Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 190 arigune sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundian, eta langileen %60k parte hartuko du Euskaraldian

190 arigune sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundian, eta langileen %60k parte hartuko du Euskaraldian

Foru erakundeak berretsi du “modu aktiboan” hartuko duela parte, eta euskarak laneko hizkuntza gisa “jauzi” bat ematea sustatuko du

Azaroaren 20an hasiko den Euskaraldiaren bigarren ediziorako 190 arigune sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundian, zeinetan parte hartuko duten 1.140 langilek, gaur goizean Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, ezagutzera eman duenez. Nabarmendu duenez, Aldundiko langileria osoaren %60k hartuko dute parte ekimenean. Hizkuntza ohiturei buruzko gizarte ariketa masiboa hasteko hamar egun falta diren honetan, foru erakundeak berretsi egin du Euskaraldian “modu aktiboan” hartuko duela parte, “lehentasun argi” batekin parte hartu ere: Aldundian bertan euskarak laneko hizkuntza gisa “jauzi” bat eman dezan sustatuz.

Mendizabal Eider Mendoza foru bozeramailarekin batera agertu da gaur goizean, Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko asteroko prentsa agerraldian. Bertan, Mendizabalek adierazi duenez, otsailean Aldundiak ariguneak sortzeko prozesua abiarazi zuenetik, departamentuz departamentu talde eragileak sortzen joan dira, modu koordinatuan. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dira eta langileen adostasuna lortu ostean, talde hauek aktibatzeko neurriak hartu dira. Mendizabalek gogoratu du ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla, hau osatzen dute pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute.

“Langileen partaidetza zabala izaten ari da eta eskertu nahiko nuke haien inplikazioa, baita antolakuntza lanetan diharduten guztiena ere. Arigune bakoitzak bere helburuak finkatuko ditu baina, oro har, hizkuntza Praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea izango dute helburu”, aipatu du foru zuzendariak. Hain zuzen ere, Euskaraldia amaitu ostean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri hauek egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira. Mendizabalek dei egin die herritarrei ahobizi edo belarriprest bezala Euskaraldian parte hartzeko, oraindik ere badelako horretarako tarterik. “Tresna berritzaile bat da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko”, esan du.

 

Sektore kaltetuak

Bestalde, astero bezala, Mendozak gogoan izan ditu COVID-19 gaitzaren pandemiak gehien kaltetu dituenak: hildakoak, senitartekoaren bat galdu dutenak, gaixorik daudenak… “Jakitun gara pandemia borrokatzeko hartu diren neurriak ez direla errazak, eta sektore batzuk bereziki kaltetuak izaten ari direla. Ulertzen dugu egoera zaila bizitzen ari direla”, adierazi du. Hori dela eta, aurreratu du hiru Aldundiak elkarlanean ari direla, sektore hauei zuzendutako neurriak prestatzeko. “Lehen olatuan, hiru lurraldeok lan talde osatu genuen, pandemiaren testuinguruan hartzen genituen neurriak modu adostu eta koordinatuan erdiesteko. Talde honek lanean jarraitzen du, eta bertan ari gara sektore kaltetuei zuzendutako neurriak aztertu eta ondoren forma ematen”, azaldu du.   

 

Adopzio zerbitzua

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du adopzioaren sustapen eta babes teknikoarentzako laguntza zerbitzua emateko kontratazio espedientea. Kontratuak, hasiera batean, 2 urteko iraupena izango du, eta, gehienez, 4 urteraino luza daiteke. Bere balio zenbatetsia 682.811,92 eurokoa da. “Deialdi honetan, nobedadea da post-adopzioan jartzen dugula indarra; izan ere, adopzioen inguruko errealitatea aldatzen joan da azken urteetan, eta momentu honetan puntu honetan daude beharrik handienak”, azaldu du Mendozak. “Gizarte politika arloko erabaki guztiekin bezala, esan beharrik ez dago alor honek Aldundiaren agenda estrategikoan duen garrantzia: momentu honetan, eta COVID-19 krisi betean, gure lehentasun nagusia da, ekonomia sustapenarekin batera”, gehitu du.

