Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 1,2 milioi Zarauzko Errotaberri industria gunearen lotura berriako

1,2 milioi Zarauzko Errotaberri industria gunearen lotura berriako

Kostako udalerriaren mugikortasunean eta etorkizun ekonomikoan “funtsezkoa” den obra babestuko du Foru Aldundiak

2018/06/06
Kontseilua ekainak 6

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren artean sinatuko den hitzarmena onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak, Errotaberri industria alorraren urbanizazio proiektuari dagozkion lanak gauzatu eta finantzatzeko. Hitzarmen horrek jasotakoaren arabera, foru erakundeak partzialki finantzatuko ditu Frantsebidea deritzon atalari dagozkion lanak, bere eskumenekoak diren arloetako kapituluetan, 1.243.026,59 euroko ekarpena guztira. Halaber, erabilgarri utziko ditu obrak egiteko beharrezkoak diren lurrak. Zarauzko Udalak, berriz, obra horiek kontratatzeko eta gauzatzeko erantzukizuna bere gain hartuko du.

Bost fase dauzka Udalak 2017an idatzitako proiektuak. Lehenengo hirurak jada martxan dira, eta laugarrena berehala jarriko da abian, aurreikuspenen arabera. Gaur onartutako hitzarmena bosgarren faseari dagokio. Hori garatzeko 1.892.371,97 euroko aurrekontua bideratuko da guztira, eta exekuzio epea 16 hilabetekoa izango da. Frantsesbideako obrek Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotuko dituzte; horretarako autobidearen gainean dagoen pasabidea erabiliko da. Era berean, jasotzen dira, Frantseskoako kutxa berritzea, Aitza auzoarekin lotunea egitea, eta T itxurako bidegurutzea egitea Arizia biribilgunea kendu ondoren.

Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur nabarmendu duenez, jarduketa horiei esker, Errotaberri industrialdearen eta bide sare orokorraren arteko lotunea hobetuko da, “zirkulazioak herrigune osoa zeharkatu behar ez izatea” erraztuz. Izan ere, gaur egun, N-634 eta AP-8 errepideak lotzen dituen biribilgunetik Zubiaurrezar kalea hartu behar da eta ondoren, Araba eta Urdaneta zeharkatu behar dira autobidearen azpitik igaro arte. “Errotaberrira doazen ibilgailuen herriguneko ibilbidea 800 metrotan murriztea lortuko du. Horietako asko, ibilgailu astunak dira. Beraz, herriaren mugikortasunean hobekuntza handia ekarriko du, hiri kaskoan trafikoa arinduko duelako, eta bizilagunen bizi kalitatean eragin positiboa edukiko duelako horrek”, azaldu du.

Iñurritzako ibaiaren egoera hobetzetik eratorritako sinergiak aprobetxatuz, Errotaberri industriagunerako sarbideak hobetzeko helburuan bat datoz Zarauzko Udala eta Foru Aldundiak. Horregatik erabaki da lankidetza hitzarmena idaztea eta adostea, erakundeen arteko “elkarlana” bilatuz. “Garrantzi handiko obra” da ekonomia alorrean ere, herriaren etorkizuna finkatzeko, industria jarduera handitzea eta garatzea ahalbidetuko duen neurrian. Orain arte Abendañon kokatzen den jarduera hori neurri handienean, baina agortzen ari da bere gaitasuna. Industria gunean lan egiten dutenentzat ere onurak ekarriko ditu aktuazioak.

Horrez gain, bosgarren fase honetan diruz babestutako jarduketak, bat datoz Foru Aldundiak lehenago N-634 errepidearen Zarauzko saihesbidea egiteko aurreikusitako proiektuek jasotakoekin. “Hala, jarduketa horiek orain egiten badira, ez dira aurrerago egin beharko, N-634 saihesbidearen separatako lanei ekiten zaienean. Beraz, aurreikusitako lanak aurreratzea dakar. Aurreneko pausoa ematen ari gara”. Era berean, Markel Olano diputatu nagusiak 2017an udalerrira egindako bisita instituzionalean hartutako konpromiso zehatza betetzen da gaurko erabakiarekin.

Garrantzi handiko inbertsioa N-1-ean

Bestalde, Kontseiluak oniritzia eman dio N-I errepideko hainbat zatitan bidezoruaren egitura birgaitzeko proiektuari: 424,070 eta 435,130 KP-en artean (Gasteiz-Irun noranzkoan), eta 422,450 eta 425,320 KP-en artean (Irun-Gasteiz noranzkoan).  1.819.561,55 eurokoa izango da aurrekontua, orotara, eta lanak egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa. Zati horietan nahiko zaharra da errodadura geruza, eta askotan konpondu izan da unean uneko konponketa partzialen bidez. Edonola ere, konponketa sakonagoa behar da horien egoera bermatzeko, kalte handiak dituztelako, eta errepideko erabiltzaileek azken hilabeteetan sarritan egin dutelako eskaera.

