Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan” Hainbat Egile

“Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan” Hainbat Egile

10 idazle hurbildu dira Xabier Leteren lanera, poetaren hamargarren urteurreneko omenaldi gisa.

2020/11/20
  • Harkaitz Millan Kultura diputatua "Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. Letek ezin hobeto transmititu zuen euskal gizartea eta kultura defendatzen zutela ziotenek hain zuzen ere gizarte eta kultura horri eragiten zioten kaltea ikusteak sortzen zion samina eta nahigabea.”

10 urte dira Xabier Lete hil zela. Bere olerki eta kantuek, bere lanek eta bere gogoetek fruituak ematen jarraitzen dute. Bere argia ez da itzali, kontrakoa baizik.  Izarren hautsa bezala, etengabe biziberritzen ari da, garrantzia eta sakontasuna handituz. Gure klasikoetako bat da eta gutxitan lortzen den zerbait lortu du: jendearen miresmena eta maitasuna.

Letek esan zigun gizakion lana jakintza zela, ezagutuz aldatzea. Bale Zuriak argitaratutako Liburu honek omenaldi berezia egin nahi dio Xabier Leteri, eta ezagutza horri heldu nahi izan zaio poetaren eta gizakiaren irudi osoa eskaintzeko. Guztira, hamar saiakera labur eta hamar hurbilketa biltzen ditu lan honek. Horretarako, hamar idazle eta aditu bildu ditugu: Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Inazio Mujika Iraola, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien.

"Existentziaren aurrean, Letek bi jarrera erakutsi zituen: jazarpen oldarkorra eta abaildura. Pentsa zitekeen abaildurak konkistatu zuela (...) baina eraldatu ere egin zitzaion: bere jarrera eta hitzetan damua, fedea eta maitasun sakona agertzen ziren".

2010eko abenduaren 5ean zendu zen Xabier Lete, XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia garrantzitsuenetako bat, belaunaldi oso bati euskarazko poesia gerturatu baitzion. Izaera polifazetikoa zuen, poeta, kantari edo idazle gisa azaldu zuena. Hala ere, Letek ez zuen inoiz ezkutatu poesiaren bidez lortzen zuela sentimenduak, kezkak eta sentsibilitate estetikoa adieraztea. Horregatik, aurten bere heriotzaren hamargarren urteurrena ospatuko denez, bidezkoa da bere alderdi poetikotik hastea aintzatespena.

 

Harkaitz Millan Kultura diputatua "Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. Seguruenik, haren ibilbideak, haren bizi-bidaiak bat egin zuelako belaunaldi oso batenarekin. Diktaduraren azken urteetan euskara berreskuratzeko eta askatasunak aldarrikatzeko kezkatik, lurralde intimo eta pertsonalagoetara eboluzionatu zuen, arreta bizitzan bertan, bizitzaren bilakaeran eta heriotzan jartzeko.  Letek indarkeriaren eta terrorismoaren aurkako konpromiso argi eta goiztiarra erakutsi zuen, eta ezin hobeto transmititu zuen euskal gizartea eta kultura defendatzen zutela ziotenek hain zuzen ere gizarte eta kultura horri eragiten zioten kaltea ikusteak sortzen zion samina eta nahigabea”.

 

Xabier Lete euskal kulturaren eta poesiaren dibulgatzaile garrantzitsua ere izan zen, eta bere kantautore lanak euskal poeta garrantzitsuen lanari zabalkunde handiagoa ematen lagundu zuen. Nabarmentzekoak dira «Bertso zaharrak» diskoa edo Lizardi eta Txirritaren poemak, besteak beste, musikatu zituzten lanak. Letek lortu zuen, halaber, poeta baten heriotzaren soinu omenaldia, «Xalbadorren heriotzean», gure kantutegiko abesti ezagunenetako bat izatea, eta Urepeleko bertsolari entzutetsuaren olerki bat inoiz irakurri ez dutenek ere abestea.

 

Beraz, garai baten sentimena bere lanean islatu zuen poeta izateaz gain, euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzeko lanean gehien nabarmendu zenetako bat izan zen.

 

Aurkibidea

 

Urruti zegok hura. ANJEL LERTXUNDI                                                     

Ume baten belarriarekin, bost doinu. JUAN KRUZ IGERABIDE                           

Izatetik izatera. Xabier Leteren genealogia literarioaz. LOURDES OTAEGI

«Ni naiz, zauri bat». ITXARO BORDA

Poetak eta mitoak. Xabier Lete. JON GEREDIAGA

Kaliayev eta Antigona. Ohar zenbait Xabier Leteren ikuspegi etikoaz. ALEX GURRUTXAGA

Bianditz gailurraren bestaldean. AINHOA URIEN TELLETXE

Goizetik gauera, Xabier Lete. JON MARTIN

Xabier Leterekin elkarrizketa. ARANTXA URRETABIZKAIA

Eginbehar baten kontzientzia. Xabier Leteren (auto)biografiarako testu osagarriak. INAZIO MUJIKA IRAOLA

 

  

1716