Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 10,4 milioi euro datozen bi urteetan, zoruaren gainazala birgaitzeko

10,4 milioi euro datozen bi urteetan, zoruaren gainazala birgaitzeko

Trebatu eta Bideratu familia esku-hartze programetako kontratazio espedientea ere onartu ditu Kontseiluak, 5,9 milioiko aurrekontua duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak preskripzio teknikoen eta administrazio klausula partikularren agiriak onartu ditu gaur, lurraldeko foru errepide sarearen zoruaren gainazala birgaitzeko. Kontratazio espedienteak 10.354.811,88 euroko aurrekontua dauka, BEZ barne, eta bi urteko iraupena, beste hiru urtez luzatu daitekeena. “Zoruaren gainazala birgaitzeko lanak, egiturakoak eta gainazalekoak, urtero egin behar dira egitarau baten arabera eta modu ordenatuan, funtsezko lanak baitira errepideen kudeaketan”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Zoruaren gainazala birgaitzearen helburua da, alde batetik, zoruen ezaugarri funtzionalak mantendu eta hobetzea, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, eta bestetik, zorua bere osotasunean babestea, iraunkortasunari, iragazkortasunari eta uniformetasunari dagokienez. Bestalde, zoruaren egitura birgaitzea beharrezkoa da zoruaren bizitza baliagarria agortua edo agortzear dagoenean, zoruaren egitura gaitasuna handitzen baitu, eta errepidearen zerbitzu aldian aurreikusitako zirkulazioaren eraginera egokitzen baitu, eta, aldi berean, zoladuraren azaleko ezaugarriak hobetzen laguntzen du.

“Lehentasunezko, oinarrizko eta eskualde sareetako errepideen birgaitzea egiten ari da gainazala eta egitura birgaitzeko hainbat zerbitzu kontraturen bidez; batzuen indarraldia amaituta dago, eta beste batzuena laster amaituko da”, gaineratu du Mendozak, kontratazio espediente honen onarpena testuinguru honetan kokatuz. “Gure errepide sarearen mantenuan inbertitzea erabiltzaileen segurtasun eta erosotasunean inbertitzea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik, ikuspegi hau ekintzekin babesten jarraituko dugu”, gaineratu du.

 

Familietako esku-hartze programak

Gizarte politiken arloan, Diputatuen Kontseiluak esku-hartze psikosoziala (Bideratu Programa) eta esku-hartze sozio-hezitzailearen (Trebatu Programa) zerbitzuei buruzko kontratazioaren espedientea onartu du. Foru bozeramaileak zehaztu duenez, kontratuaren iraupena urtebetekoa da, eta beste bi urtez luzatu daiteke. Urteko aurrekontua 880.640,62 eurokoa da Bideraturen kasuan, eta 5.052.964,43 eurokoa Trebaturen kasuan. Biak batuta, urteko zuzkidura osoa 5.933.605,05 eurokoa da.

Bideratu Programa zerbitzu hauek emanez konfiguratzen da: sexu jazarpen egoeran bizi diren familien eta familia horietako haurren eta nerabeen esku hartze terapeutikoa; familia horietako esku hartze terapeutikoa, nerabezaroaren edo nerabezaro aurrean sortutako bizikidetza arazo larriak dituzten familietako haurrekin edo nerabeekin, gurasoen eta seme alaben arteko indarkeria kasuak barne; eta itxuraz gurasoen eta seme edo alaben arteko loturan nahasmenduekin lotuta dauden tratu txar fisiko aktiboko dinamikak edo guraso eta seme edo alabekin elkarrekintza eredu okerrak bizi dituzten familietako haurrekin eta nerabeekin eta haien familiekin esku hartze terapeutikoa.

      Trebatu Progama, aldiz, tratu txarren arazo larriak edo haurren abandonua bizi izan dituzten familietan esku hartze sozio-hezitzaileko zerbitzua ematean datza. “Familietan esku-hartzeko programa hauek funtsezko erreminta dira, ume eta nerabeak beraien familietatik banatzen diren egoerak ekiditeko. Gainera, lehentasuna ematen diote familia barneko irtenbideei babes falta dagoen kasuetan, eta familiek beraien seme-alabei eman beharreko heziketan laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzen du”, nabarmendu du Mendozak.

