Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 1,5 milioi eurotik gora bideratuko dira aurten pertsona eta proiektu ekintzaileak babestera

1,5 milioi eurotik gora bideratuko dira aurten pertsona eta proiektu ekintzaileak babestera

Enpresak sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren bitartez 486 proiektu bultzatu ziren 2016an

2017/06/27

Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak enpresak sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren oinarriak onartu ditu gaur. Aurtengo deialdiaren bitartez 1.570.000 euro bideratuko dira guztira, ondorengo ildo estrategikoetan banatuta: enpresak sortzeko prozesuan enpresa proiektuei laguntza ematea –Txekin, 220.000 euro-; enpresak sortzeko prozesuan emakumeek sustatutako proiektuei laguntza ematea –Emekin, 350.000 euro-; oinarri teknologikoko enpresak edo enpresa berritzaileak sortzeko laguntza –Txekintek-Barnetekin, 824.500 euro-; eta ekintzaileen eta ekintzailetzaren inguruko trebakuntza, ebaluazioa, balorizazioa eta zabalkunde soziala laguntzeko jarduerak -175.000 euro-.

Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazitakoaren arabera, Ekonomia Suspertzeko Planaren lan ildoetako bat da programa. Legealdia hasi zenetik, Aldundia 50 milioi euro inbertitzen ari da urtean Plana sostengatzeko. Programa zehatz honekin orain arte lortutako emaitzak “oso positiboak” dira. Gainera, deialdiak bat egiten du EAEren esparruan martxan jartzekoa den Jarduera Ekintzailetzako Erakunde arteko bigarren Planarekin (PIE 2020). Plan honek, beste helburu batzuen artean, sustapen aurreratuari babesa ematen dion ekosistema indartzea azpimarratzen du; eta ekintzailetza berritzaileari eta teknologikoki aurreratuari emandako babesaren prozesu, berrantolaketa multzoa eta egituren hobekuntza bilatzen du Euskadin.

Hori horrela, programaren bitartez, hainbat neurri hartu nahi dira: batetik, barne ekintzailetzaren bidez enplegua (autoenplegua barne) sortzen duten enpresa eraginkor eta efizienteak sustatzeko, enpresa berriak sortzeko eta garatzeko (spin-off-ak, azelerazio prozesuak, balio erantsi altuko negozioak garatzeko laguntza, etab.). Funtsean,  ekosistema ekintzaile bat garatu nahi da, zeinak politikak, fiskalitatea eta administrazioa, merkatuak, azpiegiturak, lidergoa, babes eta laguntza elementuak, eta ekintzailetzaren aldeko kultura integratuko dituen. 2016an, gaur ezagutarazitako deialdiaren bidez, 486 proiektu lagundu ziren guztira, 345 enpresa sortzea ahalbidetu zituztenak. Azken horietatik, 215 izan ziren emakumeek sustatutakoak.

Foru Aldundiak ekosistema hori sendotzeko eginkizuna hartzen du bere gain, eta, zeregin horretan, ekintzailetzaren katean dauden eragile guztiak tartean sartu eta pertsona ekintzaileak protagonista izango direla ziurtatu nahi du. Ekosistema ekintzaile horrek oinarrizko bi ardatz aldarrikatu behar ditu enpresa berriak sortze bidean: euskal zientzia eta teknologia sarearen protagonismoa, batetik, korporazioaren barne ekintzailetza, bestetik. Laburbilduz, eragile bakoitzak gune aktibo gisa definitu behar du bere burua, ekintzailetza bultzatzeko Gipuzkoako sarearen barruan.

Ekintzailetza kultura sustatzea du xede diru laguntza lerroetako bat, eskuratuz eta garatuz aldaketa gaitasunari lotutako konpetentziak, norberaren ideien esperimentazioari loturikoak eta irekitasun eta malgutasun handiagoz erantzuteari loturikoak. “Ekintzaile izatea proiektu berriak abiarazten jakiten datza: autonomia, arriskua hartzeko gaitasuna, ardura, intuizioa, kanpora proiektatzeko gaitasuna, erreakzionatzeko eta arazoak konpontzeko gaitasuna behar dira, besteak beste”, azaldu du Lasak. Hori horrela, ekintzaileen eta ekintzailetzaren inguruko trebakuntza, ebaluazioa, balorizazioa eta zabalkunde soziala laguntzeko jarduerak ere aurreikusten dira programan.

Diputatuak nabarmendu duenez, ekintzailetasunaren kultura, eta pertsona ekintzaileak, “funtsezko elementua” ekonomiaren susperraldia finkatzeko, eta gizarte oparoa eta ezberdintasun tasa txikiagoa duena eraikitzen jarraitzeko. “Lanean ari gara Gipuzkoak enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak sor ditzan, ekoizpen ekonomiaren alde eginez, bereziki etorkizuneko sektore estrategikoetan eta industrian. Gure eredu ekonomikoaren oinarri bezala, enpresa parte-hartzaileagoak, kontziliatzaileagoak, berritzaileagoak, sustraituagoak, nazioarteratuagoak eta lehiakorragoak nahi ditugu. Uste dugu enpresek egiten duten ekarpen soziala eta ekonomikoa aintzat hartu behar dela, zer esanik ez Gipuzkoan, non ekonomia ehuna enpresa txiki eta ertainek osatzen duten neurri handi batean”.

