ekarpenak jasoko ditu", eta irailaren amaierarako osatuta egongo da.

Beste alde batetik, Maite Peñak jarduera esparrua errepasatu du, baita orain arte hartutako neurri garrantzitsuenak ere, "etengabeko prebentzio lan horren oinarriak" direnak. Diputatuak adierazi duenez, lehenik eta behin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa egokitu da behar berrietara eta, bigarrenik, Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko Txoke Planaren barruan aktibo dagoen zaintza eta alerta sistema errepasatu du, birusaren aurrerapena denbora errealean zaintzeko eta, horrela, baliabideak eta zerbitzuak indartzeko.

Sistema horrek COVID-19aren eragina ebaluatu nahi du, jarduera-protokoloak diseinatzeko eta egokitzeko; eta, era berean, birusaren aurkako prebentzioa sustatu nahi du. Horretarako, Zaintza eta Alerta Sistemak honako hauek sustatzen ditu: prebentzio-planak berrikustea, prebentziozko PCR probak masiboki egitea, babes-elementuak hornitu eta banatzea, ikuskapenak eta aholkularitza indartzea, Prestakuntza Plan bat egitea, eta baliabideak irekitzea eta egokitzea.

"Oso errealitate aldakorra bizi dugu, oso kontziente gara horretaz, eta, horregatik, beharrezkoak diren neurri guztiak egokitzen eta bultzatzen joango gara, une bakoitzak eskatzen dituen beharretan oinarrituta", ondorioztatu du diputatuak, eta, aldi berean, gogorarazi du egungo egoerak kontu handiz ibiltzea eskatzen duela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe lan egiten jarraitzen duela prebentzio, euste eta jarraipen lanetan, osasun-krisiaren hasieratik.

Pertsona bat zendu da azken orduetan

Bestalde, eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetako erabiltzaileei egindako PCR probek emandako azken emaitzetan oinarrituta, lau positibo berri antzeman dira: bi Alai-Etxen (Donostia), bat Jesusen Bihotzan (Errenteria) eta bat Mizpirualden (Bergara). Horrez gain, Errenteriako Jesusen Bihotzean bizi zen pertsona bat hil da azken orduetan.

Azken kasuekin, egun, Gipuzkoako egoitza-zentroen erabiltzaileen artean 70 COVID-19 kasu positibo daude, 65 zentrok eta 5.425 plazek osatzen duten sarean: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio (2), Hernaniko Santa Maria Magdalena (39), Errenteriako Jesusen Bihotza (17), Donostiako Alai-Etxe (10), Donostiako Zorroaga (1) eta Bergarako Mizpirualde (1). 13 dira ospitaleko arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 39 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan ari dira artatuak izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak atzeman zirenetik, hiru adineko lagunek gainditu dute gaixotasuna, eta zortzi hil egin dira.

  

1897