Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Sueskolak berrikuntzaren eta formakuntzaren alde egin duen apustuari esker, Gipuzkoa eraginkorragoa da suteen kontrako borrokan”

Foto “Sueskolak berrikuntzaren eta formakuntzaren alde egin duen apustuari esker, Gipuzkoa eraginkorragoa da suteen kontrako borrokan”

“Sueskolak berrikuntzaren eta formakuntzaren alde egin duen apustuari esker, Gipuzkoa eraginkorragoa da suteen kontrako borrokan”

Hamar urte bete dituen zentroaren prestazioak txalotu ditu diputatu nagusiak; denbora honetan, 2.700 ikastaro eskaini dituzte bertan, 37.000 ikasleri.

“Sueskolak berrikuntzaren eta formakuntzaren alde egin duen apustuari esker, Gipuzkoa eraginkorragoa da suteen kontrako borrokan”

Ordizian kokatzen den Sueskola Fundazioa, Suteak Itzaltzen Trebatzeko Zentroa, proiektu aitzindaria da; hari esker, “berrikuntzaren eta formakuntzaren aldeko apustuaren bidez, gure lurraldea eraginkorragoa da suteen prebentzioan eta hauen kontrako borrokan”. Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, zentro honen instalakuntzak bisitatzen izan da gaur, eta azpiegiturak dituen prestazioak eta eskaintzen dituen zerbitzuak txalotu ditu. Duela 10 urte eman zuen Sueskolak lehen ikastaro ofiziala eta, Olanok nabarmendu duenez, tarte honetan 2.700 ikastaro inguru eskaini dituzte zentro honetan, eta 37.000 pertsona baino gehiago pasa dira bertatik.

          Diputatu nagusiarekin batera egon dira Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatua; Josu Idigoras, Prebentzioko, Su Itzalketako eta Salbamenduko foru zuzendaria; eta Iñigo Aldasoro, Sueskolako zuzendaria. Fundazioak Ordizian dituen instalazioak ezagutu ahal izan ditu foru ordezkaritzak, zentroko langile beteranoenen eskutik. Ondoren, Aldundiko ordezkariek ikastaro praktikoa eta demostrazio bat ezagutu ahal izan dute, Pasaiako Itsas Arrantza Eskolako ikasleekin.

          Bisitaren ostean, Olanok hedabideen aurrean nabarmendu du Gipuzkoa lurralde berritzailea dela: “Ezagutza aurreratua sortu eta zabaltzen duen ehun ekonomiko eta soziala daukagu alor guztietan, baita suteen eta larrialdien arloan ere”. Foru arduradunak azpimarratu duenez, Estatu mailan “aitzindaria” den Sueskola bezalako zentro batek berrikuntzaren eta formakuntzaren alde egindako apustuari esker, Gipuzkoa eraginkorragoa da suteen aurkako borrokari eta prebentzioari dagokienez. Horregatik, foru arduradunak zoriondu egin ditu zentroko langileak, beraien lanari esker lurraldea erreferente bihurtu delako esparru honetan.

          “Sueskola Fundazioa Gipuzkoa Eredua deritzogunaren adibide bat gehiago da: zentro berritzailea, aitzindaria eta bere alorrean erreferente dena, gainerako lurraldeetara irekia eta beste administrazioekin eta sektore pribatuarekin elkarlana bere nortasunaren parte bihurtu duena”, adierazi du diputatu nagusiak. Honela, azpimarratu du Sueskolaren kolaboratzaileen artean daudela ORKLI, CAF edo BIDELAN bezalako enpresak, eta babesle direla BABESA SUZAI, MESA produktuak, Vicuña Garraioak eta Lizarra Garbitegia, besteak beste.

          Puntu honetan sakonduz, Olanok azaldu du enpresen beharretara egokitutako formakuntza eskaintzen duela Sueskolak, eta enpresa garrantzitsuetako langileak urtero pasatzen direla Sueskolatik, esaterako Ulma, Michelin, Petronor, Gureak edota AVEQ (Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartea) enpresetako langileak, lurraldeko hainbat enpresa txiki eta ertainetakoekin batera. Suhiltzaileen formakuntzari dagokionean, urte hauetan zehar Sueskolatik pasa dira Gipuzkoa, Donostia, Bizkaia, Bilbo, Araba, Gasteiz, Errioxa, Logroño, Nafarroa edota Andorrako suhiltzaileak.

 

Hamar urtetako ibilbidea

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Sueskola Fundazioa 2009ko uztailean sortu zen, eta lehen langileak urte bereko udazkenean hasi ziren lanean. 2010eko urtarrilean lehen ikastaro ofiziala eskaini zuten. Pasa den astean bete ziren hamar urte, hain zuzen ere. Urte bereko urrian, Bizkaiko Ispasterreko maniobra eremuan hasi zen formakuntzak eskaintzen Sueskola. Egun 15 langile ditu: zuzendaria, administraria, mantentze-lanetako arduraduna, mantentze-lanetako teknikaria, laguntzailea, ikasketa burua eta bederatzi hezitzaile.

          Hamar urteko ibilbidean, Sueskolak 2.658 ikastaro eman dizkie 37.204 pertsonari. Horietatik 1.662 ikastaro Ordiziako instalazioetan egin dira, 22.466 ikasleren parte hartzearekin. Ispasterren, berriz, 996 mintegi egin dira, 14.738 lagunen parte hartzearekin. Ikastaro horietan parte hartu dutenetatik, gehienak enpresetatik etorri dira: 1.524 ikastarotan parte hartu duten 21.333 lagun. Azkenik, beste 857 ikastaro egin dira 11.763 suhiltzailerekin, eta gainerako 277 mintegiak itsas arrantzako eskoletako ikasleekin egin dira -4.108 lagunen parte hartzearekin-.