“Gainera, banaketak egon diren kasuetan, elkarbizitza hori berreskuratzeko ere egiten dute lan programa hauek, familiaren seme-alabek familia edo egoitza zaintzapean daudenean. Bateratze funtzio honen helburua da familiarekin lan egitea, gurasotasun gaitasun berreskuratu daitezen, eta behin zailtasunik latzenak gainditu ostean seme-alabak berriro ere familiaren etxera itzul daitezen”, gaineratu du. 2019ko azaroan, Bideratu programak 96 kasu artatzen zituen eta, Trebaturen kasuan berriz, 302 ziren esku artean zituen kasuak.

 

Babesgabe dauden adingabeak

Gizarte politiken arloan utzi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Azpeitia, Igeldo, Legorreta, Urretxu eta Arrasateko harrerarako egoitzen zerbitzuko kontratazio espedientea onartu du. Baliabide hauek gizarte babes faltan dauden ume eta nerabeei daude zuzenduta. “Babes hori egoitza harreraren bitartez ematen zaie, kontsideratzen denean pertsona adingabe bat bere familiatik aldendu beharra dagoela, eta, halakoetan, zentroetan edo egoitza txikietan hartu ohi dira adingabeak”, azaldu du Mendozak. Kontratuaren iraupena bi urtekoa da, eta beste bi urtez luzatu daiteke. Urteko aurrekontua, berriz, 3.634.329,82 eurokoa da (BEZ barne).

            Azpeitiko egoitzari dagokionez, 6 eta 12 urteko umeei dago zuzenduta. Zortzi plaza ditu eta posible da bederatzigarren bat gehitzea, eta gaur egun plaza denak beteta daude. Urtean zehar, 11 urte pasa dira egoitza honetatik, batezbesteko adina 11,6 urtekoa izan delarik. Igeldo (10 plaza), Legorreta (10 plaza), Urretxu (10 plaza) eta Arrasateko (8+1 plaza) azpiegiturak, bere aldetik, 13 eta 17 urte bitartean dituzten nerabeei daude zuzenduta. Gaur egun plaza guztiak beteta daude eta, 2019 urtean zehar, nerabeei zuzenduta dauden lau egoitza hauetatik 58 adingabe pasatu dira.

            Mendozak gogoratu duenez, Aldundiak iragarri du 2019-2023 aldia “legealdi soziala” izango dela, foru Gobernuaren kudeaketan arlo honek izango duen protagonismoa dela eta. “Defendatzen dugun Gipuzkoa Ereduak oinarrian ehun ekonomiko indartsua dauka, eta bertatik lortzen ditugu gure ongizate mailari eusteko behar ditugun baliabideak. Aldezten dugun Gipuzkoa lurralde orekatu eta solidarioa da, inor ez duena alboan uzten. Hau hola izanda, gaurko Diputatuen Kontseiluan hartu dugun erabakia norabide berean doa”, azpimarratu du foru arduradunak.

 

MUBIL eta Naturklima

Azkenik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bitartez bultzatzen dituen erreferentziazko zentroei dagokionean, Diputatuen Kontseiluak onartu du Donostiako Ezkuaitzeta poligonoko lursail bat erostea eta beste baten emakida onartzea. Lehenengo partzela 2.009.148,06 euroren truke erosi zaio Donostiako Udalari, eta bertan eraikiko da MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa. Bigarrengoan, berriz, Naturklimaren egoitza izango den eraikina joango da, Gipuzkoako Klima Aldaketaren kontrako Institutua dena.

            “2019 honetan ireki dituzte ateak ZIUR zibersegurtasun zentroak, LABe gastronomia digitaleko laborategiak eta 2deo euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko laborategiak, Etorkizuna Eraikiz ekimeneko erreferentziazko zentroetako hiru”, gogoratu du Mendozak. Gaineratu duenez, Ezkuaitzeta poligonoko bi lursail hauek eskuratzea pausu garrantzitsua da, MUBIL eta Naturklima zentroak gauzatzeko bidean. “Hauen bitartez, Gipuzkoako berrikuntza gaitasuna aktibatzen jarraitzen dugu, kasu honetan lurralde bezala dauzkagun etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta, aldi berean, etorkizuneko ekonomiaren oinarriak jartzeko”, amaitu du.

  

1416