Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 12 herritan hasiko da Udal Etorkizuna Eraikiz

12 herritan hasiko da Udal Etorkizuna Eraikiz

Andoain, Azkoitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Irun, Legazpi, Oñati, Errenteria eta Zarautzen jarriko da martxan esperientzia.

Etorkizuna Eraikizek “kode irekian” partekatuko ditu bere eredua eta filosofia Gipuzkoako udalerriekin, udal bakoitzak antzeko lankidetza-gobernantzako prozesuak abian jarri ahal izan ditzan maila lokalean. Udal Etorkizuna Eraikiz izena hartu du ekimenak, eta helburu nagusia Etorkizuna Eraikizen ekintza esparrua zabaltzea eta Gipuzkoan ikaskuntza-komunitate bat eratzea da, lurraldeak bere potentziala biderkatu dezan, etorkizuneko erronkei aurre hartu eta erantzunak emateko. "Aldundiak Etorkizuna Eraikiz esperientzia partekatu nahi du udalekin, baina, batez ere, udalen eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza-sare bat eraiki nahi du, proiektu komun bat entzuten, ikasten eta kolektiboki erabakitzen jarraitu ahal izateko: Gipuzkoa", esan du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Esperientzia lurralde horretako udalerri adierazgarrien hautaketa batean hasiko da aplikatzen: Andoain, Azkoitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Legazpi, Oñati eta Zarautz. Udalerri horietako alkateak Udal Etorkizuna Eraikizen lehenengo osoko bilkuran izan dira gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian dagoen Gunea espazioan egin dena. Bileran honako hauek parte hartu dute: diputatu nagusia bera eta Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatua. Udalen partetik, Maider Lainez Andoaingo alkatea, Ana Azkoitia Azkoitiko zinegotzia, Leire Artola Beasaingo alkatea, Gilen Garcia Debako alkatea, Ana Telleria Eibarko zinegotzia, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea egon dira.

Aliantza horren bidez, Udal Etorkizuna Eraikizek proiektuan parte hartzen duten erakundeen arteko entzute eta ikaskuntza partekatua areagotu nahi du, bai eta udalek abian jarritako elkarlaneko gobernantzarako mekanismo edo tresna guztiak jaso eta balioetsi ere. "Ezagutza partekatzea eta sortzea da helburua, eta kultura politiko berri bat eraikitzen joatea, entzutetik, hausnarketatik, ikaskuntzatik eta esperimentaziotik abiatuta", nabarmendu du Olanok. Gainera, ekimenaren "garrantzian" jarri du azpimarra, "demokrazia indartzeko" eta herritarren eta erakundeen arteko "arrakala gainditzeko" helburu partekatuan.

Prozesuaren hasieran, egoeraren diagnostiko partekatu bat egingo da, Etorkizuna Eraikizekin lotutako beharrak, eskaerak eta esperientziak bilduko dituen ekintza-plan bat diseinatu ahal izateko. Ondoren, udalerri horietan esperientzia pilotuak abiaraziz gauzatuko da plan hori eta, ekimena arrakastatsua bada, lurraldeko gainerako udalerrietara hedatzen joango da gradualki.

  

2046