Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

2018an 514 enpresa berriren sorrera bultzatu du Ekonomia Suspertzeko Planak

2018an 514 enpresa berriren sorrera bultzatu du Ekonomia Suspertzeko Planak

3.420 enpresa, eragile eta elkarterengana iritsi dira ekonomia ehuna indartzeko diru laguntzak

Foto 2018an 514 enpresa...

Ekonomia Suspertzeko Planak 2018an lortutako emaitzen lehen balantzea egin du gaur Foru Aldundiak, Diputatuen Kontseiluaren ostean. Foru erakundea 50 milioi euro ari da bideratzen urtean egitasmo horretara. Aurtengoan, 492 enpresa eta negozio berriren sorrera bultzatu du, horietatik 190 emakumezkoek sortuak, eta 39 oinarri teknologikodunak. 3.420 enpresa, eragile eta elkarterengana iritsi dira ekonomia ehuna indartzeko diru laguntzak. Horien artean, industria alorreko diru laguntzek 43.140 langileengan izan dute eragina, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur aurkeztutako datuen arabera.

“Kalitatezko enplegua eta gizarte ongizatea txanpon beraren bi aldeak dira. Lehentasun horietara zuzendu ditu Foru Gobernu honek bere ahaleginen zati handi bat”, ziurtatu du. Hala, 2018. urtean 1.902 lanpostu berri sortzea erraztu du Planak. Gainera, 100 proiektu bultzatu ditu etorkizunera begira potentzial gehien duten sektoreetan ekimen edo produktu berriak martxan jartzeko, hala nola zibersegurtasuna, zahartzea, mugikortasun elektrikoa edo gastronomia digitala. Industria sektorea eraldatzeko laguntzak ere aipatu ditu, 4.0 teknologia edo fabrikazioa aurreratua ezartzeko 112 proiekturekin: “Industria baita gure ekonomiaren motorretako bat”.       

Alor hauek bultzatzeko deialdiak aurreikusten ditu Planak: lehiakortasuna, ekintzailetasuna, langileen partaidetza, talentua erakarri eta errotzea, gure enpresen nazioarteratzea, edo ikerketa eta garapeneko euskal sarearen zentroak babestea. Ekonomiaren sustapenean eta berrikuntzan inbertutako milioi bakoitzeko, 2,6 milioi euroko inbertsioa mugiarazi du Aldundiak: “Horrek argi uzten du Planak gure lurraldeari egindako ekarpena”. Gainera, departamentu arteko enfokea dauka egitasmoak, programak eta ditu atalak bideratzen baititu industrian zein lehen sektorean, gizarte inklusioan, turismoan eta eta fiskalitatean.

Foru Aldundiaren bozeramaileak irakurketa baikorra egin du egoera ekonomikoaren gainean. Besteak beste, aipatu du langabezia era progresiboan jaisten joan dela % 8tik beheragoraino,  INEren eta EUSTATen arabera; Barne Produktu Gordina igo egin dela Gipuzkoan, 2017koaren aldean % 2,8 urteko hirugarren hiruhilekoan; enpresen sorkuntza hazi egin dela Euskadin, % 12,4 urrian, iazko hilabete beraren aldean; industria arloko ekoizpena ere hazi egin dela, batik bat Gipuzkoan, non % 5,6 hazi baita, urtearteko igoera erkatuta, urtarriletik irailera bitartean; soldaten masa ere handitu egin da, % 5 Gipuzkoan; eta zergabilketaren bolumena 4.335 milioikoa izan da urrira bitartean, % 4,6 gehiago, «oso datu positiboa dena, kontuan hartzen badugu 2017ko ekitaldiak berak marka handia ezarri zuela».

