Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Produktuak eta prozesuak berritzeak lehiakortasun kota handiagoak ahalbidetzen ditu”

“Produktuak eta prozesuak berritzeak lehiakortasun kota handiagoak ahalbidetzen ditu”

Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko diputatua, Tolosan izan da Pasaban enpresak ekoizpen eta merkaturatze sistemetan egin duen eraldaketa ezagutzeko

Pasaban enpresara bisita.

Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua Pasaban enpresaren instalazioetan izan da, Tolosan. Diputatuak aukera izan du instalazioak handitzeko egingo diren lanen berri izateko, eta enpresa hori ekoizpen eta merkaturatze sistemetan egiten ari den eraldaketa in situ ezagutzeko. Tolosako enpresara egin duten bisitan, Alfredo Pasaban, Alain Iturbe eta Gustavo Lascurainekin izan dira Aizpuru bera, Sustapen Ekonomikoko zuzendari Antton Tomasena eta Berrikuntzako zuzendari Garikoitz Agote.

Pasaban papergintzako ekipo ondasunen ekoizlea da, aditua da diru paperean eta segurtasun paperetan segurtasun elementuak aplikatzen, eta, gaur egunean, merkataritza eta industria eredua berregituratzen ari da I+G+b plan berrien bidez nahiz Tolosako bulegoak handitzeko eta ekoizpen instalazioak hobetzeko inbertsio plan baten bidez. Ekoizpen jarduerak optimizatzeari dagokionez, Pasabanek efizientzia handitu nahi du prozesuetan azterketa, estandarizazioa eta berrikuntza bultzatuz; barne logistika hobetuz; eta hobekuntza horiei lagunduko dien muntaketa fluxuak diseinatuz. Ekoizpen sistema berria 2018 urtearen hasierarako jarri nahi lukete abian.

Ainhoa Aizpuru diputatuak Pasabanen apustu teknologiko nagusietako batzuk ezagutu ditu; besteak beste, Poloniako Bankuarentzat euro billeteen eta beste segurtasun paper batzuen segurtasun elementuak aplikatzeko lerro oso baten ekoizpena. Sistema hori izan da Poloniako finantza entitatearentzat ekoitzi den lehena, eta honako osagai hauek ditu: bi inprimaketa gorputz, bi estanpazio gorputz eta 160m/min-ko abiaduran lan egiteko gaitasuna duen laser bidezko puntzonaketa ekipo bat.

Tolosako enpresara egindako bisitaren ondoren, Aizpuruk bereziki nabarmendu du Pasaban enpresa zer nolako ahalegin berritzailea ari den egiten merkaturatze sistemak eraldatzeko, eta, horrela, “oso zorrotza den merkatu horretan lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko”. “Berrikuntzak –produktuei eta prozesuei aplikatuz gero– merkatuetatik eta bezeroengandik hurbilago egoten laguntzen du, bai eta jarduera areagotzen eta lehiakortasun kotak handitzen ere”, azpimarratu du. “Pasaban erreferentzia argia da horretan”, esan du bukatzeko.

Pasaban abuztuan hasiko da Tolosako egoitza nagusiko instalazioak handitzeko lanak egiten, eta, horri esker, bulego eraikinari hirugarren solairua egingo diote –taldearen zerbitzu nagusiak hobetzeko 1.000 metro karratu gehiago–, eta eraikin erantsi bat egitekoak ere badira.

  

2815