Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

166 dira jada Covid-19a gainditu duten adinekoak Gipuzkoako egoitzetan

Foto 166 dira jada Covid-19a gainditu duten adinekoak Gipuzkoako egoitzetan

166 dira jada Covid-19a gainditu duten adinekoak Gipuzkoako egoitzetan

Gaixotasuna gainditu dutenen kopuru osoa heriotzena baino altuagoa da Gipuzkoan, hala ere, azken orduetan pertsona bat zendu da eta lauk eman dute positibo.

166 dira jada Covid-19a gainditu duten adinekoak Gipuzkoako egoitzetan

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako eguneroko balantzea egin du eta, 5.425 pertsona artatzen diren 65 egoitzetako saretik, 166 lagunek gainditu dute jada gaixotasuna, 149 zendu dira eta 233 dira diagnostiko positiboarekin daudenak. Azken orduetan, 39 lagunek gehiagok jaso dute mediku alta, Eibarko Egogain zentroan (17), Ordiziako San Josen (12), Hondarribiko Caser Residencial Betharramen (4), Zarauzko Santa Anan (2), Zumaiako Otezurin (2) eta Zumarragako Argixaon (2).

          Beste muturrean, ordea, pertsona bat zendu da Donostiako Berra egoitzan eta lauk eman dute positibo Covid-19n azken orduetan. 16 izaten jarraitzen dute kasu positiboak dituzten egoitzak Gipuzkoan, 38 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta eta 31 ospitaleratuta.

          Desgaitasuna duten pertsonen egoitzei dagokienez, ez dago aldaketarik atzoko datuei erreparatuz, beraz, Covid-19ak eraginda pertsona bat dago Donostiako Iza egoitzan. Uliazpiren Donostiako eta Hondarribiko zentroetan, eta Donostiako Berriz 1 egoitzan, jada ez dago kasu positiborik, kutsatutako pertsona guztiek azken egunetan mediku altak jaso ondoren.

          Eider Mendozak adierazi du, azken asteko datuak oinarri hartuta, “badirudi kutsatze maila egonkortzen ari dela” eta gaixotasuna gainditu duten adinekoen zenbakia hazten jarraitzeak “itxaropenerako leiho bat zabaltzen du egunez egun birus honen aurka borrokan ari diren pertsona guztientzat”. Hala ere, gaineratu du, “ezinbestekoa” da “zuhurtziaz eta arduraz” jokatzen jarraitzea, izan ere, mehatxua hor dago “eta segurtasun neurri guztiak hartzen jarraitzea beharrezkoa da zaurgarrienak diren pertsonen artean eragina ahalik eta txikiena izateko”.