Datu horiekin batera, adierazi zuen salmentak, inportazioak eta esportazioak handitu egin direla eta GINI indizea (desberdintasun ekonomikoa neurtzen duena) hobetu egin dela, Gipuzkoan 2014ko 26,3 puntuetatik 2017ko 25,3 puntuetara murriztu baita. «Datuek erakusten dute ekonomia sasoiko dagoela, eta bizitasuna dariola. Urria oso hilabete ona izan da eta azken urteotako bilakaera positiboa izaten ari da», adierazi du. Hala ere, gogorarazi du urtearen azken zati honetan «desazelarazio zantzuak» agertu direla, eta esan du kontuan hartzekoak direla, esaterako, «zalantzak sorrarazten dituzten hainbat elementu, esaterako estatu mailako politika, mugimendu internazional batzuk edo zor krisiaren mehatxua, eta horien aurrean erne eta zuhur jokatu beharra» dugula.

Hain zuzen ere, Aldundiaren azken Soziometroak aditzera eman duen bezala, sustapen ekonomikoa eta enpleguarena dira herritarrek eskatzen jarraitzen duten lehenengo helburua, Langabezia eta krisia dira herritarren % 45,2rentzat Gipuzkoan dagoen arazo nagusia, eta % 63,6rentzat ekonomia eta enplegua sustatzea da Aldundiaren helburu nagusi-nagusia, eta horren segidan babes soziala ematea, % 20,6rentzat. «Ekonomiaren hazkundeak eta langabeziaren jaitsierak konfiantza sendotu duen arren, bizi kalitateari eusteko ziurtasunean zalantzak izaten jarraitzen dute herritarrek. Foru bozeramaileak hau adierazi du: «Honek berresten du jarraitu egin behar dugula legealdi hasieran hautatu genuen apostu estrategikoa bultzatzen: ekonomia bizkortzen, enplegu kalitatezkoa eta iraunkorra sortzen, desberdintasunak murrizten».

Ildo horretan, azpimarratu du Aldundiaren 2019rako Aurrekontua, ostiralean Batzar Nagusietan bozkatuko dena, bat datorrela, «erabat», herritarren eskakizunekin. Aurrekontuak guztira 875 milioi euro ditu, iaz baino 19 milioi gehiago (% 2,2) eta politika sozialetarako «sekula baino baliabide gehiago jaso ditu», arlo sozialera herritar bakoitzeko 542 euro xedatuko baitira, guztira 390 milioi euro, iaz baino 13 milioi gehiago, alegia. Halaber, Aurrekontuak aukera emango du agenda politiko berria gauzatzeko Etorkizuna Eraikiz egitasmo zabalaren bitartez; horren barruan, adibidez, 12 milioi euro xedatuko dira aurrez definitu diren sei erreferentzia zentroetarako, bultzada berezia emateko aldaketa klimatikoari aurre egiteko, zahartze osasuntsua eragiteko eta zibersegurtasuna eta elektromugikortasuna bultzatzeko. Gainera, Aurrekontuan zor publikoa gutxitzeko dotazioa izango du, Aldundiaren «etorkizun iraungarria» bermatzeko.

Balantze politikoa

Nabarmendu duenez, ostiralean bozketan jarriko den Aurrekontu proiektuak Foru Aldundiari aukera emango dio 2015ean hasi zuen zikloa burutzeko, «Gipuzkoa trabatuta zegoen egoeratik irten eta epe luzera begira dituen etorkizuneko erronkei gogor ekin ahal izateko». Datorren urtean hainbat karpeta itxiko dira, besteak beste, hondakinen kudeaketarena, eta lurraldeko errepide nagusien sarearena, eta agenda politiko berriari ekingo zaio, lankidetza oinarri hartuta gure sare ekonomiko eta soziala eraldatukoz».

Gaineratu duenez, errealitate horrek agerian jartzen du Foru Gobernuak "herritarrei emandako hitza eta konpromisoa" bete dituela, "Gipuzkoa indartsuago bat utziko duelako ekonomikoki zein sozialki, aurreko legealdian          ez atzera eta ez aurrera zeuden arazoak konpondu egin dituelako, fokoa geroan jarriz Etorkizuna Eraikiz ekimenarekin, eta gobernanza eredu berria finkatzea lortu duelako. Eredu hori elkarlanean oinarritzen da: eragile sozial eta ekonomikoekin, unibertsitateekin eta ezagutza duten sareekin, eta herritarrekin, lurraldeak dituen proiektu nagusiak diseinatu eta garatu ahal izateko. Politika zaharren forma eta denborak, eta dinamika partidistak gainditzen ditu eredu berri horrek. Uste dugu hori dela bidea gipuzkoarrek Aldundian duten konfiantza sendotzeko, eta desafekzio politikoa atzean uzteko", azaldu du. 

