Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 20 modelo izan dira protagonista Gipuzkoako moda inklusiboko lehen desfilean

20 modelo izan dira protagonista Gipuzkoako moda inklusiboko lehen desfilean

“Guztiona eta guztiontzat” izango den desfilea antolatu du Mónica Ochotorenak zuzendutako Querida Yo moda inklusiboko guneak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat gizarte erakunderen laguntzarekin.

20 modelo izan dira protagonista Gipuzkoako moda inklusiboko lehen desfilean

18 eta 80 urte bitarteko 20 modelo ez-profesional izan dira Gipuzkoako moda inklusiboko lehen desfilearen protagonistak, gehienak dibertsitate funtzionalen batekin. Alfonbra gorria Foru Jauregiko arkupeetan zabaldu da, gaur, uztailak 15, 19:00etan. Desfilea Querida Yo moda espazio inklusiboak antolatu du, Monica Ochotorenak bultzatutako marka berriak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, AECC, ONCE, Atzegi, Agaldeprise, Agaer, Katxalin, Merkataritza Federazioaren eta Donostiako merkataritza txikiko profesionalen laguntza izan du.

Zuri-beltzean egindako 28 jantzi ikusi ahal izan dira alfonbra gorri eta “inklusiboan”, Querida Yo-ko talde sortzaileak sortu eta egokituak, dibertsitate funtzionala duten emakumeak protagonista direla, eta Gipuzkoako sei elkarteren babesarekin. Ekitaldian Borja Hernandez diseinatzaile getxotarrak ere parte hartu du, eta berak itxi du desfilea, ekitaldirako neurrira egindako sorkuntza batekin, eta Nerea Bengoetxea artista arduratu da pasabideari soinua jartzeaz bere ahots eta gitarraren bidez.

Querida Yo ekimenaren helburua da prozesu guztiak babestea, onartzea, ikusaraztea eta normalizatzea; “izan ere, gaixotasunari lotutako prozesuak eta desgaitasun edo mendetasun egoerak bizitzaren parte dira, eta horrek ez luke bazterketa egoerarik eragin behar”, adierazi du Ochotorenak. “Modak pertsonen autoestimua zaintzen laguntzen digu eta beren egunerokoan laguntzeko aukera ematen digu”; Querida Yo-ko taldeak arreta “mimatua eta pertsonalizatua” eskaintzen dio bezero bakoitzari, neurrira egindako moda bat, pertsona bakoitzaren beharretara egokitua. Mónica Ochotorenak adierazi duenez, “pertsonei beren bizitza zikloan lagundu nahi diegu, autonomia eta gizarte inklusio gorenera iritsi daitezen, bai modaren bidez, bai eta tailerren, laguntza taldeen eta jardueren bidez ere”.

“Gipuzkoak badu gizarte kohesionatua, solidarioa eta gizarte-desberdintasunen aurkako borrokan konprometitua, berdintasunaren eta justizia sozialaren alde sinesten eta borrokatzen duen gizartea”, erantsi du Maite Peñak, eta entitate sozialek eta eragileek egiten duten lana txalotu du. “Mónica Ochotorenaren eta bere taldearen konpromisoa miresgarria da, egunero ehunka emakumeren bizitza hobetzeko lan egiten dute, eta gero eta gizarte berdinzaleagoa, toleranteagoa, solidarioagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko ahaleginetan aritzen dira”, azpimarratu du diputatuak, eta nabarmendu du beti daudela prest gizartearen eskaera berriei aurre egiteko.

  

3755