1,5 milioiko programa berri batek lagunduko die Gipuzkoako ETEei ekonomia berderako trantsizioan
1,5 milioiko programa berri batek lagunduko die Gipuzkoako ETEei ekonomia berderako trantsizioan
Gobernu Kontseiluak gaur onartutako ekimenak diruz lagunduko ditu baliabideak optimizatzeko eta enpresen lehiakortasuna indartzeko ekipamenduak ordezten dituzten proiektuen % 50

Gipuzkoako Foru Aldundiak Enpresak Berritzen: Ekonomia Berdea programa onartu du gaur Gobernu Kontseiluan, Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna hobetzeko ekimen berri bat. Ekimenak 1.500.000 euroko aurrekontua du guztira, eta diruz lagunduko da kostu hautagarrien % 50era arte, gehienez 40.000 euro proiektu bakoitzeko. Laguntzak 5 langiletik 250era bitarteko ETEei zuzenduta daude eta “lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, ekonomia berdeko baliabideetan eta irizpideen erabileran hobekuntzak dituzten ekipamenduak ordezkatzeko inbertsioak lagunduko dira, prozesuak optimizatzeko eta enpresa posizionamendua indartzeko”, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez.
Eskaerak aurkezteko epea, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da. Eskaerak aurkeztu ahala egingo dira, eta urriaren 16ko 13:00ak arte egongo da zabalik, edo, lehenago gertatzen bada, aurrekontua agortu arte. Diruz lagundutako proiektuak 2025eko uztailaren 1etik aurrera hasi beharko dira, eta 2026ko ekainaren 30a baino lehen justifikatu beharko dira.
Berasaluzek azpimarratu duenez, “programa honek Aldundiak hazkunde ekonomiko berdeagoarekin duen konpromisoa islatzen du, non ETEak Gipuzkoako lehiakortasunaren eta berrikuntzaren motorra diren. Gure enpresei ekonomia berdeko ereduetarako trantsizioan lagundu nahi diegu, eraldaketa hori beren ekoizpen prozesuetarako lehiatzeko abantaila bihurtuz”.
Enpresak Berritzen: Ekonomia Berdea programarekin, Aldundiak berretsi egiten du enpresei ematen dien babesa; kostuak murriztea, baliabideak optimizatzea eta Gipuzkoako ETEek gero eta zorrotzagoa den merkatu batean duten posizioa indartzea ahalbidetuko duten inbertsio estrategikoak sustatuz.
Udalerri txikiak: azpiegiturak hobetzea eta digitalizazioa
Gobernu Kontseiluak laguntza berriak onartu ditu lurraldeko udalerri txikienentzat, errepideetako bide-segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko. Deialdi berriak 750.000 euroko zuzkidura du (350.000 €2025ean eta 400.000 €2026an), eta foru errepide sarean eragina duten udal eskumeneko jarduerak finantzatzeko aukera emango du. Irune Berasaluzek nabarmendu duenez, “Aldunditik herri txikienei lagundu nahi zaie, horrelako inbertsioei aurre egiteko zailtasun handiagoak baitituzte, errepideen egoera ona eta lurralde osoko mugikortasuna bermatzeko”.
Bozeramaileak emandako datuen arabera, orain arte hiru deialdi egin dira, ia 5,5 milioi euroko inbertsio metatuarekin. 2024an soilik, 1,85 milioi bideratu ziren Abaltzisketa, Antzuola, Elgeta, Gabiria, Ikaztegieta, Itsasondo, Itziar, Legorreta eta Olaberriako jarduketetara. “Lehen urte hauetako balantzea oso positiboa da, gure errepideetan jada nabaritzen diren hobekuntzekin, eta horregatik programa hori indartzearen alde egiten jarraitzen dugu”, azpimarratu du Berasaluzek.
Aurtengo berrikuntza nagusia da laguntzak, orain arte 2.400 biztanletik beherako udalerrietara mugatuak, 4.000 biztanlera arteko udalerrietara zabaltzen direla, eta, beraz, 52 udalerrira igo da aukera izango duten udalerrien kopurua. "Diruz lagundu daitezkeen jardueren artean, oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen segurtasuna (oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak, bidegurutzeak, autobus-geltokiak, argiteria...) eta foru sarearekin lotutako udal bideen hobekuntzak (garbiketa, asfaltatzea, hormigoitzea, ur-bilketa...) bultzatzen dutenak nabarmentzen dira", zehaztu du Berasaluzek.
Era berean, tramitazio digitala udalerri txikienetara zabaltzeko eta administrazio modernoa eta hurbilekoa bultzatzeko, Gobernu Kontseiluak gaur goizean eman dio argi berdea 4.000 biztanletik beherako udalerrietako eta tokiko erakundeetako udalei EsKuA kudeaketa-sistemaren bidez espediente elektronikoak ezartzeko aukera emango dien hitzarmenari, IZFE foru erakundearen laguntza teknikoarekin.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “honekin tramitazio digitala udalerri txikienetara zabaltzen da, eta arreta berezia jartzen zaie sistemak modernizatzeko zailtasun handienak dituztenei, herritar guztiek administrazio arinagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa izan dezaten”.
Berasaluzek azpimarratu duenez, “Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuaren ahalegin berezia da, udal txikiek beren barne funtzionamendua hobetu ahal izateko eta, ondorioz, herritarrei zerbitzu hobea emateko”.
EsKuA kudeatzaileak 20 urte baino gehiago daramatza martxan, 100 toki erakundetan dago ezarrita eta 2.200 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta, eta horietatik 1.000 inguru egunero sartzen dira. Gainera, IZFEren funtsezko beste sistema batzuekin integratuta dago, hala nola erregistroa, Sin@tzeke sinadura-euskarria, kontabilitatea edo jakinarazpen elektronikoak.
Onartutako hitzarmenak oinarrizko 20 espediente gehienez eskura jartzea aurreikusten du, dagozkien izapide eta txantiloiekin. Interesa duten udalek 2025eko urriaren 31 baino lehen jakinarazi beharko dute atxikitzeko erabakia.
Oinezkoentzako pasabide berria Amasa-Villabonan
Gainera, foru bozeramaileak GI-3751 errepidearen paraleloan egingo den oinezkoentzako pasabide berria eraikitzeko kontratazioaren berri eman du, Villabona eta Amasa auzoa lotuko dituena, 413.560 euroko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko exekuzio epearekin. Lanak urrian zehar hasi ahal izatea da aurreikuspena.
Proiektuaren arabera, bi metroko zabalerako espaloi bat eraikiko da eskuineko ertzean, GI-3751 eta N-I-441 errepideen arteko elkargunean. Horri esker, Villabonako hirigunea segurtasunez lotuko da Amasara doan errepide-zatiarekin. Horretarako, lehendik dagoen bidegurutzea berrantolatu eta lekuz aldatu beharko da. Era berean, segurtasun hesi bat jarriko da oinezkoak babesteko.
Bozeramaileak gaineratu duenez, “zati hori egiteaz gain, Aldundia lanean ari da Amasako herrigunerako proiektuarekin jarraitzeko. Bigarren proiektu honen idazketa oso aurreratuta dago, eta laster jarriko da jendaurrean ”. Luzapen horrek tarte berriari jarraipena emango dio, errepidearen beste aldetik, eta GI-3751 errepidearen hasieran gurutzatzeko puntu seguru bat izango da.
2549