Lasaren esanetan, legealdi honetan zehar foru erakundeak egindako lanak bi ezaugarri eduki ditu: "kudeaketa eraginkorra" eta "sendotasun politikoa". Elkarbizitza eta normalizazio politikoan ere lurraldeak emandako aurrerapausoak goraipatu ditu. "Uste dugu herritarren begi onez hartzen dituztela egindako apustu nagusiak, etorkizunarekin lotuta daudenak bereziki, baina argi daukagu ere gobernantza eredu berri horren, errefrentziazko zentroen eta esperimentazio proiektuen eraldaketaren gaitasuna, haien inplikazio mailaren arabera izango dela neurri handi batean, maiatzean izaten diren emaitzetatik haratago. Etorkizu berria behar dugu politikoki, ekonomikoki eta sozialki. Baita sistema instituzional berritu bat ere".

Haren ustetan, "aldaketa hori ez da posible izango, ez orain arte egindako guztia suntsitu nahi baldin bada, eta ezta jarrera partidistak eta betoak ezartzen baldin badira ere. Etorkizuna guztion artean eraikitzea da erronka, gizartea erdigunean eta aldaketaren lidergoan kokatuta. Soilik horrela lortuko dugu Gipuzkoaren lorpenak eta nortasun ikurrak indartzea: lehiakortasuna, gizarte kohesioa, aniztasuna eta berdintasuna", ziurtatu du.

300.000 euro Elkargirentzat

Era berean, Diputatuen Kontseiluak onartu du Elkargi, Elkarrekiko Berme Elkartearen (EBE) hornidura teknikoen funtsa indartzea, 300.000 euroko diru laguntza batekin. Babes horrekin, kreditu abalatuen zenbatekoa handiagoa izango da, eta lan ildo berria txertatuko da emakumeek sortutako eta emakumeak partaide diren enpresentzat, negozio bat sortzeko emakumeek egin behar duen ahalegin erantsiari aurre egiteko.

Neurri berri horrekin, Aldundiak jarraipena emango dio 2016ko uztailean Elkargi eta Oinarrirekin batera abiarazitako finantzaketa tresna berriari. Horri esker, lurraldeko enpresek diru babesa eskura dezakete, kaudimen eta gaitasun teknikoa duten finantza entitateen aurrean abalak aurkeztuz, arlo hauekin lotutako proiektuentzat: berrindustralizazioa eta enpresa eraldaketa, langileen partaitzetza, nazioarteratzea, eta enpresa proiektu berrien sustapena. Lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta, ahalbidetzen da konpainia txiki eta ertainek kredituak eskuratzea.

Lasak “arrakastatsutzat” jo du ekimena. Izan ere, martxan jarri zenetik, 39 enpresek jaso dute babesa: 19 berrindustralizazioa eta enpresa eraldaketaren arloan; 15 oinarri teknologikoko enpresa berri edo startup; 3, kapitalean langileen partaidetza ahalbidetuz; eta 2, nazioarteratzearen arloan ekimenak hartzeko. 33 milioi euroko inbertsioa mugiarazi da guztira, abalen eskaintzari esker.

Etxebizitza lagapena Zarautz

Azkenik, Kontseiluak onetsi du Zarauzko Udalak egin duen erabilera lagapena, Ipar kaleko bost zenbakiko eraikineko lehenengo solairuan dagoen etxebizitzarena. Lagapena 15 urterako egiten da, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako bizileku gisa erabiltzeko.  Eraikinaren lehenengo solairu osoa hartzen du etxebizitzak, eta 108 m2-ko azalera dauka. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusitako beharrak garatzeko plangintzan kokatzen da neurria, beharrezkotzat jotzen baita buruko gaixotasuna dutenentzako bizileku gisa erabiltzeko baliabide edo ekipamendu sozial gehiago jartzea, zehazki, Urola Kostako eskualdean.

  

459