Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2020ko aurrekontuak osatzeko prozesua martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak

2020ko aurrekontuak osatzeko prozesua martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Datorren urteko Errenta kanpainarako lan poltsa ere abian du foru erakundeak, eta eskaerak gaurtik aurrera aurkeztu daitezke

2019/07/09

2020 urteko aurrekontuak osatzeko beharrezkoak diren irizpide ekonomiko eta teknikoak onartu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Honenbestez, martxan da datorren urteko aurrekontuak eratzeko prozesua. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, jarraipeneko kontuak izango dira 2020koak, azken urtetako aurrera pausoak egonkortu eta lurraldea hazkundearen bidean mantentzen lagunduko dutenak. Zifrarik aurreratu gabe, departamentu gehienek aurtengo zuzkidurak mantenduko dituztela adierazi du Mendozak. Salbuespena gizarte politiken arloan egongo da, “esparru hau hazi egingo baita, gizarte babeserako sistema indartzeko egiten ari garen ahaleginaren testuinguruan”.
Mendoza gaur agertu da lehen aldiz bozeramaile bezala Diputatuen Kontseilu osteko agerraldian. Hasi berri den legealdian, astero izango du hitzordua hedabideekin, foru Gobernuak hartzen dituen erabakien berri emateko. Bere hitzaldian, foru bozeramaileak adierazi du gaurko bilkuran onartu den neurririk garrantzitsuena dela datorren urteko aurrekontuei forma ematen hasteko beharrezko diren irizpide tekniko eta ekonomikoen onarpena. Mendozak gogoratu duenez, helburuetara bideratutako aurrekontuekin ari da lanean Foru Aldundia duela bi urtetatik hona. Honela, aurrekontuak “kreditu esleitzaile hutsal izatetik gure kudeaketa politikoaren isla fidelagoa izatera pasa dira”. Horregatik aurreratu da aurrekontuak osatzeko prozesua udara aurreko hilabeteetara. 
Gaurko Diputatuen Kontseiluan hartu den erabakiak hiru elementu ditu: aurrekontuen aurretiazko irizpide ekonomikoak, azalpen teknikoak eta aurrekontuaren egutegia. “Irizpide ekonomiko eta teknikoekin, departamentuek datorren urterako dituzten gastu aurreikuspenak lantzen hasi dezakete, hilabete bukaeran Diputatuen Kontseiluari aurkezteko”, zehaztu du. Hasiera batean, ez da aurreikusten hazkunderik departamentuen zuzkiduretan, gizarte politika salbu, betiere Gastu Arauak ezartzen duena errespetatuz. Gainera, Aldundiak aurreko urteetan hartu dituen gastu konpromisoak ere betiko ditu, proiektu estrategikoak edota bide azpiegiturak bezalako arloetan. 
Honela, aurrekontuak osatzeko prozesuaren hurrengo mugarria hilabete bukaeran izango da, foru departamentu eta entitate ezberdinek osatu dituzten proposamenak Diputatuen Kontseiluari aurkezten dizkiotenean. Irailean, agertoki ekonomikoa aurkeztuko zaio Diputatuen Kontseiluari eta, topaketa berean, behin betiko irizpide ekonomikoak onartuko dira. Ondoren, urriaren amaieran, aurrekontuen proiektua Diputatuen Kontseilutik pasako da, lehenengo, eta Batzar Nagusietan aurkeztuko da gero. Azkenik, azaroa eta abenduan, Ganbera honetan eztabaidatu eta bozkatuko da. 
“Diputatu nagusiak inbestidura saioan esan bezala, Aldundi bezala hainbat helburu estrategiko ditugu: kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomia lehiakorra bultzatzea; gizarte babeserako sistema eta justizia soziala indartzea; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren transformazioan aurrerapausoak ematea”, gogoratu du Eider Mendozak. Honela, adierazi du datorren urteko aurrekontuak “erreminta bat gehiago” izango direla, helburu hauek gauzatzeko ahaleginean. 

 

Lan poltsa Errentarentzako
Bestalde, foru bozeramaileak iragarri du martxan dela baita ere urteroko Errenta kanpainarako erdi mailako teknikarien lan poltsa, atzo argitaratu baitzen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ekimen honen helburua Ogasun eta Finantza departamentua indartzea da lan teknikoetan, herritarrei harretan edota zalantzak argitzen, beste hainbat funtzioren artean. “Aurten, berritasun nagusietakoa deialdiaren data da, aurreratu egin baitugu: normalean udazkenean egin ohi dugu, baina orain uztailera aurreratu dugu, interesa dutenei denbora gehiago eman eta jende gehiago erakartzea helburu”, azaldu du Mendozak. Zehaztu duenez, eta gaurtik hasita, interesa dutenek 15 egun balioduneko epea izango dute eskariak aurkezteko. 
Lan poltsan sartzeko, hautagaiek ezagutza froga gainditu beharko dute, eta euskararen 3. Hizkuntza Profila egiaztatu. Aurten, aurreko urtean bezala, 86 dira eskaintzen diren plazak: 10 plaza inguru sei hilabetetarako izendatuko dira, urtarriletik ekainera, eta Errenta kanpaina zein BEZaren arloko iruzurraren aurkako kanpainetan egingo dute lan; beste 30 langile inguru sei hilabetetarako izendatuko dira, apiriletik irailera, eta Errenta kanpaina eta honen itxierako lanak egingo dituzte; eta, azkenik, beste 46 plazak hiru hilabetetarako izango dira, apiriletik ekainera, eta Errenta kanpainan egingo dute lan. Deialdiari buruzko informazio guztia atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dago jasota. 
Azkenik, BEZaren arloko iruzurraren aurkako borrokari dagokionean, aitorpen mekanizatua mantentzen da, eta aitortutako BEZa egiaztatzeko lan lerro berriak irekitzen dira. Mendozak gogoratu du azken urtean jarri zela lehen aldiz martxan zerbitzu aitzindari hau, eta hurrengo kanpainan egonkortu egingo dela. Zergadunak bere BEZ aitorpena aurkeztu beharko du eta gero, itzultzera ateratzen bazaio eta BEZaren erregimen sinplifikatuan badago, Ogasuneko bulegoetan jaso dezake itzulketa. “Honela, nabarmen arintzen da prozesua, Ogasunaren eraginkortasuna hobetuz betiere zergadunaren mesedetan”, azaldu du foru bozeramaileak. Gainera, gehitu duenez, aitorpena modalitate sinplifikatuan eta operazio bolumen txikia duten zergadun autonomoei egiten die mesede neurriak (lehen sektorea, merkatari txikiak, ostalaritza…).

  

1585