Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

152 lagun daude deituta ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako Aldundiaren lehen EPEaren azterketara

Foto 152 lagun daude deituta ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako Aldundiaren lehen EPEaren azterketara

152 lagun daude deituta ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako Aldundiaren lehen EPEaren azterketara

Eider Mendoza Gobernantza diputatuak “egun berezia” dela esan du, eta foru erakundeak aukera berdintasunaren alde duen konpromisoa berretsi du

152 lagun daude deituta ezgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako Aldundiaren lehen EPEaren azterketara

152 lagun daude deituta gaur goizean Irungo FICOBA erakustazokan egin den ezgaitasun intelektuala duten pertsonei zuzendutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehenengo Enplegu Publikoko Eskaintzaren (EPE) ezagutza azterketara. Aurrerago, hautagaiek froga praktikoa egin beharko dute. Deialdiak Artxiboko eta zerbitzu orokorretako hiru ofizial plaza ditu eta azterketa gainditu baina plaza lortzen ez dutenek, lan poltsan sartuko dira. Gobernantza foru diputatu den Eider Mendozak adierazi duenez, “egun berezia” da gaurkoa foru erakundearentzat, “lehenengo aldia baita mota honetako ekimen bat egiten dugula”. “Deialdia honekin, gure konpromisoa berresten dugu ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunarekin, bereziki laguntza behar bereziak dituztenekin”, aldeztu du.

            Mendoza FICOBA bertan izan da, eta han egin ditu adierazpen hauek. Hasiera batean, hautaketa proba hauek martxo amaierarako zeuden aurreikusita, baina COVID-19 gaitzaren pandemiak ezinezkoa egin zuen orduan egitea. Gaur, berriz, 9:00etan zabaldu dira erakustazokako ateak, eta 9:30ak bitartean izangaiak eta laguntzaileak eraikin honetako bigarren pabiloira sartzen joan dira. Ondoren, 9:45etan, azterketa gelara sartzen hasi dira, eta hautaketa froga 10:30etan hasi da eta bi orduko iraupena izan du, hau da, 12:30ak aldera arte luzatu da. Prozesu guztia “muturreko osasun neurrien” artean egin da, eta jende pilaketak ekiditeko neurriak martxan egon dira momentu hori, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta.

Azterketari buruz, ezagutza froga bat da izangaiek egin behar izan dutena, 25 galderaz osatuta dagoena eta test modura planteatuta (gaizki erantzundako galderek ez dute eraginik); aurrerago, hau gainditzen dutenek azterketa praktikoa egin beharko dute, eta bigarren zati honek pisu gehiago izango du amaierako puntuazioei begira. EPEak jasotzen duen Artxiboko eta zerbitzu orokorretako ofizialaren plazaren funtzioak honakoak dira: posta jaso, banatu eta klasifikatu, dokumentuak digitalizatu, fotokopiagailuen mantenu lanak egin eta papera banatu, biltegiko materiala eraikineko unitate ezberdinetan banatu, bilera gelak prestatu… 

 

Elkarlanean gakoa

Gobernantza diputatuak nabarmendu duenez, EPEaren prozesuaren arrakastaren gakoa elkarlanean egin izana da. “Hasiera hasieratik, gonbita luzatu genien Atzegi, Gautena, Ortzadar, Gureak, FEVAS y EHLABE elkarteei; guztiek erantzun zuten positiboki, eta hasieratik parte hartu dute EPE deialdi hau osatzeko prozesuan. Hauekin batera, ULIAZPI foru erakunde autonomoa eta Aldundiko Gizarte Politikako departamentuaren Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Balorazio Zerbitzua ere funtsezkoak izan dira”, azaldu du. “Eragile hauek guztiek ezinbesteko laguntza eman digute, ez bakarrik deialdia osatzerako orduan, baizik eta EPEra aurkeztu diren pertsonen bidelagun izaten. Beraz, askotan esan ohi duguna: zer egiten dugun bezain garrantzitsua da nola egiten dugun. Eta, kasu honetan, ezbairik gabe esan dezaket EPE hau aurrera atera badugu, elkarte eta eragile hauekin guztiekin izan dugun elkarlanari esker izan dela”, azpimarratu du.

            “Guretzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, egiten dugun mota honetako lehenengo EPEa da, baina izan ditugu ezgaitasun intelektuala duten langileak eta esperientzia beti izan da positiboa”, gogoratu du Mendozak. Gaineratu duenez, foru erakundearen nahia da arlo honetan “erreferente bihurtzea” eta, zentzu honetan, esan du EPE hau osatzeko bidean egin duten lana inguruko administrazioen eskura dutela, horrelako prozesuren bat martxan jarri nahiko balute. “Erakunde bezala, gure helburu estrategiko nagusia da Gipuzkoa Europa mailan desberdinkeria gutxien duen lurraldeen artean kokatzea edo mantentzea. Desberdinkeria ikuspegi guztietatik: soziala, ekonomikoa, hizkuntza alorrekoa, emakume eta gizonen artekoa… Beraz, inor atzean utzi nahi ez badugu, argi dago ezgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lanean jarraitzeko dugun konpromisoa irmoa dela”, aldeztu du Mendozak.