Deialdira eskaerak aurkezteko oinarriak eta informazio guztia GAOn argitaratuko dira laster. Programa horri, Aldundiak Elkargirekin elkarlanean martxan jarri duen finantzaketa tresna gehitu behar zaio: start up-ek eskura dezakete finantzazioa, besteak beste.

SII ezartzeko araudi aldaketa

Era berean, foru dekretu bidez, Kontseiluak beharrezko aldaketak onartu ditu zerga eta fakturazio araudien esparruan, informazioa berehala emateko sistema (SII) ezarri ahal izateko BEZa kudeatzerakoan. Sistema 2018ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Neurri horrek, kudeaketa errazteaz gain, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzea ahalbidetuko du. Izan ere, sistema berriaren bitartez, zergadun bakoitzak telematikoki eta denbora errealean emango dizkio Ogasunari BEZaren erregistro-liburuak osatzen dituzten fakturazioko erregistroak.

SIIa erabiltzea derrigorrezkoa izango da nahitaezkoa izango da BEZaren hileko itzulketaren erregistroan inskribatutako zergadunentzat, erakunde-taldeen araubide berezian inskribatutako zergadunentzat, bai eta aurreko urtean sei milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten pertsona eta entitate zergadunentzat ere. Era berean, BEZaren aitorpena aurkeztu duten gainerako zergadunak ere beren borondatez atxiki ahal izango zaizkio sistema honi. Kalkuluen arabera, 1.400 zergadun inguruk erabili beharko dute sistema. Zerga iruzurraren aurkako jarduketa aurrerapauso handia ekarriko du, kalitatezko datuak eta informazio garrantzitsua eskuratu ahal izango baitira, etengabe eguneratutakoak gainera,  BEZa aitortu beharra duten zergadunek egindako eragiketei buruz.

Gainera, adierazi duenez, neurri honekin “desburokratizazioan” sakonduko da. Apustu hori estrategikoa da, Foru Ogasunarentzat zein Aldundiarentzat bere osotasunean. Zergadunei zerbitzu hobea eskainiko zaie euren zerga-betebeharrak betetzerako orduan, egin beharreko tramiteak murriztuz eta arinduz. Izan ere, sistema hau erabiltzen dutenek aurrerantzean ez dituzte zenbait zerga-eredu aurkeztu beharko, esaterako, 340 eredua (erregistro-liburuetan jasotzen diren eragiketei buruzko aitorpen informatiboa) eta 347 eredua (hirugarren batzuekin egindako eragiketen urteko aitorpena).

Emandako informazio guztia Gipuzkoako Ogasunak garatu duen plataforma informatiko baten bidez bideratuko da, XML mezuen trukean oinarritutako web-zerbitzuak erabiliz. Horrela, emandako informazio hori baliatuta, foru Ogasunaren artxibo informatikoetan ia-ia denbora errealean eratuko dira BEZaren erregistro-liburuak.

Gizarte inklusioa

Bestalde, Kontseiluak erabaki du hainbat entitaterekin sinatuta dituen lankidetza hitzarmenak sendotzea, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei egoitza arreta, edo eguneko zentroko arreta gauez eta egunez eskaintzeko. Gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonei ematen zaien arreta hobetzen jarraitzea da helburua, zerbitzu horien eskatzaileen itxaron zerrenda murriztuz. Guztira hitzartutako plazen kopurua handituko da lurraldeko hainbat eskualdetan, 6 egoitza plaza gehituz egoitza zentroetan, eguneko zentroetako beste 6 plaza gehituz eta baita gaueko arretarako zentroan laguntza gehituz bertako langileen ratioa igoz. 114.616,79 euroko inbertsio gehigarria ekarriko du neurriak Peñascal (Tolosa), Loiolaetxea (Donostia), Cáritas (Donostia) eta Sarea (Errenteria) entitateekin dituen hitzarmenen artean banatuta. .

Bergaran zubia sendotzeko proiektua

Azkenik, Kontseiluak oniritzia eman dio Bergaran GI-627 errepideko 40,476 kilometro puntuan dagoen Deba ibaiaren gaineko zubiaren egitura sendotzeko proiektuari.   Proiektuak xehetasunez zehazten ditu sendotze lanak; horretarako erabiliko dira karbono-zuntzezko xaflak (flexioa) eta karbono-zuntzezko norabide bakarreko ehuna (ebakitzailea). Gainera, aurreikusten da kalteak konpontzea hormigoizko gainazalean, sendotutako zatiaren itsaspena bermatzeko. Era berean, proiektuak aurreikusten du karga probak egitea, proiektuaren helburu den zubian eta errepide bereko 40,853 KPan dagoenean.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 377.167,91 eurokoa da, gehi % 21eko BEZari dagozkion 79.205,26 euro, eta lana egiteko epea, berriz, hiru hilabetekoa. Zubiaren ezaugarriak kontuan hartuta, bertatik ezin dute igaro garraio berezi batzuek. Obrarekin, garraio horietarako araudia beteko du aurrerantzean. Orain arte, Udana erabiltzen zen alternatiba bezala, baina errepide horren bihurgune kopurua ikusita, lan hauei ekitea erabaki da, gero eta ohikoagoa baita mota horretako garraioak edo megakamioiak Gipuzkoa zeharkatzea. 

  

1368