Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2022ko martxoaren 2 eta 3an egingo da Ficoban Go Mobility by MUBIL feria

2022ko martxoaren 2 eta 3an egingo da Ficoban Go Mobility by MUBIL feria

Ekimena Europa Hegoaldeko erreferentziazko hitzordu bezala egonkortu da, eta mugikortasun berriaren balio kate guztiko eragileak elkartuko dira bertan.

2022ko martxoaren 2 eta 3an, Go Mobility by MUBIL feriak bere hirugarren edizioa egingo da Ficoba Irungo Erakusketa Azokan, “mugikortasun berriaren orain eta etorkizuna” lemapean. Erakusketa industrial hau MUBIL Fundazioak bultzatzen du, Ficobaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Bertan, mugikortasun berriko balio kate guztiko eragileak elkartzen dira, merkatuan dauden soluzio teknologikorik aurreratuenak aurkezten dituztenak. Jabier Larrañaga MUBIL Fundazioko presidenteak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, "lurraldea mugikortasun berriaren mapan kokatzen laguntzen du, Europa hegoaldean erreferentziazko hitzordu bihurtu baita topaketak. Feriak sekulako ekarpena egiten du ezbairik gabe, MUBIL erakundeak Euskadirako eta Gipuzkoarako bultzatzen duen mugikortasun berriari buruzko agenda zabaltzeko funtsezko erreminta baita".

2018 urtean egin zen lehenengo ediziotik, mugikortasunaren sektorea asko aldatu da, eta Euskadin eta Gipuzkoan hainbat ekimen gauzatu dira, hala nola MUBIL bera (www.mubil.eus), Mugikortasun Berriaren Zentroa eta Mugikortasun Berriaren Poloaren epizentroa, Etorkizuna Eraikiz foru ekimenaren babespean sortua. Sektoreak izan duen bilakaera hori azokaren izenean bertan islatu da, eta hemendik aurrera Go Mobility by MUBIL izena izango du. Horrela, ikustarazi nahi da hitzordu hau MUBIL enpresak bultzatutako mugikortasun estrategiaren erakusleihoa dela, bai eta sektore horretako ekosistema osoarena ere, non Gipuzkoak eta Euskadik balio kate osoan zehar banatutako industria sare esperientziadun eta berritzailea duten.

Hala, azoka topagune gisa finkatzea espero da erreferentziazko enpresentzat, Europa mailan puntakoak diren teknologia zentroentzat, kluster dinamiko eta espezializatuentzat, talentua biltzen duten unibertsitateentzat, lanbide heziketako zentroentzat, ekintzaileentzat eta startup-entzat, bai eta mugikortasunean irtenbide berritzaileak definitzen eta hedatzen aitzindari diren eragile publikoentzat ere. Mugikortasunaren eraldaketa ere kontzeptu berri batean islatu da, eta kontzeptu horrek ez du soilik iraunkortasuna azpimarratzen, baizik eta mugikortasuna funtsezko lau ezaugarrik definitzen duten jarduera gisa ikusten du: garbia, konektatua, segurua eta irisgarria.

Lau irizpide horiek kontuan hartuta, Go Mobility by MUBIL topaketaren hirugarren edizioak merkatuaren azken berrikuntzak erakutsiko ditu, ikuspegi industrial eta digital bikoitzetik, eta Europa Hegoaldean erreferentziazko hitzordua izaten jarraitzeko helburua izango du, oraingo eta etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren ekosistemako eragile guztientzat. Era berean, balio erantsi handiko trukeak sustatzeko, proiektu berritzaileak bultzatzeko eta lurraldearen eraldaketa industriala bultzatzeko topagune bihurtu da dagoeneko ekitaldia, eta horretan sakontzea bilatuko da.

  

1836