Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

12.353 herritarrek hartu dute parte Aurrekontu Irekien bigarren fasean

Foto 12.353 herritarrek hartu dute parte Aurrekontu Irekien bigarren fasean

12.353 herritarrek hartu dute parte Aurrekontu Irekien bigarren fasean

Ekimen honen lehen fasean proposatutako 12 proiekturen artean aukeratu behar izan dute.

12.353 herritarrek hartu dute parte Aurrekontu Irekien bigarren fasean

12.353 gipuzkoarrek hartu dute parte Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu irekien bigarren fasean. Pasa den urteko udaberrian egin zen egitasmo honen lehenengo fasean herritarrek beraiek proposatutako 12 proiekturen artean aukeratzea zen galdeketaren xedea. Gobernantzako foru diputatu den Eider Mendozak gaur ezagutarazi ditu datuak hauek Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berak eskatuta agertu baita aurrekontu irekien ekimenari buruzko xehetasunak emateko. Azaldu duenez, Aldundiak 1,2 milioi euro bideratu ditu aukeratutako proiektuak finantzatzera, eta datozen asteetan ezagutaraziko dira.

          Bere agerraldian, Mendozak esan du “oso positiboa” izan dela partaidetza datua. “Foru Aldundia partaidetzaren aldeko apustu irmoa ari da egiten, defendatzen dugun gobernantza ereduaren zutabe garrantzitsua baita. Horrela, aurrekontu irekien helburuak bat datoz 5/2018 Foru Arauarenekin, bai eta Etorkizuna Eraikiz ekimenarenekin ere: herritarrek parte hartu dezatela gaurko eta biharko Gipuzkoak dituen erronkei erantzunak bilatzeko ahaleginean, berdintasun kondizioetan, eta gipuzkoarren eskubide demokratikoak hobeto garatzeko”, adierazi du.

Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontu irekien prozesua 2019. urtearen hasieran abiatu zela azaldu du foru diputatuak. Urte bereko martxoan, proposamenak biltzeko fasea burutu zen, "aurreko urteetan baino iraupen txikiagoa izan zuena, iaz izan genituen hainbat hauteskunde prozesuren ondorioz".  Hala ere, 290.000 galdetegi banatu ziren etxez etxe, eta 12 topaketa egin ziren 471 pertsonek parte hartuz guztira.  "Horren guztiaren ondorioz, herritarren 1.083 ekarpen jaso genituen", azaldu du.  Ondoren, Aldundiko teknikariek gipuzkoarren proposamen horien gainean lan egin zuten, 12 proiektu edo ekimeneko zerrenda osatu arte. Proiektu edo ekimen horiek herritarren esku  dira berriro ere bigarren fasean, horietatik zein finantzatu erabakitzeko.

          Hautaketa fase hau urtarrilaren 21aren eta otsailaren 7 aren artean egin zen.  Bertan, Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte zuten, eta proposatutako 12 proposamenetatik gutxienez proiektu bat eta gehienez ere sei aukeratu beharko zituzten. Parte hartzeko hiru modalitate zeuden: inprimaki digitalaren bidez, Foru Aldundiaren webgunean aurkitu ahal izango dena; posta arruntaren bidez eta frankeo ordainduarekin, foru erakundeak lurraldeko etxe guztietan banatuko zituen inprimaki fisikoaz baliatuta; edo aurrez aurre, Herritarren Informazio eta Arretarako Bulego Nagusian edo udaletako sarrera erregistroetan.

 

12 proiektu

Gobernantzako diputatuak azaldu duenez, behin bigarren fase hori itxita eta proiektuen hautaketa finkatzen denean, Foru Aldundiak aktibatuko ditu herritarrek aukeratutako ekimenak martxan jartzeko beharrezkoak diren partidak. "Interes handiko 12 proiektu jarri genituen mahai gaionean, esparru desberdinak ukitzen dituztenak, eta aukeratuak suertatzen direnak 2020an gauzatuko ditu Aldundiak, kasu bakoitzean eskumena duen Departamentuaren bidez", argitu du foru diputatuak. Hauek dira 2020ko aurrekontu irekiek mahai gainean jarri dituen hamabi ekimenak:

  1. Gaixotasun larrien aurkako ikerketa. Minbizia eta alzheimerra bezalako gaixotasunen ikerketa taldeen lanak finantzatzeko dirulaguntzen deialdi irekia. 200.000 euro.
  2. Bide berdeak eta bidegorriak seinaleztatzea eta egokitzea.  Sentsibilizazio ekintzak egingo dira, eta bide berdeen eta oinezkoentzakoen seinaleztapena egokitzeko eta hobetzeko proiektu pilotua jarriko da martxan. 200.000 euro.  
  3. Izango zara 2020: Gipuzkoako gazteentzako beka programa. Horrela, atzerrian ikasketak osatzea ahalbidetzen da. 200.000 euro.
  4. Indarkeria matxista prebenitzea gazteen artean. Horretarako, belaunaldi berriekin lan egiteko dinamikak jarriko dira martxan ikastetxeetan eta udal mailako ekipamenduetan (ludotekak, gaztelekuak …). 200.000 euro.
  5. Gipuzkoako aniztasuna (ber)ezagutzeko espazioak. Horretarako, lurraldeko ikastetxeetan lan egingo da. 200.000 euro.
  6. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen aisialdiko eta denbora libreko zerbitzua zabaltzea. Horretarako, egungo zerbitzua zabaldu egingo da, bai jarduera eremu geografikoari dagokionez, bai esku hartzeko ordutegiari dagokionez. 200.000 euro.
  7. Gizarte bazterketako egoeran daudenei arreta emateko zentroa. Donostian kokatuko litzateke, eta egoera horretan dauden pertsonentzako 24 plaza izango lituzke. 200.000 euro.
  8. Gipuzkoa. Ezagutu bertako ondarea eta historia. Lurraldeak ezkutatzen dituen altxorrak gipuzkoarren artean hobeto ezagutarazteko ekimena. 180.000 euro.
  9. Emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzea, jarduera fisikoa eta kirola bultzatu eta sustatuko dituzten espazioen, dinamiken eta ekintzen bidez. 200.000 euro.
  10. Klima aldaketarekiko konpromisoa. Klimaren inguruan kontzientziatutako herritarren liga bat bultzatzea, gai horren inguruko sentsibilizazioa areagotzeko. 200.000 euro.
  11. Tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, lehen sektorearekin eta tokiko ekoizleekin partekatutako dinamikak abian jarriz, baita sentsibilizazio kanpainak ere. 200.000 euro.
  12. Udal ostatuetan hizkuntza irizpideak finkatzea. 3.000 biztanletik beherako herrietako ostatuetako langileen hizkuntza beharrak ezagutzeko ikerketa. 110.000 euro.