Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Telelana erantzunkidetasunarekin batera garatu behar da”

“Telelana erantzunkidetasunarekin batera garatu behar da”

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, "garrantzi handiko" lan modalitate honen hedatzeak ezin du berekin "atzerapausorik" eragin ekonomiaren alorrean emakume eta gizonen aukera berdintasunean .

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, telelana hedatzeko garaian “erantzunkidetasunaren ikuspegia" txertatzearen garrantzia nabarmendu du gaur goizean,  baliabide hori hedatzeak balio dezan eremu sozioekonomikoan "berdintasunean sakontzeko" eta "emakumeen eta gizonen talentua erdigunean jarriko duen enpresa eredu lehiakor eta parte-hartzailea" sustatzeko. Aldundiak sustatutako Erantzunkide Sarearen jardunaldi telematiko batean, non lurraldeko enpresetako ehun bat ordezkarik online parte hartu duten, eta Olanok adierazi du lan modalitate horren hedapena, Gipuzkoako enpresen etengabeko eta digitalizazioaren esparruan "garrantzi handikoa", emakumeen aukera-berdintasunean "atzerapausorik gabe" egin behar dela esparru ekonomikoan.

Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariarekin batera, diputatu nagusiak Telelana, genero ikuspegitik enpresetan: inprobisaziotik kudeaketa iraunkorrera izeneko jardunaldi telematikoa ireki du. Bertan, hainbat adituk lan-modalitate hori lan-munduan sartzeari buruz duten ikuspegia partekatu dute. Halaber, kontziliazio erantzukidearekin konprometituta dauden Gipuzkoako enpresen Erantzunkide Sarea sarean parte hartzen duten hainbat enpresek arlo horretan dituzten esperientzien berri eman dute.

Diputatu nagusiaren arabera, COVID-19 pandemiaren agerpenak eta ondorengo konfinamenduak telelana enpresen ohiko dinamikan "premiaz sartzeko" beharra ekarri zuen. Olanok gogorarazi duenez, adibidez, lurraldeko 376 enpresa txiki eta ertainek jaso dute Ekonomia Sustapeneko foru departamentuaren laguntza, beren lan sistemak testuinguru berri horretara egokitzeko. Kopuru horrek erakusten du lan sistema hori “funtsezko baliabidea” izan zela lurraldeko enpresa eta langileentzat, konfinamenduaren eta deseskalatzearen ondorioei aurre egiteko garaian.

Hala ere, telelanaren bat-bateko igoera horrek hainbat ikuspuntutatik ere sortu ditu galdera ikurrak. "Horien artean, bizi dugun egoera kritikoan, lehen ikerketek ohartarazten digute emakumeak izan direla telelana gehien erabili dutenak, eta horrek, kasu askotan, karga erantsi bat ekarri die, dagoeneko nagusiki beren gain zeuden lanei gehituz", hausnartu du diputatu nagusiak.

Errealitate horren aurrean, diputatu nagusiak esan du "gure enpresen digitalizazioa funtsezko erronka" den testuinguru batean, telelana "oso tresna garrantzitsua" dela "gure lan egiteko moduak" modernizatzeko eta hobetzeko. "Baina dinamika hori erantzunkidetasunaren ikuspuntutik garatu behar dugu, esparru sozioekonomikoan berdintasunean eta enpresa-eredu lehiakor eta parte-hartzaileetan sakonduz, giza talentua erdigunean jar dezaten eta emakumeen aukera berdintasunean atzerapausorik egon ez dadin".

Horren harira, diputatu nagusiak gogorarazi du Aldundiak onartu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planak bere "esku-hartze ildoen" artean jasotzen dituela esparru sozio-ekonomikoan emakumeen eta gizonen "aukera berdintasuna" bermatzeko politikak. Egungo testuinguru kritikoan "oraindik garrantzi handiagoa" hartzen ari den helburua da. Zentzu horretan, "berdintasunaren aldeko apustua" Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoaren parte da; "gure lurraldeak bere egin duen giza garapen iraunkorraren parte gisa indartu behar dugu balio hori, are gehiago egungo krisitik ateratzeko orduan", gaineratu du.

Ikerketa berria martxan

Bestalde, Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak jakinarazi duenez, Aldundia Erantzunkide Sareko 35 enpresen artean prospekzio bat egiten ari da –kontziliazioaren  arloan esperientzia pilotuak egin dituzte–, telelana ezartzeak beren enpresetan izandako irismena eta emaitzak ezagutzeko, betiere berdintasunaren ikuspegitik. Era berean, beste ikerketa bat egingo da Gipuzkoako 500 enpresa baino gehiagorekin, telelanari eman zaion erabilera eta COVID-19ren ondorioz kontziliazio-neurrietan sortutako aldaketak ikertzeko.

Isabel Pla Julián, Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko Saileko Ekonomia Feministaren Ikerketa Unitateko zuzendaria, telelanak langileentzat eta, bereziki, emakumeentzat suposatzen dituen "ahalmen eta tranpak" erakusten saiatu da bere hitzaldiarekin. Adierazi duenez, COVID-19ak lan-figura horrentzat aukera gehiago zabaldu ditu. Hala ere, lan modalitate hori arautu eta ezartzeko beharra planteatu du, "bizitzaren jasangarritasuna" hobetzeko.

Ander Sansinenea LKS Nexteko zuzendariak "presentismoa" eraldatzeko "aukera" gisa aurkeztu du telelana, eta, horretarako, "eraldaketa kulturala" beharrezkotzat jo du. Lan modalitate horren onuren artean, "Bizitza pertsonala eta bizitza profesionalaren uztartzea hobetzea, denbora hobeto aprobetxatzea, produktibitatea handitzea eta in itinere istripuak murriztea" aipatu ditu, besteak beste. Hala ere, aditu horren esanetan, "Arriskuak" ere planteatzen ditu, besteak beste, "jardunaldien luzapena, ikusezintasuna eta erabiltzen den informazioaren segurtasuna".

  

1394