Hain zuzen ere, Gasteizko norabidean, zati hauetan egingo dira lanak: Arama-Ordizia eta Legorreta-Itsasondo. Irungo norabidean, berriz, Itsasondo-Legorreta, Legorreta-Ikaztegieta eta Alegia-Tolosa tarteetan. Lasak gogorarazi duenez, negoa oso “gogorra” izan da, izan diren euriteengatik, eta baita elurteengatik ere, gatza botatzeak eragina baitauka bidezoruan. Udan programatuko dira lanak, eguraldiagatik, eta opor garaia aprobetxatuz, erabiltzaileei eragindako eragozpenak gutxitzeko. Izan ere, trafiko oso altua dauka errepide horrek, egunero milaka ibilgailu igarotzen baitira, horietako asko kamioiak. Tolosa parean, adibidez, 36.000 ibilgailukoa da batez besteko trafikoa egun batean.

Bozeramaileak nabarmendu duenez, N-1 mantenimendua eta hobekuntza bermatzea “lehentasuna” da foru gobernuarentzat, errepideen kudeaketaren baitan. “Kopuru handiko” inbertsioak bideratzen dira helburu horretarako, eta AT ordainketa sistema jarri zen martxan ibilgailu astunentzat. 2015az geroztik, bidezorua birgaitzeko 7,5 milioi euro inguru inbertituko dira. Horiei beste 7,5 milioi erantsi behar zaizkie, prebentziorako eta ohiko artapenerako lanak aintzat hartuta.  

Gaur onartutako lanekin, oraingo zoruak duen egituraren gaitasuna handitu nahi da,  zerbitzu-aldian aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko; aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu (segurtasunari eta erosotasunari dagokienez), eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik. Proiektuak zorua sendotu aurreko lanak zehazten ditu, oraingo zoladura konponduko da kanpoaldeko lerroan. Horretarako, sakonean fresatuko da eta 6-10 cm-ko beroan egindako modulu altuko betun nahasketazko geruza zabalduko da. Helburua da lerro horri egitura ahalmen handiagoa ematea, zirkulazio astunaren neke handiena jasaten baitu. Gero, errodadura geruza zabalduko da plataformaren zabalera osoan.

Gainera, aipatutako zatietako bost egituretan, gainazala fresatuko eta errodadura geruza zabalduko dela aurreikusten da, eta dilatazio junturak ere konponduko dira. Azkenik, seinale horizontalak konponduko dira  eragindako  zati guztietan.

 

Ekonomia zirkularra

Azkenik, gaurko bilkuran adostu da Tecnun ikerkuntza zentroari 19.950 euroko diru laguntza zuzena ematea, ekonomia zirkularrari dagokionez Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko ikerketa egiteko. Zentro hori aspalditik ari da lanean ekonomia zirkularra enpresetan integratzeko lerroan, eta jarduera horrekin jarraitzeko asmoa du, ekonomia zirkularrak lurraldeko ekonomia ehunean dauzkan ezarpen maila eta aukerak ikertuz. Horretarako, lehendabizi, praktika onenak berrikusiko ditu, bat eginez Europako Batzordeko metodologiarekin eta jarraibideekin. Gero, adierazle egokienak aztertuko ditu diagnostiko eredu bat prestatzeko eta, eredu horretatik abiatuta, Gipuzkoako egoerara aplikatuko duen tresna bat garatuko du, baliagarri izango dena lurraldeko enpresen egoera ezagutzeko.

Hasteko, enpresa-talde txiki batekin egingo da diagnostikoa eta, gero, eredu horren erabilera beste enpresa batzuetara zabalduko da, sektore guztien ordezkaritza lortzeko eta, azkenik, Gipuzkoaren inguruko egungo egoera identifikatzeko “etorkizuneko erronka” horren aurrean. “Gure enpresek errealutate berri horretara egokitzen asmatu behar dute, etorkizuneko apustu horretan inplikatzen, ingurugiroa zaintzeko eta lehiakortasuna bermatzeko ezinbestekoa delako, baina hori baino lehen, nolako egoeran dauden jakin behar dugu”, adierazi du Lasa.

Eredu ekonomiko linealaren aurrean, hau da, ateratzea, ekoiztea, kontsumitzea eta baztertzea dakarren ereduaren aurrean, Aldundiak lagundu egin nahi du “paradigma berri batekiko trantsizioa, baliabideen erabilera eraginkorra sustatuz. Modelo hori naturan inspiratzen da, non denaz baliatzen baita prozesu zikliko batean. Beraz,  fluxu materialen erabilera eraginkorrago batean, hondakinen minimizazioan, eta enpresen arteko sinbiosian oinarritutako ekonomia proposatzen dugu”, amaitu du.

  

1399