Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

1,18 milioi euro lehen sektoreari dirulaguntzak emateko, pandemiaren aurrean

Foto 1,18 milioi euro lehen sektoreari dirulaguntzak emateko, pandemiaren aurrean

1,18 milioi euro lehen sektoreari dirulaguntzak emateko, pandemiaren aurrean

Hainbat jardueratako 480 ustiategik jaso dituzte dirulaguntzak: esnetarako eta haragitarako behi-azienda, ardi- eta ahuntz-azienda, sagardoa, txakolina, eta behi-azienda suharra.

1,18 milioi euro lehen sektoreari dirulaguntzak emateko, pandemiaren aurrean

Foru Aldundiak onetsi du zuzeneko laguntzak ematea Gipuzkoako nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreari, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean, pandemiak gehien kaltetutako azpisektoreak babesteko, 1.187.435 euro, guztira. Ezohiko deialdi horren bidez, foru erakundeak 480 onuraduni laguntzen die, jarduera hauetan aritzen direnei: behi-azienda (haragia, esnea), ardi- eta ahuntz-azienda, sagardogintza, txakolingintza, eta behi-azienda suharra. “Arindu nahi ditugu krisiaren eragina eta azpisektore horietako ustiategi asko jasaten ari diren zailtasunak, haien jarraitutasunari lagunduz, eta, horrela, eusten lagunduz Gipuzkoako landa-ingurunearen jarduera ekonomikoari, enpleguari eta dinamismoari”, nabarmendu du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak.

 

Laguntza horien % 29,87 (354.696 euro) esne-behien ustiategietara bideratu da, eta 108 lagun izan dira onuradun; % 23,53 (279.388 euro) ardi- eta ahuntz-azienden ustiategietara, eta 140 lagun izan dira onuradun. Haragitarako behi-azienden ustiategiei dagokienez, 246.798 euro banatu dira, eta azpisektore horrek izan du eskaera-kopururik handiena, zehazki 182, laguntza guztien % 20,78. Pandemiak zuzenean eragin die sagardogileei ere; beraz, laguntzen % 17,52 (207.990 euro) azpisektore horrentzat izan da, eta 56 lagun izan dira onuradun. Txakolingileek laguntzen % 7,11 jaso dute (84.437 euro), eta 28 ustiategi izan dira onuradun. Azkenik, azienda suharraren sei ustiategik 14.124 euro jaso dituzte, hau da, laguntzen % 1,19.

 

Krisiak lehen sektorean izan duen eragina desberdina izan da, zeren eta, azpisektore batzuek beren jarduerari nolabaiteko normaltasunez eutsi ahal izan baitiote, eta beste batzuei, berriz, aipatutakoei bezala, gehiago erasan die geldialdi ekonomikoak nahiz eskariaren krisiak nahiz beste faktore batzuek. “Eragina bereziki nabarmena izan da jarduera horietan, eta galera nabarmenak eragin dizkie jarduera horietan aritzen diren autonomoei eta ETEei. Plan honen bidez, haien biziraupena aldeztu nahi dugu”, azaldu du diputatuak. Laguntzen gehieneko zenbatekoa 7.500 euro da onuradun eta azpisektore bakoitzeko. Aurrekontuan jasotako hasierako zenbatekoa 1 milioi zen arren, Foru Aldundiak zuzkidura handitu du dauden eskaerei erantzuteko.

 

Berrikuntza nagusietako bat da deialdi horretan sartu direla behi-aziendaren sektorerako zuzeneko laguntzak, zeren eta, krisiaren eraginari gehitu behar baitzaio “zailtasun erantsia daukala lehengaien prezioa igotzeak, batez ere animalia-pentsuarena. Izan ere, garrantzi handiko arazo bat da hori, neurri hori hartzera behartu gaituena, sektoreari arnasa ematen saiatzeko” ziurtatu du Larrañagak.

Deialdia ‘Ekonomia Indartuz’ planaren parte da, zeina baita Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko plana. Tresna horren bidez, foru erakundea programa, laguntza eta neurri multzo oso bat hedatzen ari da, lurraldearen ekonomia indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko. Plan horrek badauka alderdi koiuntural bat, dirulaguntzak eta neurri fiskalak biltzen dituena, pandemiak gehien eragindako pertsonei eta sektoreei laguntzeko, hala nola ostalaritza, merkataritza, turismoa edo lehen sektorea, arreta ETEetan eta autonomoetan jarrita.

Lehen sektoreari zuzendutako laguntza-deialdiaren kasuan, ondoz ondoko bigarren urtea da Foru Aldundiak deialdi hori aktibatzen duena. 2020an, Gipuzkoako 290 ustiategiri lagundu zitzaien, 893.074 eurorekin, barne hartuta nekazaritza-turismoko establezimenduak eta lore-mozketak. “Pandemiak markatutako bi urte hauetan, 2 milioi baino gehiago bideratu ditugu aparteko modu batean, eta horiei esker nekazaritza eta abeltzaintzako 670 ustiategitara iritsi gara. Lehen sektorearen jarduera eta baserritarren lana funtsezkoak dira Gipuzkoaren etorkizuneko ongizaterako, eta Foru Aldundiaren konpromisoa bat dator garrantzi horrekin. Neurri koiunturaletatik harago, jarraituko dugu sektorea indartzen eta lehiakorrago bihurtzen, bere erronkei aurre egin ahal izateko, lurralde osoarenak baitira”, amaitu du.