“Sumindura eta gaitzespenik irmoena” adierazi du Tolosan gertatutako sexu erasoaren aurrean Aldundiak
“Sumindura eta gaitzespenik irmoena” adierazi du Tolosan gertatutako sexu erasoaren aurrean Aldundiak
“Sumindura eta gaitzespenik irmoena” adierazi du Tolosan gertatutako sexu erasoaren aurrean Aldundiak
Eraso matxista jasan duen emakumeari “elkartasun eta babes osoa” helarazi dio Eider Mendoza foru bozeramaileak; “emakumeen duintasuna eta sexu askatasunaren aurkako ekintzak gipuzkoar guztion aurkako agresioa dira, ez dute lekurik gure lurraldean”
Joan den igande honetan Tolosan gertatu den sexu erasoaren aurrean, bere “sumindura erabatekoa eta gaitzespenik irmoena” adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozaramaileak, Eider Mendozak. Aldi berean, erakunde osoaren izenean, bere "elkartasuna eta babes osoa" helarazi die agresioa jasan duen emakumeari, nahiz haien senitartekoei eta hurbileko pertsonei.
Foru Aldundiak bat egin du Tolosako Udalak biharko egin duen kontzentrazio deialdiarekin eta bertan parte hartuko du foru erakundeko ordezkaritza batek. “Sexu eraso honen aurrean, beste behin ere, aski dela esan nahi dugu. Gipuzkoan ez du kabidarik biolentzia matxistak”, nabarmendu du. Hori dela eta, jarrera matxistak “soberan” daudela berretsi du. “Soberan daude emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabideak, soberan eskubide horien aurka doazen ekintzak, herritar guztion aurkako erasoa direlako. Ez dute inongo lekurik gure lurraldean. Indar guztiz arbuiatzen ditugu”, azaldu du.
Foru bozeramaileak gogorarazi du indarkeria sexistaren jatorria "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun faltan" dagoela, “emakumeak kontrolpean mantendu nahi dituzten egiturazko jarrera eta ideia matxistetan”. Horregatik, “berdintasunaren aldarrian” jarri du azpimarra Mendozak. “Gizarte bizitzako ohitura eta jaiak berreskuratzen ari garen honetan, argi eta garbi diogu: aisialdiaz, festez eta harreman sozialez erabateko askatasunez gozatzeko eskubidea eta aukera izan behar dute emakumeek. Eraso sexistarik gabeko kale, auzo eta herriak nahi ditugu”, aldarrikatu du.
Azkenik, Aldundiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean beren “gaitzespena eta konpromisoa” adierazteko. Horregatik, bihar arratsaldean Tolosan egingo den kontzentrazioan parte hartuko du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
1697