Adopzioak babesteko programa hau adoptatzeko eskaini diren edota jada adoptatu duten pertsonei edo familia unitateei dago zuzenduta, edota adoptatuak izan diren adingabekoei eta egoera hau dela eta babesa behar dutenei. Hiru esku hartze mota egiten dira: lehenik eta behin, adoptatzeko eskaini diren pertsonei formakuntza (hziketa zikloak antolatu, deitu eta eman; familiei banakako arreta eman; eta eragileen formakuntza eta sentsibilizazio programa); bigarrenik, adopzioaren egokitasunaren balorazio psikosoziala (lehenengo egokitasun balorazioa, eta ondorengoak; eta balorazio eta txosten osagarriak); eta hirugarrenik, laguntza zerbitzua (asignazioa egiten denean; bizikidetza hasten denean; eta adoptatu osteko laguntza: jarraipena eta aholkularitza).

 

Udalen finantzaketa

Bestalde, gaur onartu da baita ere udalen finantzaketari buruzko Foru Dekretu-araua, urriaren 19ko Gipuzkoako Finantza Kontseiluan hartu ziren erabakiak jasotzen dituena: nola egingo den defizitaren banaketan bi erakunde mailen artean, bai eta udalek gerakinak eta zorra erabiltzeko izango dituzten aukerak ere. “Erabaki hauek nabarmen indartzen dute udalen finantza posizioa, eta baliabide gehiago ematen dizkiete COVID-19ren pandemia sortzen ari den krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko”, esan du foru bozeramaileak. Arau berriak, indarrean jartzeko, Batzar Nagusien onespena beharko du.

Edukiari erreparatuta, dekretu berri honetan jasotzen da Aldundiak foru erakundeari esleitutako defizit helburuaren % 40 udalei uzten diola, joan den urriaren 19an Finantzen Lurralde Kontseiluak iragarri bezala. Horrela, Gipuzkoako udalek EAEko BPGren % 0,12ko defizita izango dute 2020an, eta % 0,11koa datorren urtean. Eurotan, urteko 79 milioi euro inguruko zifrak aurreikusi dira. Udalen banakako defizitaren helburua zehazteko, aurrez aipatutako defizit globala Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuko da.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan irailaren 30ean lortutako akordioaren ildotik, zorpetze berriak eta aurreko urteetako gerakinen erabilerak koherenteak izan beharko dute udal bakoitzari esleitutako defizit-helburuekin. Horrela, 79 milioi eurorainoko zenbatekoa duten baliabide berriak hartzeko aukera izango dute. Ildo horretan, kontu publikoak arduraz eta zuhurtziaz kudeatzen jarraitzeko deia egin die udalei Mendozak. “Erronka handiak ditugu aurrean, bai orainaldi gertuan, bai epe luzeagoan, eta administrazio publikoek gai izan behar dugu orain erantzuteko, baina biharko beharrei aurre egiteko daukagun gaitasuna hipotekatu gabe”, nabarmendu du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 178 kasu positibo daude, 18 egoitzetan banatuta: 15 Donostiako Alai-Etxen; 1 Bergarako Mizpirualden; 1 Donostiako Berran; 19 Donostiako Lamourousen; 9 Zumarragako Argixaon; 1 Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan; 19 Donostiako Txara II-n; 22 Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan; 23 Donostiako Zorroaga; 1 Zumaiako Otezurin; 1 Oiartzungo Petra Lekuonan; 1 Hondarribiko San Gabrielen; 23 Beasaingo Arangoitin; 1 Donostiako Villa Sacramenton; 20 Andoaingo San Juan Bautistan; 5 Irungo Caser Residencial Anakan; 9 Donostiako Berminghamen; eta 7 Donostiako Julian Rezolan. Hauetatik 6 ospitaleratuta daude, eta beste 102 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 50 egoiliar hil dira, eta 119 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 116 kasu positibo daude, 38 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 150 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 20 positibo berri atzeman dira, eta 2 desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan, bata egoitza batean eta bestea eguneko zentro batean. Sare honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan ez da positiborik atzeman; gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, adingabeei arreta emateko baliabideen sarean, non 400 plaza dauden, 10 positibo atzeman dira, 4 zentro ezberdinetan. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 41.812 proba egin ditu, hauetatik 5.304 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

 

  

1212