Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea «Talentu zientifikoa erakartzea giltzarria da Gipuzkoa I+G+b arloan erreferentzia izan dadin»

«Talentu zientifikoa erakartzea giltzarria da Gipuzkoa I+G+b arloan erreferentzia izan dadin»

Fellows Gipuzkoa programari esker, 2018ko deialdian, 11 ikertzaile kontratatu dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak egiaztatutako sei zentrotan.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko diputatuak, Foru Jauregian hartu ditu gaur Fellows Gipuzkoa 2018 programan parte hartu duten ikertzaileak, komunitate zientifikoa ikusgarri egiteko egiten duten lan zientifikoa ezagutzeko eta Gipuzkoak arlo horretan duen potentzialaren balioa azpimarratzeko xedez. Aizpuruk adierazi du talentua behar bezala kudeatzea giltzarria dela Gipuzkoa aurreratu bat eraikitzeko eta «I+G+b arloan erreferentzia» izateko. Orobat nabarmendu du urteroko Fellows Gipuzkoa deialdia irekita izateko apustuak  «bikaintasuna» lortzeko bermea dakarrela.

          Diputatuak eta Antton Tomasena Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendariak lan bilera bat egin dute Fellows Gipuzkoa programaren onuradun izan diren ikertzaileekin eta zentroetako ordezkariekin. Programako 11 ikertzaileak askotariko proiektu zientifikoetan aritzen dira lanean, besteak beste, arlo hauetan: neurohizkuntzalaritza eta afasia, osasunera eta patologia desberdinak detektatzera bideraturiko nanoteknologia; material polimeriko berrien garapena, energia biltegiratzeko, besteak beste; arrain espezieak aurkitzeko datu akustikoen erabilera; eta nanomaterial bioaktibo berriak sortzeko aukera.

Ainhoa Aizpuruk Fellows Gipuzkoa programak duen «balio izugarria» nabarmendu du: «Etorkizuna eraikitzeko oinarrietako bat ikerketa da. Eta ikerketaren oinarrian pertsonak daude. Gure helburua da lurralde aurreratu bat izatea, ikerketan eta garapenean erreferentziazkoa izango dena; horregatik, giltzarria da zientziaren eta ikerketaren aldeko apustu sendo bat egiten eta talentu zientifikoa behar bezala kudeatzen jarraitzea». Diputatuak eskerrak eman dizkie zentroei eta eragile zientifiko eta teknologikoei egiten ari diren lanagatik, «Gipuzkoa I+G+b arloan gero eta lurralde aurreratuagoa eta erreferentziazkoagoa egiteko bultzada irmo eta partekatua» emateagatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero egiten du Fellows Gipuzkoa deialdia, talentu zientifikoa Gipuzkoako ikerketa zentro, enpresa eta unibertsitateetara erakartzeko eta horietan atxikitzeko helburuarekin. Fellows Gipuzkoa programa 2000. urtean sortu zuen, gure lurraldeko ikerketa zentroetako maila zientifikoa areagotzeko maila handiko ikertzaileak kontratatzeko xedez. Doktoratu ondoko prestakuntza duten ikertzaileen talentua nazioarteko garrantzia duten ikerketa taldeetara erakartzeaz gain, Fellows programak talentu hori gure lurraldean atxikitzea sustatzen du, ikertzailea gehienez ere hiru urterako kontratatzea finantzatuz, eta, horrela, ikerketa zentroek denboraldi luzeagoan ikertzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Programa honi esker, ikertzailea lehen urtean kontratatzearen gastuak % 100ean finantzatzen dira, bigarren kontratazio urtekoak % 80an, eta hirugarren urteko gastuak, berriz, % 70ean.

          Topaketan, foru arduradunekin batera izan dira programaren onuradun diren  Gipuzkoako eta nazioarteko ikertzaileak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak egiaztatutako ikerketa zentroetako arduradunak: Jose Antonio Fernandez eta Rogelio Pozo, AZTI Fundazioko zuzendari nagusia; Lucia Amoruso, Simona Mancini, Manuel Carreiras, BCBLko zuzendari zientifikoa eta Miguel Angel Arozena, BECBLko zuzendari nagusia; Carlos Sanchez-Cano eta Luis Liz Marzan, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa; Catalina Mansilla, Ana Beloqui, Adrià Gil eta Jose Maria Pitarke, CIC Nanoguneko zuzendaria; Aitzol García eta Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendaria; Connie Ocando, Jon Maiz eta Jose Maria Asua, Polymateko zuzendaria; eta Darya Chyzhyk eta Agustin Erkizia, UPV/EHUren Donostiako campuseko errektoreordea.

Fellows Gipuzkoaren 2019ko deialdi berria

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat bi helburu estrategiko dira I+G+b arloa sustatzea eta talentua erakarri, atxiki eta sortzearen aldeko apustua, eta Fellows Gipuzkoa programa da, hain zuzen, helburu horiek lortzeko giltzarri garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, Gipuzkoako suspertze ekonomikoaren eta enpresen hazkundearen ardatzetariko bat da, horiek produktu eta zerbitzu berriak ekoitzi ditzaten, ezagutza garatu eta transmititu dezaten, eta ikertzaile berriak prestatzea sustatu dezaten. 

          Horiek horrela, Gobernu Kontseiluak Fellows Gipuzkoa programaren 2019ko deialdia onetsi du, guztira 480.000 euro bideratuz talentu zientifikoa erakartzera eta atxikitzera. Eskaerak aurkezteko epea aurtengo martxoaren 27an amaituko da. 2000. urtetik, 35 ikertzaile erakarri eta atxiki dira Gipuzkoara; 2016an erabaki zen Zientziaren Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareak egiaztatutako zentro guztiei irekiko zitzaiela programa, eta, horri esker, guztira zortzi zentrok lortu dute deialdietan onuradun izatea.

4.315.000 € gehiago ikerketa babesteko

Gobernu Kontseiluak onetsitako neurrien artean dago honako hau ere: 4.315.000 euroren zenbatekoa bideratuko da I+G proiektuak sustatzeko eta ekipamendu eta azpiegituren inbertsio beharrak asetzeko laguntza behar duten Gipuzkoako zentroak, unibertsitateak eta enpresetako I+G unitateak babestera, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen parte direnak barne.

          Fellows Gipuzkoa programarekin batera, deialdi honen xedea da Gipuzkoa I+G arloan puntako eskualde bihurtzea. «Gipuzkoak ikerketan aritzen diren entitateen sare zabal bat dauka; horiek babesa ematen diete enpresei, eta ezagutza berria sortzen dute hainbat arlotan», gaineratu du Ainhoa Aizpuruk. «Aurrera egiten jarraitu nahi dugu, Gipuzkoa I+G arloan puntako eskualde izan dadin, eta, horrela, gizarte moduan etorkizunean izango ditugun erronkei aurre egiteko oinarriak finkatu ditzagun».
  

1701